AKTUALITATEA


| 2020-05-01 11:21:00

"Esaten zuten langile-klasea jada ez dela existitzen. Ahalik eta mundu onenean bizi ginela. Inoiz ezagutu ez den sistema ekonomikorik onena geneukala. Kito! Gezurretan ari ziren, eta gezurretan ari dira. 

Gaur, konfinamenduaren lubakia partekatzen dugula, osasuna edota lana galtzeari beldur diogun honetan, ikusten dugu neoliberalismoa ez dela gaitz guztien soluzioa. Ez garela ahalik eta mundu onenean bizi. Tamalez, elite ekonomikoentzat, gure bizitzek euren etekinek baino gutxiago balio dutelako.

Eta hala eta guztiz ere, optimistak gara! Bai, optimistak gara gure herriaren historiaren hari gorriak, Euskal Herriko langile-klasea buru duenak, hortxe jarraitzen duelako. Hortxe zegoen herenegun, gure aitona-amonak euren eskubide eta askatasunen alde borrokatzen zirenean. Hortxe zegoen atzo ere, gure gurasoek kaleak hartu zituztenean lan-baldintza duinak aldarrikatzeko. Eta hortxe dago gaur, bizitzaren taupadei eutsiz.

Guztien ongizatea eta elkartasuna banderatzat hartuta. Gaur jende gehiagok ikusten du gure herrian bizitza duinak ahalbideratzeko elkar zaindu behar dugula. Beti. Uneoro. Zaintza barik ez dago ezer, ez ekonomiarik, ez bizitzarik.

Gaur jende gehiagok daki Euskal Herrian zuek gabe, osasun-zentroetan jarduten zaretenok, merkataritzan, banaketan, garraioan, garbiketan, erresidentzietan... Hamaika aurpegitako milaka langilerik gabe, zuen osasuna bera ere arriskuan jartzen duzuenok, ez dagoela bizitzako tarterik. Zuen esfortzuarekin eta zuen borrokarekin, bizirik mantentzen dituzue memoria eta borroka nobleenaren haria. Gizon-emakume libreek berdintasunean eraikitako jendarte eta herria. Ez zarete heroiak. Egunero herri hau altxatu eta sostengatzen duzuenak zarete. Klaserik onena zarete. Eta batez ere, herri honen motorra eta bihotza zarete. Berandu baino lehen, herri eta hirien kaleak hartuko ditugu berriro, elkarrekin, eskuz esku, merezi dugun herria eraikitzeko. GORA MAIATZAREN LEHENA!".

Oskar Matute burkidearen hitzak, maiatzaren baterako!