Sopelako Udalak, Itsasertz Mugarteak (Costas) eta Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak akordio bat lortu dute Barinatxe hondartzara sartzeko arrapalari eusteko eta hareatzaren ingurune naturala lehengoratzen aurrera egiteko.
Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak Sopelako Udalari jakinarazi zion interesa zuela "Barinatxe hondartza berroneratzeko eta naturalizatzeko" lanak hasteko eta balio ekologikoa emateko kostaldeko ekosistemari ingurunea lehengoratuz: duna-sistema, mendi-hegala... Ondorioz, sarbide-arrapala eta zerbitzu-eraikina erabat eraitsi beharra zela adierazi zuen.
Sopelako Udalaren Gobernu Taldeak (EHBildu eta Elkarrekin) kezka agertu zuen: sartzeko arrapala eraisteak arriskuan jartzen baitzituen hareatzaren irisgarritasuna, garbiketa, sorospen zerbitzuak eta surf eskolen ohiko jarduera. Horregatik, bilera eskatu zuen ardura duten erakunde guztietako ordezkariekin: Sopela eta Getxoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Gobernuaren Ordezkariordetza. Bilera azaroaren 13an egin zen.
Beste zenbait bilera egin ostean, erakundeek adostu dute larrialdietako ibilgailuentzako sarbide mugatua uztea egungo arrapalatik, horrela, sorospen eta salbamendu zerbitzuek baldintza egokietan jardun ahal izango dute, eta ingurugiroa lehengoratzeko lanei eustea; honen ondorioz, zerbitzu-eraikina kendu behar da. Jarduketa osoa 350.000 eurotan dago aurreikusita.
EHBilduk ontzat jo du akordio hori, sarbide-arrapala mantentzen delako eta kostaldeko ekosistemari balio ekologikoa ematen jarraitzen delako. Zoriontzekoa da erakunde guztien arteko lankidetza eta erantzukizuna; hala ere, lankidetza testuinguru honetan, ezinbestean, Sopelako EAJren jarrera kritikatu behar dugu
Erakundeen arteko lehen bilera egin zen egun berean, Sopelako EAJk oharra argitaratu zuen "EHBilduri pasibotasuna leporatuz Gobernu zentralaren erabakiaren aurrean". Barinatxeko hondartza erdia Sopelarena da eta beste erdia Getxorena, EAJren esku dagoen udalarena... ez zuen aipatu; garbiketa eta sorospen zerbitzuak Bizkaiko Foru Aldundiari dagozkio... ez zuen aipatu; Turismoa Eusko Jaurlaritzaren eskumena da... ez zuen aipatu; “Kostak” Gobernu Zentralaren esku dago... ez zuen aipatu... bakar-bakarrik EHBilduz aritu zen!. Sopelako EAJk kritikatu egiten du kritikatzeagatik, elektorakeri hutsean murgildurik eta ekarpenik egin gabe.