AKTUALITATEA


| 2023-03-13 13:18:00

EAJ/PSE gobernu-taldea galduta dabil mugikortasun iraunkorreko gaietan. Bere proposamenak, behin eta berriz, auto pribatuaren zirkulazioa bultzatzera bideratuta daude. Horren adibide da udaletxetik gertu dauden semaforoak kentzea, trafikoa arintzeko neurri gisa. EH Bilduk inguru horretan trafikoa baretzeko neurriak ezartzea eskatu du, haurren eta adinekoen segurtasuna bermatzeko eta oinezkoei lehentasun handiagoa emateko, Sopelako erdigunea leku atseginagoa bihurtuz.


Urtarrilean, Loroño eta Sabino Arana kaleetan trafikoa baretzeko neurriak hartu behar direla planteatu genuen Hirigintzako Informazio Batzordean. Izan ere, gobernu taldeak bi kale horietako semaforoak kendu ditu, gure ikuspuntutik, oinezkoek bi zebrabide horietan duten segurtasuna eta lehentasuna gutxituz.


EAJko zinegotziek adierazi zuten semaforoak kentzea herriaren erdigunea erdi-peatonalizatzeko proiektuarekin lotuta dagoela, eta helburua trafikoa arintzea dela, Sabino Arana eta Sertutxa kaleen arteko elkargunean gertatzen diren auto-ilarak direla eta. Esaten zuten ez dagoela arriskurik oinezkoentzat.


EH Bilduk uste du arriskua egon badagoela oinezkoentzat. Trafikoa baretzeko proposatzen ditugun neurriek asmo handiagoa dute: uste dugu zonaldeko segurtasuna bermatzeaz gain (batez ere haurrena eta adineko herritarrena), oinezkoek automobilaren aurrean duten lehentasuna indartu behar dela, hau da, Sopelako zentroa pertsonentzat leku atseginagoa bihurtu behar dela. Eta horrek auto pribatuaren fluxua erraztearen konra dago.