AKTUALITATEA


| 2020-05-24 10:34:00

 

3.127.326 km egitea!

Dinamika hau erronka batean oinarritzen da: 3.127.326 Km egitea!, Euskal Herriak duen biztanle-kopurua, hain zuzen ere. “Hiru milioi kilometro egiten hasiko den hiru milioi biztanleko herri bat, xede bakarrarekin: bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea”.

Horretarako, Sarek mugikorrerako aplikazio bat jarriko du martxan eta, horren bidez, aldarrikapen horretan parte hartu nahi duen pertsona edo elkarte orok izena eman ahal izango du eta bere kilometroak egin ahal izango ditu, gainerako biztanleenarekin bat eginez. 

 

"Orain da momentua: datozen urteetan presoen egoerari aterabidea eman behar diogu"

Egun bizi dugun egoerak inoiz baino argiago utzi du espetxeetan bizi den egoera eta salbuespen legediak dakartzan ondorio krudelak. Preso eta iheslarien auzia konpontzeko aukera ireki behar da eta horretara dator Sareren dinamika berria.

Dinamikaren asmoa, argia da: gizarte aktibazioa handitu eta zabaldu eta Gobernuek abiatutako bidea finkatu. Azken finean, oraindik irtenbide beharrean dauden auziak konpontzea da asmoa eta iraganeko zauriak konpontze bidean ere urratsak eman.

 

Ibiltarien printzipioak

1. Gure iragan bortitz hurbilenaren ondorioak eta, bereziki, oraindik ere ehunka preso eta erbesteratu dituen egoera hau behin betiko gainditzea nahi dugun ibiltariak gara.

2. Eragile aktibo izan nahi dugu. Euskal preso eta erbesteratu guztiak etxeratze prozesua garatu ahal izateko adostasun politiko eta soziala lortu nahi dugu.

3. Elkarbizitzan eta erabateko eta behin betiko bakean oinarritutako aro berri batera eramango gaituen bidea elkarrekin egin nahi dugun ibiltariak gara.

Bide hau garatzea guztion onurarako da: euskal gizartearentzako onuragarria, herri oso batentzako onuragarria.

 

Datorren maiatzaren 29an, batu zaitez ibiltarien sarera eta IZAN BIDEA!

 

Informazio gehiago: sare.eus