AKTUALITATEA


| 2024-02-19 23:01:00

Sopelako Udalak, alkatetzan EHBildu duela, 5.400 m2-ko partzela bat jarri du Eusko Jaurlaritzaren esku Loroño inguruan hezkuntza-erabilerarako.

Erantzun positiboa Sopelako hezkuntza-komunitateari

Lurzati horren lagapena Sopelako hezkuntza-komunitatearen eskariari erantzuten dio; izan ere, urteak daramatza Zipiriñeren espazio faltari behin betiko irtenbidea emateko eskatzen eta 2021eko urtarrilean egindako partaidetza-prozesuan hautatutako proposamena izan zen. Prozesu hori Sopelako udalak kontratatutako Ibatuz enpresak kudeatu zuen eta bertan hezkuntza-komunitateko 390 kidek hartu zuten parte, horietatik 304 ( % 78) ikastetxe berri baten alde agertu ziren partzela horretan. Harrezkero, alternatiba hori defendatu du Hezkuntza Mahaiak (Zipiriñe eta Iberre hezkuntza-komunitateek eta udal-taldeek osatutako foroak).

Eraginkortasuna eta azkartasuna hezkuntza-komunitateari erantzutean.

8 hilabete baino ez dira igaro EHBildu Sopelako alkatetzara iritsi zenetik, eta tarte labur honetan egokitu beharreko hirigintza-arau guztiak eta egin beharreko izapideak bideratu egin dira (hasierako onarpena, onarpen partziala, alegazioak eta behin betiko onarpena), eta urrats horiek guztiak adostasun-giro baten barruan lortu dira udalean: behin betiko onarpenak EH Bildu, Elkarrekin Sopela, EAJ/PNV eta PSE-EEren baiezko botoa jaso zuen (guztira 16 zinegotzi), AVS/ASSren abstentzioarekin.

Erantzun positiboak ematen jarraitu nahi dugu

Sopelako hezkuntza-komunitatearen proposamena bikoitza zen: Zipiriñerako Loroñoko lursailaz gain, Abaroko lurretan Iberreko institutua handitzea aurreikusten zen. EHbilduk konpromisoa hartu du lanean jarraitzeko eta beharrezkoak diren izapide guztiak desblokeatzeko, partzela hori ere Hezkuntzari laga ahal izateko eta Iberrek bere batxilergoa izan dezan. Ez da gai erraza: Sopelako Auzo Elkarteak jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoak segurtasun juridiko eta ekonomiko eza handia sortzen baitu.

Eusko Jaurlaritzak ezin ditu eskuak garbitu

Urteetan zehar, Eusko Jaurlaritzak Sopelako hezkuntza-premiei eman dien erantzun bakarra aurrefabrikatuak jartzea izan da, eta "2019/23 Hezkuntza Azpiegituren Planean", gure herriaren beharrak ez ziren aipatzen. Orain, udalak 5.000 m2 baino gehiago bere esku jarri dituenean, eta Abaron 2.000 m2 baino gehiagoko beste bat desblokeatzeko konpromisoa hartu duenean, Eusko Jaularitzak dio 8.150m2-ko lursail bakarra nahi duela Sopelan bi IPI sortzeko (Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe integralak), bata Loroñon eta bestea Zipiriñen, eta egungo Iberre Batxilergorako bakarrik erabiltzeko. EHBilduk ere ildo horretan lan egingo du, baina Sopelako hezkuntza-komunitatearen eskaria ez zen hori, eta aitzakia berri bat dirudi prozesu osoa atzeratzeko, urteak eta urteak daramatzan bezala.