EH Bilduk, Sopela eta Uribe Kosta mailan, bi proposamen aurkeztu ditu udalerrian eta eskualdean garraio publikoa hobetzeko eta, beraz, erabilera sustatzeko. Proposamen horiek Bizkaibuseko lineei eta metroaren maiztasunari buruzkoak dira.
Sopela, Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizko udalek eskaera formal bateratua egin diote Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailari eskualdeko autobus-lineen sarea berrikusteko eta aztertzeko, hiriarteko garraio-zerbitzua epe laburrean esleituko dela aintzat hartuz.
Udal bakoitzak bere ekarpenak egin ditu, eta Sopelako Udalak (EHBildu, Elkarrekin) egindakoen artean ondorengoak aipa ditzakegu: Atxabiribil (Kukullu) eta Arrietara auzoetako bizilagunak A3451 Areeta-Armintza linearekin sarbide zuzena izatea eta gune bi hauen bizilagunak Urdulizko ospitalearekiko konexioa erraztea; honez gain, A2166 Uribe Kosta – UPV/EHU linearako maiztasunak handitzea ere eskatzen da, ikasketak egiten ari diren sopeloztar gazteen eskaera kontuan hartuz.
EHbilduk zuzenketa bat aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak 2024ko aurrekontuetan Garraio Partzuergoari hiru milioi euroko transferentzia egin diezaion eta metroaren maiztasuna Urdulizeraino igo dadin. Kopuru horren bidez, egin beharreko egokitzapenak egin nahi dira, eta zerbitzu arina eman nahi zaie Berango, Sopela, Urduliz eta ospitaleari, trenbideak bikoizteko inbertsio handirik egin beharko ez luketelako.
Zoritxarrez, zuzenketa hori atzera bota dute Foru Aldundiko batzordean, aurkako 9 botorekin (EAJk 7 eta PSEk 2), eta aldeko 5ekin (EH Bilduk 4 eta Ahal Duguk 1). Hori dela eta, EHBilduk aldarrikapen bera mantenduko du Garraioen Partzuergoan eta Eusko Legebiltzarrean.
Garraio publikoaren aldeko apustuak zalantzarik gabea izan behar du, mugikortasun-arazo guztiak konpondu behar ditu, eta komunitatearentzat funtsezkoak diren zerbitzuetarako sarbidea bermatu behar du. Beraz, Bizkaiko Foru Aldundian gertatutakoa onartezina da. Bolo-bolo erabiltzen dituzte hainbat kontzeptu: larrialdi klimatikoa, alternatiba iraunkorrak... baina ez dira gai konponbideak bilatzeko. Gero eta nabariagoa da EAEko erakundeen egungo arduradunen ezintasuna gure gizartearen errealitate berriei erantzuteko eta gero eta nabariagoa instituzio hauen gobernantzan aldaketaren beharra.
Bai Bizkaibusen bai metroaren zerbitzua ez dira udalaren eskumenekoak, baina Sopelako EHBilduk aurkeztutako udal-hauteskunde-programaren % 100ari erantzuten diote eskaera hauek. Programa horretan, hitzez hitz, hau esaten genuen: “Sopelbus zerbitzua sustatu, Bizkaibus indartu (Arrietara, Atxabiribil, UPV/EHU) eta Metroaren maiztasunak handitzea aldarrikau (Sopela eta Urduliz)”