AKTUALITATEA


| 2020-04-10 11:41:00

Hezkuntza Mahaiaren bilera

Sopelako hezkuntza zentroen espazio arazoei irtenbidea emateko hezkuntza komunitateak eta udal taldeek osatutako mahaia apirilaren 7an, asteartean, bildu zen, bideokonferentzia bidez. Bilera horren helburua zen martxoaren 3an Zipiriñeko ordezkariek (zuzendaritza eta guraso-elkartea) eta Sopelako Udaleko alkate Josu Landaluzek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin izandako elkarrizketaren ondoren eman beharreko pausoak finkatzea.

 

Elkarrizketa horretan, Hezkuntza Sailak Sopela bere Azpiegitura Planean sartzea aztertzea adostu zuten (Eusko Jaurlaritzak "horretarako borondatea erakutsi zuen"). Gainera, erabaki zen Sopelako Hezkuntza Mahaiak Zipiriñeko espazioaren arazoari buruzko proposamen eta alternatiba desberdinak helaraztea, Sailak, bere iritziz onena litzatekeena hauta dezan.

 

EH Bilduk, lehenik, alternatiba egokiena aukeratzeko metodologiari buruz ("Sopela da erabaki behar duena"), eta, bigarrenik, aukeratu beharreko proiektuaren edukiari buruz ("etorkizunerako proposamena izan behar du") duen jarrera azaldu zuen.

 

Sopelak erabaki behar du

Hezkuntza Mahaian, kritiko agertu ginen alternatibak Hezkuntza Sailera eramateko erabakiarekin, hark aukera "egokiena" hauta dezan. Epailea inpartziala ote den zalantzan jartzeaz gain (alderdi politiko bera Alkatetzan eta Jaurlaritzan; hezkuntzako gastuari eusteko joera), uste dugu pisuzko argudioak daudela ondorioztatzeko Eusko Jaurlaritzak ez lukeela erabaki behar hezkuntza-eraikin berria non kokatu.

 

Hezkuntza Sailak eskumen esklusiboak izango ditu eraikitzeko moduari buruz, ados, baina non kokatu Sopelari dagokio: izan ere, erabaki horretan elementu pedagogikoak ez ezik, hirigintzakoak eta ingurumen arlokoak ere badaude, gure etorkizunerako funtsezkoak direnak. Sopela da bere herria antolatu behar duena: ezin zaigu hitza kendu. Gure betebeharra da gure herriaren etorkizuna planifikatzea.

 

Konponbideak etorkizunerako proposamena izan behar du

Bestalde, azpimarratu nahi dugu aukeratu beharreko alternatiba ezin dela izan "epe laburrekoa", hau da, ez duela izan behar Zipiriñeren espazio falta den "arazo bati berehalako erantzuna", baizik eta aurrera eramango den proiektuak "erronka bati behin betiko konponbidea" eman behar diola, hots, Sopelaren etorkizunerako kalitatezko hezkuntza publikoa ziurtatzea.

 

Ildo horretatik, hezkuntza-komunitateari eskatzen diogu adieraz dezala zer instalazio mota behar dituen bere hezkuntza-proiektua osorik garatzeko.

 

Gure ikuspuntutik, ezin gara konformatu "gutxienekoen akordio batekin", baizik eta "asmo handikoak izateko eta epe luzera begiratzeko garaia da". Sopelarako onena aukeratu behar dugu.

 

 

Hezkuntza Mahaian lortutako akordioak

Hezkuntza Mahaian ez zen eztabaidarik izan Zipiriñeko arazoei eman dakizkiekeen irtenbideen inguruan: ez zen inolako alternatibaren azalpenik edo defentsarik egon. Gure iritziz, eztabaida hau egiteke geratzen den zerbait da. Eta guztiz beharrezkoa da.

 

Apirilaren 7ko bileran, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeari gutun bat bidaltzea erabaki zen, udal talde ezberdinek Zipiriñeko eskolaren espazio arazoei irtenbidea emateko dituzten proposamenak helarazteko, Hezkuntza Saileko "teknikariek azter ditzaten".

 

Era berean, erabaki zen Hezkuntzari eskatzea "proposamen horien eztabaidan mahai horretako talde bakoitzeko kide bat egon zedin, proposamenak definitzeko eta proiektuak defendatu ahal izateko".

 

Jantokiaren arazoari berehalako irtenbidea emateko eskatzeaz gain, Hezkuntza Mahaiak Eusko Jaurlaritzari funtsezko beste eskaera bat egitea erabaki zuen: Sopela Hezkuntza Sailaren Azpiegitura Planean agertzea. EH Bilduk eskatzen du Eusko Jaurlaritzak Azpiegitura Plan horretan sartzeko duen borondatea "idatziz jasotzea".

 

Eman beharreko pausoak

Hezkuntza Mahaiak Eusko Jaurlaritzarekin egingo duen bileran parte hartzeaz gain, EH Bilduren asmoa da bai Batzorde Mistoari (EAJ, PSE eta EH Bilduren ordezkariek osatutako taldea, Sopelarako proiektu estrategikoak adosteko) bai Hezkuntza Mahaiari metodologia zehatz bat proposatzea Zipiriñeko espazio-arazoei aurre egiteko alternatiba partekatu bakarra adosteko (hori izan zen Hezkuntza Mahaiaren jatorrizko helburua).

 

Apirilaren 7ko Hezkuntza Mahaian aurreratu genuen bezala, beste metodologia posible batzuen artean, planteatutako alternatibei buruzko herri-kontsulta bat egiteko aukera aztertzen ari gara, proiektu horiei buruzko informazio-, azalpen- eta eztabaida-prozesu baten ondoren. Izan ere, "Sopela da alternatiba ezberdinen inguruan iritzia eman behar duena". Hezkuntzarekiko negoziazioa geroago etorriko litzateke.