AKTUALITATEA


| 2021-08-06 01:41:00

Udal Gobernuak 23.500 euro inguru gastatuko ditu enpresa bat kontratatzen, egun Enrike Urrutikoetxea kalean dauden mural politikoak ezabatuz eta haien ordez “urrezko bi kurrilo” margotuz. Horretarako, “hiru pertsonen iritziak” jaso omen dituzte eta enpresak emandako aukeretatik bat aukeratu dute. Kale horretako puntu-beltza ezabatzea omen da helburu, Udal Gobernuaren esanetan. EH Bilduk margoketa hori mural politikoak ezabatzeko ekintza bat dela salatu du eta mural berriak herriko talde eta eragileekin adosteko eskaria luzatu dio EAJ-ri.

Erabakia behin hartuta jakinarazi digute

Kultura zein Berdintasun Batzordeetan ez da gaia landu, beraz alor horietako EH Bilduko zinegotziek ez zuten ekintza horren berri. Kreditu transferentzia baten (23.532,08€) berri ematearen bitartez ezagutu izan du EH Bilduk Udal Gobernuaren erabakia, Ogasun Batzordean. Hori dela eta, Ogasun Batzordean jasotako informazioa berresteko eskatu zion Sopelako Udalaren Alkateari: kokagune zehatza, muralaren irudia eta irudi hori aukeratzearen arrazoiak, gaia zergatik ez den landu erabakia hartu aurretik beste batzorderen baten (adibidez, kulturan, berdintasunean edo hirigintzan).

Urrezko bi kurrilo mural politikoen ordez

Udal Gobernuak enpresa bat kontratatu du, gaur egun Enrike Urrutikoetxea kalean (metroko zubiaren azpian) dauden mural politikoak ezabatuz eta haien ordez “urrezko bi kurrilo” margotuz. Horretarako, “hiru pertsonen iritziak” jaso omen dituzte eta enpresak emandako aukeretatik bat aukeratu dute. Kale horretako puntu-beltza ezabatzea omen da helburu, Udal Gobernuaren esanetan.

EAJ-ak mural politikoak ezabatu nahi dituela salatu du EH Bilduk

“Ados gaude herriko puntu beltzak ezeztatu behar direla eta hirigintza antolamendua genero ikuspegitik diseinatu behar dela (horren adibidea da EH Bilduk Abaro sektorearen plan partzialari egindako alegazioa). Ados gaude ere gure herriko kaleak kolorez alaitu behar direla. Baina susmoa daukagu mural horren benetako helburua herri mugimenduek egindako mural politikoak ezabatzea ote den. Horrela balitz, jarrera hori irmoki salatzen dugu. Alternatibak bilatu beharra dago. Adibidez, herriko kirol-, kultur-talde zein eragile sozialen esku uztea mural horien margoketa” (Arantza Bilbao EH Bilduko zinegotziaren interbentzioa, uztaileko osoko bilkuran).