AKTUALITATEA


| 2022-10-24 18:37:00

Ikoitz Arrese EH Bilduren legebiltzarkideak, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza-Batzordean egindako interbentzioa (Gasteiz, 2022ko urriaren 24an). Argazkian, Ikoitz Arrese bera eta Guruzne Carrasson, Sopelako EH Bilduren bozeramailea, gaur legebiltzarrean.

 

1. MASIFIKAZIO-ARAZOA. Zipiriñeko eskola publikoko hezkuntza-komunitateak duela 10 urte baino gehiago salatu zituen eskolaren masifikazio-arazo larriak. Arazo horiek eragin zuzena dute Sopelako haurrei eskaintzen zaien irakaskuntzaren kalitatean. Barrakoiak, porlana, ikasleen afinamendua (ikasgela urriak, gimnasio eskasa...), zerbitzuen defizita (liburutegia, psikomotrizitate gelak, musika gelak...). Ikastetxeko zuzendaritzak, ordezkaritza sindikalak, langileak, guraso-elkarteak eta Zipiriñeko familiak, guztiek eskatzen dute ikastetxearen egoera prekarioa behin betiko konpontzea.

 

2. EGITURA-ARAZO BATERAKO ADABAKIAK. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adabakiak (egoeraren araberako epe motzeko neurriak) baino ez dizkio jarri Zipiriñeko eskola publikoaren egiturazko masifikazioaren arazoari. Horrela, Hezkuntza Sailak abian jarritako epe motzeko neurriak ez dira nahikoak izan arazoa bideratzeko. Sopelako Udalak hartu ditu neurri horietako batzuk bere gain: Udalak Zipiriñeren ondoko kale oso bat laga dio Eusko Jaurlaritzari (Goiene kalea), bi erakunde publikoen artean sinatu beharreko hitzarmenik gabe (hau da, lagapen irregularra izan da) eta Jaurlaritzak Sopelako Udalari kale hori birmoldatzeko gastuak ordaindu gabe. Azken batean, hezkuntza saila zorretan dago Sopelarekin.

 

3. PARTE-HARTZE PROZESUA. 2020ko urtarrilean, Sopelako Udalak parte-hartze prozesu bat antolatu zuen eskola-komunitatearekin, Zipiriñeren masifikazio-arazo estrukturalei behin betiko konponbidea emango zien alternatibarik egokiena zein zen erabaki zezan. Gehiengo handiarekin, hezkuntza-komunitateak erabaki zuen irtenbidea eraikin berri bat zela Zabalbide kaleko aparkalekuan: Loroñoko aparkalekua.

 

4. KORPORAZIOAREN LAGUNTZA. 2020ko martxoko osoko bilkuran, Sopelako Udaleko udalbatzak, Josu Landaluze alkatea (EAJ) korporazio horren ordezkari nagusi gisa, adierazpen instituzional bat onartu zuen, 2020ko urtarrileko partaidetza-prozesuan eskola-komunitateak aukeratutako proiektua berea eginez eta konpromiso zehatz bat bere gain hartuz: Udalak beharrezkoak diren udal-izapideak egingo dituela Hezkuntza Sailari behar diren lursailak lagatzeko, egungo Zipiriñeko eskola publikoari atxikitako haur-hezkuntzako eraikin berri bat eraikitzeko asmoarekin.


5. HEZKUNTZA SAILAREN ERANTZUN ESKASA. Orain arte, Hezkuntza Sailak emandako erantzuna ez da batere nahikoa izan. Zehazki, erantzuna izan da hurrengo bi ikasturteetako matrikulazio-datuak aztertuko dituela. Zipiriñeren masifikazio arazo estrukturala ez da epe laburrean ebazten: Sopela eskualdeko burua da Uribe Kostan. Herri gaztea da eta hazten ari da. Berebiziko garrantzia duten bi hirigintza-sektore garatzen ari dira. Sopelako EAJren kudeaketa interesatua dela eta (nahiago izan du txaletak egitea BOEak baino), Sopelako etxebizitza publiko gehienak kokatuko dira bertan: Abaron (500 etxebizitza, horietatik 390 BOE) eta Erripan (194 etxebizitza, horietatik 170 BOE). Izan ere, Sopelako Udalak aurreikusi duenez, indarrean dagoen plangintzaren arabera udalaren eraikuntza-ahalmena agortuz gero, hurrengo urteetan Sopelan 4.451 eta 4622 biztanle arteko populazio-hazkundea egongo litzateke. Beraz, Sopela hazten ari da, eta Zipiriñeren masifikazio-arazoa areagotu baino ez da egingo epe ertainean.

 

6. HEZKUNTZA SAILA ZORRETAN DAGO SOPELAREKIN. Udalerri honek egoera larrian eta prekarioan ditu bere ikastetxe publikoak. Bai Iberreko institutu publikoak bai Zipiriñeko eskola publikoak masifikazio-arazo larriak dituzte. Hezkuntza saila zorretan dago Sopelarekin. Hezkuntza duina eta kalitatezkoa lortzeko, EH Bilduk (bai Legebiltzar honetan, bai Sopelako Udalean) konpromiso formal eta zehatza eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, ahalik eta azkarren gauza dezan Sopelako hezkuntza-komunitateak eskatutakoa: hezkuntza-eraikin berri bat.