AKTUALITATEA


| 2021-04-14 07:32:00

Sopela biztanleria etengabe hazten ari den udalerria da. Azken bi hamarkadetan eskola publikoan izandako ikasle kopuruaren gorakada da ondorio nabarmenetako bat. Igoera horren ondorioz, Zipiriñe HLHIren eraikina bi aldiz handitu behar izan dute hogei urte pasatxoan. Handitze horien aurretik, gela komunak eta espezifikoak gela arrunt bihurtu ziren, jantoki-zerbitzua murriztu egin zen, jolastokiak eta gorputz-hezkuntza antolatzeko zailtasunak izan ziren, eskola-jolastokian ikasgela gisa aurrefabrikatutako moduluak instalatu ziren. Espazio falta horren ondorioz, irakasleek denbora asko inbertitu zuten espazioa eta denbora antolatzeko lanetan, irakaskuntza-jardunarekin zerikusirik ez zutenak. Halaber, hasiera batean ikastetxean matrikulatutako ikasle batzuek udalerri mugakideetako ikastetxeetan plaza bilatu behar izan zuten edo jantoki-zerbitzua eskatu zuten ikasleei ukatu zitzaien, plazarik ez zegoelako.

Gertatu zen hori, berriz ere gertatzen ari da gaur egun, azken handitzetik bost urte pasatxora. Barrakoiak itzuli dira, irakaskuntza antolatzeko zailtasunak, jangela kudeatzeko zailtasunak, o jolastokien erabilera egituratzeko zailtasunak... Hori guztia, gainera, mugikortasuna eta elkartzea baldintzatzen dituen pandemiak hanpatua. Arazo larri horri irtenbidea bilatzeko, Sopelako Hezkuntza Mahaia martxan jarri zen duela urte batzuk. Mahai hori guraso-elkarteetako, ikastetxeetako zuzendaritzetako eta Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariek osatzen dute. Mahai horretara, Zipiriñeko Hezkuntza Komunitateak adierazitako beharretik abiatuta eta egoeraren azterketa egin ondoren, alderdiek hiru konponbide alternatibo eraman zituzten.

Aukera horietako biri buruz galdetu zitzaion 2021eko urtarrilean Zipiriñeko Hezkuntza Komunitateari, horrelako prozesuetan esperientzia duen udalaz kanpoko enpresa batek egindako parte-hartze prozesu baten bidez. Enpresaren arabera, partaidetza oso nabarmena izan zen, antolatu dituen beste partaidetza-prozesu batzuekin alderatuta: %20k Zipiriñeko egungo eraikina handitzearen alde egin zuen, familien %78ek baino gehiagok Loroñon Haur Hezkuntzako zentro bat eraikitzearen alde egin zuen, eta %2ek abstentzioaren alde egin zuen. Nagusiki, zuzendaritza bakarra eta bi eraikin lituzkeen ikastetxe bat aukeratu zen: bat, Haur Hezkuntzakoa, eraiki beharreko ikastetxe berrian, eta, bestea, Lehen Hezkuntzakoa, Zipiriñeko egungo eraikinean. Eraikin horien arteko distantzia 300 metrokoa litzateke eta ordutegi osagarriak izango lituzkete familia kontziliazioa errazteko.

Zipiriñeko Eskola Kontseiluak (Ordezkaritza Organo Gorena), 2021eko martxoaren 3an, familia gehienek onartutako proposamena berretsi zuen. OOGren adierazpen horretatik aurrera, Sopelako Udalaren osoko bilkurak, 2021eko martxoaren 25ean, alderdi guztien akordioarekin, adierazpen instituzional bat onartu zuen, Zipiriñeko OOGk zentro berri bat eraikitzeko hartutako erabakia babesteko, eta lurrak birkalifikatzen hasteko konpromisoa hartu zuen, errealitate bihurtzeko. EH Bilduk uste du udal mailan irtenbidea aurkitu zaiola Zipiriñeko Hezkuntza Komunitateak planteatutako arazo larriari. Baina ikastetxe bat eraikitzea ez da udalaren eskumena, Udalak horretarako lursaila lagaz eraikitzea erraztu arren, baizik eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskumena.

Zipiriñe HLHIko Zuzendaritza Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Bizkaiko Ordezkaritzarekin hitz egiten aritu da duela urte batzuetatik, gaur egun duen espazio falta eta masifikazioa azaltzeko. Azken bilera 2021eko martxoaren 22an egin zen. Hezkuntza Mahaiko hiru ordezkarik (Zipiriñeko giraso-elkartea, zuzendaritza eta alkatetza) idazki bat eraman zuten. Idazki horretan, Zipiriñe 2019-2023ko azpiegitura-planean sartzea eskatzen zen, eta konponbidea aurkezten zen, Zipiriñek planteatutako arazoari udal mailan aurkitu zaiona. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ordezkaritzak uko egin dio Zipiriñe 2019-2023ko Haur Hezkuntzako Azpiegitura-planean sartzeari, eta Zipiriñe Haur eta Lehen Hezkuntzako bi eraikinetan banatzea esperientzia txartzat
jo du, txosten zehatza eskatu dio Zipiriñeri, gaur egun dituen beharrei buruz, eta, datozen urteetan jaiotza-tasa jaitsiko delakoan, hurrengo legealdietara atzeratu du Zipiriñeren irtenbidea.

Sopelako EH Bildu ez dago batere ados Hezkuntza Ordezkaritzak aipatutako bileran adierazitakoarekin; izan ere, mezu hori ez dator bat aurreko bileretan adierazitakoarekin. Alde
batetik, Zipiriñeko patioan 2018-2019az geroztik bi barrakoi egoteak nahikoa arrazoi izan beharko luke Zipiriñe 2019-2023ko Azpiegitura Planera gehitzeko. Bestetik, nola liteke
esperientzia txartzat jotzea haur eta lehen hezkuntza bi eraikinetan banatzea, zentro asko horrela daudenean, batzuk oso gertukoak, eta Europan errealitate bat denean. Azkenik, EAEn
espero den jaiotza-tasaren jaitsierari dagokionez, esan behar da Sopela, EUSTATen datuei erreparatuz, EAEko batez bestekoaren gainetik dagoela. Gainera, gazte gehiago iristen ari da
udalerrira, eta oraindik ere etengabe ari da hazten, eta gainera, datozen urteetan babes ofizialeko ehunka etxebizitza eraikiko dira.

Beraz, Sopelako EH Bildutik babesten dugu Zipiriñeko Hezkuntza Komunitateak hartutako erabakia, Loroñon Haur Hezkuntzako zentro bat ahalik eta epe laburrenean eraikitzekoa,
Sopelako Eskola Publikoaren egoerari behin betiko irtenbidea dela uste dugulako. Kalitatezko eskola, ekitatea eta gizarte-kohesioa bermatzen dituena. Sopelako Udaletik eta Hezkuntza
Mahaitik lan egingo dugu lortu arte.