AKTUALITATEA


| 2025-03-01 15:16:00

Honi eman dio EZETZA

Otsaileko osoko bilkuran (2025-02-27), Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) egiteko erabiliko diren irizpideak eta helburuak jasotzen dituen dokumentua onartu zen; ez zen neurri zehatzik proposatzen, baizik eta HAPOk oinarri izan behar dituen ideia orokorrak baino ez dira ageri: erreferentzia-esparru bat, aurrerago hartuko diren neurriak koherenteak izango direla ziurtatzeko.

Sei irizpide zeuden: "babes publikoko etxebizitza bultzatzea", "ingurune naturala babestea", "kohesio soziala bultzatzea", "mugikortasun iraunkorra sustatzea", "udalerriaren garapen ekonomikoa indartzea", eta "Sopelaren berezko ahalmenak indartzea Mankomunitatearen barruan"... eta ideia hauei ezetza eman die EAJk. (Artikuluaren amaieran zalantzarik egon ez dadin, sei irizpideak hitzez hitz transkribatuko ditugu eta udalaren web orrian dokumentu osoa irakur daiteke).

Ezetzaren arrazoiak

Bi arrazoi susmatzen ditugu. Lehenengoa, EAJ erosoago dago egungo Arau Subsidiarioekin, etxebizitza publikorik gabeko herri bat sortu baitute, hirigintza-pilotakadekin; gure ingurune naturala suntsitu dute eta lurzorua neurriz kanpo erabili dutelako; zerbitzurik gabeko txaleten logela-auzoak sustatu baitute… eta horrela jarraitzea komeni zaie; edo, bigarrena: EAJri bere interes alderdikoiak baino ez zaizkio interesatzen, egungo gobernu-taldea kaltetzeagatik, batez ere kontutan hartuz ideia hauek proposatu dituen arkitektura taldeak aurreko legealdian kontratatua izan zela EAJ alkatetzan zegoela.

Ziur aski, EAJren ezetza bi arrazoietan oinarritzen da…

Hauek dira hitzez hitz planteatutako sei irizpide eta helburu orokorrak:
1.- Babes publikoko etxebizitza bultzatzea, gure udalerriko hazkunde iraunkorra eta orekatua ziurtatuz.
2.- Natura-ingurunea eta historia, kultura eta hizkuntza-ondarea babestea, klima-aldaketaren erronkei aurre eginez.
3.- Gizarte-kohesioa eta genero-ikuspegia sustatzea, ekipamenduak eta zerbitzuak auzoen artean modu orekatuan banatuz, espazio publikoen irisgarritasuna eta erabilera inklusiboa, bidezkoa eta segurua ziurtatuz.
4.- Mugikortasun iraunkorra sustatzea, oinezkoei ibilgailu pribatuaren aurretik lehentasuna emanez eta garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera sustatuz.
5.- Udalerriko garapen ekonomikoa indartzea, tokiko merkataritza dinamizatuz, turismo jasangarria eta kalitatezkoa sustatuz, dagoen merkataritza-gunea bultzatuz eta nekazaritza-eremuak eta landa-ingurunea babestuz.
6.- Sopelak dituen berezko ahalmenak indartzea Mankomunitatearen eta Uribe Kostako eskualdearen barruan, eta, era berean, Bilbo Handiko metropoli-eremuko erakunde eta udalerriekiko harremana bultzatuz.