AKTUALITATEA


| 2021-05-26 16:23:00

Sopelako Udalaren datorren Osoko Bilkura honetan, maiatzaren 27an, bozkatuko egingo da EAJk eta PSEk osatutako gobernu-taldearen proposamena, Sopelako udal-kiroldegiaren kudeaketaren ingurukoa: 15 urterako lizitazioa (beste 5 urteko luzapenarekin), klausula sozialik gabe (hau da, langileei gutxieneko lan-baldintza duinak ezarri gabe) eta enpresa pribatuen esku utziz, udal kirol-instalazioetako inbertsio berriak egitea. EH Bilduk ez du proposamen hori babesten; izan ere, gure ustez, EAJ eta PSEren proposamenarekin Sopelaren etorkizuna hipotekatzen da kirol-instalazioen kudeaketari dagokionez: kiroldegiaren eta etorkizuneko inbertsioen udal-kontrola gal daiteke, gutxienez 4 legegintzalditarako, eta horrek eragin negatiboa izango luke sopeloztarrei eskainitako zerbitzuaren kalitatean. EH Bilduk, aldiz, epe laburreko lizitazio plegu bat proposatu du, udal inbertsio garrantzitsuenak kontuan hartuko ez dituena eta kiroldegiko langileei lan baldintza duinak ezarriko dizkiena, zerbitzuaren kalitatea eta eraiki beharreko instalazio berrien kontrol publikoa ziurtatzeko helburuarekin.


Duela 16 urtetik hona, Sopelako udal kirol-zerbitzuak SERVIOCIO/BE ONE enpresari esleitu zaizkio. Enpresa horrek kostuen murrizketan (instalazioen mantentze eskasa) eta langileen lan-baldintzen prekarizazioan (lan-gatazken sortzaile) oinarritutako kudeaketa egin du, eta horrek sopeloztarrei eskainitako zerbitzuaren kalitatean eragin du.


Joan den legealditik, EAJk bazekien Serviocio/Be One enpresaren kontratua amaitzen ari zela. Izan ere, 2020ko apirilean amaitu zen. Orain arte, kiroldegia kontratu horren luzapenetan oinarritu da. Kontratuaren azken eguna uztailaren 31 izango da, eta maiatzean aurkeztu dizkigute oposizioko alderdioi lizitazio-pleguaren proposamena, batere gustatu ez zaizkigun ezaugarriekin.


EAJ-PSE gobernu taldeak 15 urterako lizitazio plegu bat proposatu du, beste 5 urterako luzapenarekin. Plegu horretan ez dira jasotzen kiroldegiko langileen lan-eskariak, eta, beraz, udal-zerbitzu horren prekarietatean eta gatazketan sakonduko litzateke. Bestalde, enpresa arduratuko litzateke inbertsioak egiteaz, eta Udalak galdu egingo luke Sopelan instalazio berriak eraikiko lituzketen enpresen gaineko kontrola, inbertsio horiek enpresa pribatuen esku utziz modu arbitrarioan eta kontrol publikorik gabe. Azken batean, hurrengo 4 edo 5 legegintzaldietan enpresa handi bati lotzen gaituen proposamena da jeltzaleena, Sopela hipotekatzen duen proposamena gure kirol-zerbitzuetan hobekuntzak planteatzeko orduan.


Gobernu-taldeak alde bakarrez diseinatu ditu kontratazio-pleguetan aipatzen diren kirol-instalazioak: herritarrei galdetu gabe, oposizioko taldeen babesik bilatu gabe, instalazio zehatz horiek justifikatzen dituen azterlan teknikorik gabe... EAJren erabaki arbitrarioa da. Izan ere, 15 eta 20 urte bitartean herriari zerbitzua emango dioten kirol instalazioez ari gara. Horrelako erabaki garrantzitsu bat ezin da gutxiengoan dagoen gobernu talde baten esku utzi, oposizioarekin kontrastatu gabe eta sopeloztarren artean Sopelarentzat nahi dituzten kirol instalazioei buruzko eztabaidarik eman gabe.


Oposizioa osatzen dugun alderdi guztiok (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta DBTU) epe laburreko kontratu berri bat lizitatzea proposatu dugu, horrela, uztailaren 31tik aurrera kirol-zerbitzua ematea, gaur egun lan-erregulazioko egoeran dauden langileak berriro lanean hastea eta ikastaroak berrabiaraztea ziurtatuz. Eh Bilduren iritziz, proposamen honek kontratatutako enpresaren zerbitzuaren kontrola bermatzen du (epe laburreko iraupena), langileen baldintzak bermatzen ditu (klausula sozialak) eta inbertsio publikoak behar bezala egingo direla ziurtatzen du (instalazio berriak Udalaren ardurapean egongo lirateke), enpresa eraikitzaileak modu gardenean eta ez arbitrarioan aukeratuz.

 

Gobernu taldearen proposamena maiatzaren 27ko osoko bilkurara joango da. Horrela, argi geratu da EAJk negoziatzeari uko egiten diola, nahiz eta gutxiengoan egon. Udal kirol instalazioen kudeaketa eta etorkizuneko inbertsioak enpresa pribatuen esku uzteko proiektuan ez dute amore eman. Proposamen horrekin prekarietatea, lan gatazkak, zerbitzuaren kalitatearen murrizketa eta egin beharreko inbertsio publikoen kontrol eza besterik ez dute lortuko.


EH Bilduri dagokionez, ez dugu onartuko Sopelaren etorkizuna hipotekatzea, enpresa pribatuen esku utzita. Ez dugu onartuko oposizioari maiatzeko osoko bilkura honetan lizitazio-plegu bat derrigorrez onartzeko erantzukizuna helaraztea, plegu hori edozein dela ere, azken unean eta adostu gabe. Gehiegi dago jokoan: zerbitzuaren kalitatea, kiroldegiko langileen lan baldintza duinak eta udal inbertsioen kontrol publikoa.