AKTUALITATEA


| 2021-08-06 01:32:00

Uztailaren 22an Polizia Nazionalak 3 gazte atxilotu zituen Sopelan, joko aretoen kontrako salaketa-ekintza batzuk leporatuz. Uztaileko osoko bilkuran, hilaren 29an, EH Bilduk urgentziazko mozio bat aurkeztu zuen, Polizia Nazionalak Sopelan egindako atxiloketak salatuz eta atxilotutako herritarrei elkartasuna eta babesa agertuz. EAJ, PSE, eta Podemos mozioaren kontra agertu ziren eta Elkarrekin Podemoseko beste zinegotzia eta DB/TU abstenitu ziren. Soilik EH Bilduk salatu zuen herri-mugimenduen kontra gertatzen ari den oldarraldi errepresiboa.

Polizia Nazionalaren atxiloketak

Uztailaren 22an Polizia Nazionalak 3 gazte atxilotu zituen Sopelan, joko aretoen kontrako salaketa ekintza batzuk leporatuz. Indautxuko komisaldegira eraman zituzten eta bertan hainbat orduz egin zieten galdeketa, ustez Arrigorri Joko Aretoen kontra egindako kalteengatik. Hiru gazte horietatik bat, emakume bakarra, eskuak lotuta atera zuten etxetik, modu erabat iraingarrian.

EH Bilduren Urgentziazko mozioa

Gauzak horrela, EH Bilduk Urgentziazko mozio bat aurkeztea erabaki zuen, atxiloketak salatzeko eta atxilotutako herritarrei elkartasuna adierazteko. Zehazki, hiru puntu aldarrikatzeko eskatzen zion EH Bilduk osoko bilkurari: “Polizia Nazionalak egindako atxiloketen izaera arbitrarioa eta lekuz kanpokoa aitortzea; Herri mugimenduaren kontrako polizia-ekintzak salatzea orohar eta, modu berean, elkartasuna helaraztea atxilotutako herri mugimenduko 3 kideei; Euskal Herrian eta baita gure udalerrian ere joko aretoek eragiten duten kaltea salatu eta gizartearen gaitz honen kontrako neurri errealak hartzeko konpromisoa hartzea Sopelako Udalak”.

Udal-taldeen ezetza

EAJ, PSE, eta Podemos mozioaren kontra agertu ziren eta Elkarrekin Podemoseko beste zinegotzia eta DB/TU abstenitu ziren. Izan ere, EAJ-ak indar polizialean zilegitasuna babestu zuen eta Arrigorri joko-aretoak bere jarduerarekin jarraitzeko eskubideaz aritu zen. Modu berean kokatu zen PSE, hori bai, Udalak irailean joko-aretoen eta ludopatiaren kontra kanpaina bat abiatuko duela aipatu zuen. Hain zuzen ere, horixe izan zen EH Bilduk 2021ko aurrekontuei egindako zuzenketa-partziala: 10.000 euro Ludopatiaren kontrako kanpaina komunikatiboa, behin Arrigorri joko aretoa bere jarduerarekin hasita zegoela ikustean.

Elkarrekin Podemoseko zinegotzia den Patricia Alfonso, berriz ere lerrokatu zen EAJ eta PSEren udal gobernuaren alde.

EH Bilduren erantzuna

Soilik EH Bilduk salatu zuen herri-mugimenduen kontra gertatzen ari den oldarraldi errepresiboa. Polizia Nazionalaren ekintza gaitzetsi zuen: ez proportzionala, lekuz kanpokoa, arbitrarioa. Modu berean, Sopelako herri-mugimenduari babesa agertu zion, atxilotuei elkartasuna adieraziz.