AKTUALITATEA


| 2024-02-03 19:43:00

Gobernu talde berri bat Sopelako udaletxean eta aurrekontu berriak, eduki eta aldaketa esanguratsuekin urteetan izan den geldotasuna atzean utzita. Osoko bilkuran onartutako aurrekontu hauetan, EHbilduk gidatuta...

1.- Babes Ofizialeko Etxeen aldeko apustua egiten da Loiola, Asu, Abaro eta Erripan; gainera, Loiola eta Asukoak alokairu sozialerako. Apustu honek hautsi egiten du gure udalerrian azken urteotan nagusi izan den etxebizitza-politika: dentsitate txikiko eraikuntzak, familia bakarrekoak, atxikiak… lurzoruaren gehiegizko erabilera eginez eta oso prezio altuan

2.- Kirolaren plan estrategiko baten aldeko apustua egiten da Sopelako udal-politikak diseinatzeko (kirol-eskaintza, klub eta elkarteekiko harremana, instalazioak, kudeaketa-eredua). Guztion buruan dago aurreko legegintzaldian, kirol-instalazioen erabilera enpresa bati laga zitzaiola, 15 urtez 5 urteko luzapenarekin eta zerbitzuaren enpresa esleipendunak proiektua garatzeko ahalmena zuela.

3.- Hezkuntzaren aldeko zalantzarik  gabeko apustua egiten da Iberre handitzeko eta Loroñon eraikin berria eraikitzeko Sopelako hirigintza-arauak egokituz eta lurrak Eusko Jaurlaritzaren esku utziz. Arlo honetan, ez da inolako aurrerapenik eman aurreko urteetan; are gehiago: aurreko gobernu-taldeak Zipiriñeko Guraso Elkartearekin antolatutako parte hartze prozesuan  Zipiriñeko eraikina handitzea eta Goiene kale patio-eremua bezala proposatu zuen.

4.- Lorezaintzako eta bide-garbiketako zerbitzuak hobetzearen aldeko apustua egiten da, zerbitzu hauen esleipenean % 71ko eta % 107ko igoerak bideratuz. Gogoratu behar da EHBildu alkatetzan zegoela 2014an 367.314 euro bideratzen zirela kaleak garbitzekoa eta 422.219 euro lorategiak mantentzeko. Zenbateko horiek 270.000 euroetara murriztu ziren EAJ alkatetza hartu ondoren eta geroztik igoerak egon badira ere, 2023an aurrekontua 457.075,2 eta 411.828,68 zeuden zerbitzu hauetarako, hau da: 9 urte behar izan dira 2014ko kopuru antzeko bat eskaintzeko. Orain, EHBilduk berriro duindu eta indartu behar ditu zerbitzu hauek, eta 782.124,60 euro eta 853.527,48 euroko lizitazioa egin du.

5. Ekologiaren aldeko apustu garbia egiten da, Urkoko hezegunea zabalduz eta mantenduz. Leku honetan, aurreko legegintzaldian bultzatu zen padel-pista batzuk jartzea, non eta 2014an Bilduren eskutik, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, ekologikoki birsortu zen eremuan bertan.

6.- Herritarren parte-hartzearen aldeko benetako apustua egiten da, UPV/EHUko Parte Hartuz ikerketa-taldearen proiektuaren bidez partaidetza-kultura sustatzeko. Gogoan izan dezagun aurreko legealdian proiektu hori bera ez zela aurrera atera EHBilduk aurkeztu zuenean 2020an sinatutako aurrekontu-akordioan EAJ Gobernu taldeak kudeatzen zuelarik.