Sopela

Albisteak

EH BILDUK EZETZ ESAN DIO BAREÑON MERKATARITZA-GUNEA ERAIKITZEARI


Martxoko osoko bilkuran, joan den ostegunean, hilaren 26an, bideokonferentzia bidez, Sopelako EH Bildu Bareñon merkataritza-gune bat eraikitzearen aurka agertu zen, horrek herriko saltoki txikiei eta inguruko trafikoari eragingo lizkiokeen ondorio negatiboak argudiatuz.

| 2020-03-30 21:26:00

Proiektua

Martxoko osoko bilkura honetan, Udalbatzak "xehetasun-azterlana" deiturikoa eztabaidatu eta, hala bazegokion, onartu behar zuen, hau da, "H lursailaren" jabeek eraiki nahi dutenaren proiektua. 2.869 m2-ko lurzati hori KOSTA BAREÑO SAren jabetzakoa da, eta B-637 errepidearen ondoan dago, Barrikako norabidean, babes ofizialeko etxebizitzen eta Sopelako erdigunea eta hondartzak lotzen dituen pasabidearen artean.

 

Osoko bilkurara aurkeztutako proposamena 3 solairuko eraikin komertziala da: 94 plazako lurpeko aparkalekua, beheko solairu bat eta lehen solairu bat. Guztira, aparkalekurik gabe, 3.050 m2 eraikigarri izango lirateke merkataritza erabilerarako.

 

Proiektua TANDEM arkitektura bulegoak garatu du, EXCAVACIONES VIUDA DE SAINZ, SA eraikuntza enpresaren enkarguz. Enpresa hori Iberreko institutuaren ondoko Abaro sektorearen garapenarekin ere lotuta dago. Viuda de Sainz SA, halaber, Kosta Bareño S.A.ren jabea da, eta haren presidente Silvia Careaga Sainzek 45 zuzendaritza-kargu ditu 51 sozietatetan, gehienak mugiezinen sektorean eta eraikuntzan (iturria: enpresia.es).

 

EH Bilduk ezezko botoa eman dio merkataritza-guneari

Proiektu honek Sopelako merkatari txikiarengan eta inguruko trafikoaren gorakadan (batez ere, udan) izan ditzakeen ondorio kaltegarriez ohartaraziz hasi zuen bere hitzaldia EH Bilduk: "Benetan Sopelak behar al du horrelako merkataritza gune bat?, zer ekarpen egin diezaioke herriari?, zer eragin izango du herriko merkataritzan?, eta trafikoan?".

 

Bareñoko eremuari dagokionez, EH Bilduk galdetu zuen neurri horietako merkataritza-gune batek ondoko eraikinetan izango lukeen eraginari buruz: nola eragingo die Bareñoko bizilagunei? Gogora dezagun H lursailaren ondoan babes ofizialeko etxebizitzen eraikin bat dagoela, orain arte eremu lasai eta bizitegi-gune batean dagoena.

 

Proiektuaren "xehetasun-azterlana" onartzearen aurka agertu zen EH Bildu.

"Ezagutzen dugu Berangoko merkataritza guneek merkataritzan eta trafikoaren bolumenean izan duten eragin negatiboa, ez Sopelan bakarrik, baita Uribe Kosta osoan ere. Sopelak antzeko zerbait behar al du? Urteak igaro dira Arau Subsidiarioak eta Bareñoko Plan Partziala onartu zirenetik. Sopelako beharrak aldatu egin dira, eta aplikatu behar ditugun irizpide urbanistikoak ere bai. Bareñoko lursaila merkataritza-gune ertain baterako ez den beste helburu baterako erabili beharko litzateke. Legegintzaldi honetan, Sopelarako HAPO berri bat diseinatzeari ekingo zaio. Bareñoko lursailaren erabilera eta zertarakoa HAPO berri horren barruan erabaki beharko litzateke".

 

EAJ alde, DB/TUk abstentzioa

Bai EAJ eta bai PSE proiektuaren xehetasun-azterlana onartzearen alde agertu ziren. Lursail horri emango zaion erabilera komertziala zein izango den oraindik ez dakitela adierazi zuten, planoetan eraikinaren dimentsioa argi eta garbi agertzen den arren. Orube horretan BM supermerkatu bat eraikitzearen inguruan Sopelan zehar dabiltzan zurrumurruei garrantzia kendu zieten.

 

EH Bilduk Sopelako merkatarien elkarteak proiektuari buruz duen iritziari buruz egindako galderari, gobernu-taldeak erantzun zuen ez zirela harremanetan jarri elkarte horrekin.

 

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemoseko bi zinegotziek kontrako botoa eman arren, Jon Andoni Gerediaga DB/TUko zinegotziaren abstentzioaren bidez onartu zen xehetasun-azterlana.