AKTUALITATEA


| 2021-07-01 10:13:00

Zer aldatu da astebetean EAJ, PSE eta Patricia Alonsorentzat?

EH Bildu ez da bereziki oparoa izan sare eta komunikazioetan azken asteotan, Patricia Alonso liberatzeko proposamen polemikoaren harira (EAJk eta PSEk babestu zuten ekainaren 23ko Udal Administrazio eta Langileen Batzordean). Izan ere, batzorde horretan adierazi genuen gai horri buruz eztabaidatzeko eta, batez ere, gure interpretazioa eta jarrera politikoa erakusteko foroa udalbatza zela. Sopelan azken hilabetean gertatutakoa oso larria da, alarma sozial handia sortu da, eta hori argitu eta foro publikoan, herritarrek parte hartzeko foroan eztabaidatu behar da, hau da, udal osoko bilkuran. Foro horretan azaldu behar genituen gure argudio guztiak, Sopelako bigarren indarra eta oposizioko lehena garen aldetik.

Erantzukizuna saihestu nahi izan dute
Pozten gara gai hau bertan behera geratu delako, eta espero dugu proposamen hori berriro ez aurkeztea. Hori esanda, berdin zaigu EAJk gai-zerrendatik kanpo utzi izana, gure ustez, egunotako
presio mediatikoa dela eta. Erantzukizunari ihes egin nahi izatea izan da. EAJk azken hilabeteotako gertaeretan izandako erantzukizuna azpimarratzen dugu.

Gure sumindura erakutsi nahi dugu
Azken hilabetean gertatutakoak udalen jardunbide politiko egokien aurka egiten du: onartezina da, lotsagarria, duintasunik gabea eta, batez ere, seriotasunik gabea. Eta honako egitate hauek aipatuko ditugu: Patricia Alonso zinegotziaren ustezko arazo teknikoak, 15+5 urterako plegua ahalbidetu dutenak (gutxienez 4 legegintzaldi), inolako adostasunik gabe eta alkatearen kalitatezko botoarekin; arazo teknikoak izan zituen pertsona horrek berak ez du sinatu EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta DB/TUk aurkeztutako osoko bilkuraren inpugnazioa (horrek esan nahi du zinegotzien partehartze politikoaren eta boto askearen eskubidea urratzen duen erabakia berresten duela eta, gainera, aurrekaria sor dezake); azkenik, Patricia Alonso liberatzeko proposamena, EAJk eta PSEk Batzordean babestua. Gertakari horiek guztiek arrazoizko susmoa sortzen digute, kritika politiko oso gogorra oinarritzeko.

Patricia Alonsok interes pertsonalak lehenetsi ditu bere erantzukizun politikoen gainetik
Liberazioa eskatu duen zinegotziaren jarrera onartezina da, eta oso larria. Interes pertsonalengatik, Sopelako udal ordezkaritza demokratikoa larriki aldatzen du: lehen EAJ + PSE eta EH
BILDU+ELKARREKIN PODEMOS+DBTU zena, PNV+PSE+Patricia Alonso izango da, eta aurrean, oposizioa. Legitimitaterik gabeko udal-konfigurazio berria.

EAJ gertaeren erantzule da
Hori guztia beste modu batera kudeatu zitekeen, beste erabaki batzuk hartu, susmo-zantzu guztiak ezabatzeko. Ustezko arazo teknikoen bozketa atzeratu zitekeen, berme osoz egiteko, duen garrantziagatik eta adostasunik ezagatik. Horren ezean, EAJk ez zuen zinegotziaren liberazioaren alde egin behar, eta hasieratik kontra agertu behar zuen. Horrek guztiak arrazoizko susmoak eta zalantzak sortu dizkigu azken hilabete honetan gertatutakoari buruz: Sopelako udalaren konfigurazio demokratikoa modu ilegitimoan aldatzen saiatu dira.

EAJ zinegotzi baten interes pertsonalez baliatu da bere proiektu alderdikoiak aurrera eramateko, hori bai, legitimoki ez duen gehiengo absolutuarekin. Abaroko sektorearen garapenaz hitz egin genezake, (non hobekuntzarik ere onartu ez duen), EAJren hirigintza-idealaren arabera diseinatutako HAPO berriaz, Urkoko kirol-hiriaz (15+5 urterako pleguen bidez), Jauregizarreko lurpeko aparkalekuaz, etab. Hau da, arrabola oposizioaren gainetik pasatzeaz, Osteikoko bidearen onarpenarekin egin zuen bezala, zeina pandemia betean onartu baitzuen, zinegotzi baten justifikatutako absentzia baliatuz (DBTUko zinegotziak ezin zuen bozkatu, baterazintasun kasu batean sartzen baitzen) eta alkatearen kalitatezko botoarekin.

Patricia Alonsoren berehalako dimisioa eskatzen dugu
Patricia Alonso zinegotziak azken hilabetean izan duen jarrera, deskribatutako gertaerak eta Elkarrekin Podemosen komunikazioa (zeinak transfugismoaz ere hitz egiten baitu) kontuan hartuta,
zinegotzi horrek bere dimisioa aurkeztu beharko luke, politikan izan beharreko ardura eta lotsagatik. Sopelako udal-bizitzatik alde egin dezala. Eta horrela eskatu dugu plenoan.

EAJrekiko konfiantza galtzea
EAJ gertatutakoaren erantzule da, udalean giro hori bultzatu du bere erabaki interesatuekin eta kontzienteekin. Gobernantza estilo hori bultzatu nahi dute Udalean, interes pertsonalez baliatuz adostasunik gabeko proiektu alderdikoiak bultzatzeko eta oposizioaren gainetik arrabola pasatzeko? EAJrengan dugun konfiantza erabat kaltetuta ikusten dugu, eta zalantzan jartzen dugu komunean dugun edozein akordio, kontaktu edo proiektu. Zehazki, 2020-2021 aurrekontu-akordioaz ari gara, non Sopelarako proiektu estrategikoak bultzatu nahi genituen, urteak baitzeramatzaten blokeatuta. Hala ere, lasaitasun eta seriotasunez jardungo dugu, eta aurrekontu-akordio horren benetako egoera zorrotz aztertu, baloratu eta horren arabera jokatuko.