Lehenik eta behin, sopeloztarroi eskerrak eman
Iragan igandeko hauteskundeetako kanpainan beste urrats bat emateko eskatzen genuen eta eman egin dugu, alajaina! Eskerrik asko Euskal Herria Bilduri botoa emanda beste pauso bat ematea erabaki duzuenoi. Bejondeizuela!
Euskal Herria Bilduk emaitzak apartak lortu ditu
Botoetan eta ehunekoetan gora egin dugun bakarrak gara (276.516 boto), gainera oso modu proportzionatuan, lau herrialdeetan %15etik gora. Horren ondorioz, 5 diputatu eta 2 senatari hautatu dira, Madrilen talde parlamentarioa osatuko dutenak. Independentistok lehenengo aldiz talde parlamentarioa izango dugu!
Lotja de Mar-reko deklarazioaren inguruan bildu gara
Emaitza horiek, gainera, estatuko indar subiranistek Lotja de Mar-reko deklarazioan adostutako gutxienekoen inguruan bildutako aktibo politikoaren zati bat baino ez dira. Izan ere, deklarazio hori izenpetu genuen indarrok (ERC, JxCAt, CUP, EH Bildu, BNG,…) 29 diputatu eta 2 milioi boto baino gehiago eskuratu ditugu. Estatuaren joera autoritarioari aurre egiteko eta demokraziari atea zabaltzeko giltzarri izango den ekintza bateratuaren oinarri sendo bat, alegia.
Alboko eraginak ere utzi dituzte hauteskunde egin berriek. Euskal Herriko hegoaldean 2011ra arte gehiengo ziren unionistak; gaur egun, ordea, 23 eserlekuetatik 8 "besterik" ez dute (PSOEk 5, Navarra Sumak 2 eta PPk 1). EAEn ordezkaririk gabe geratu dira Cs eta Vox. Datu esanguratsu bat: hauteskunde espainolak izanda, lau herrialdeetan EH Bilduk boto gehiago batu ditu (276.000) Na+, PP, Cs eta Voxek batera baino (261.000).
Sopelan ere gora egin du EH Bilduk
Sopelan EH Bildu indartsu dabil. Izan ere, gora egin dugu botoetan zein ehunekoan, eta oro har, erabakitzeko eskubidea defenditzen dugunok %78 gara, hots, 5 sopeloztarretik 4. Orokorra izan da EH Bilduren igoera Euskal Herriko udalerrietan. Fruituak eman dituzte gure herri ikuspegi ezkertiar eta subiranistak, zein eguneroko lanarekin aurrera eramaten dugun udalgintza eraldatzaileak. Bai batak zein besteak eragina izan dute azaroaren 10eko hauteskundeen emaitzetan. Sopelan ere bai.
SOPELA | AZAROA (bozkak) | AZAROA (%) | APIRILA (bozkak) | APIRILA (%) |
EAJ-PNV | 3.118 | 40,60 | 3.248 | 39,50 |
EH BILDU | 1.543 | 20,09 | 1.487 | 18,08 |
UNIDAS PODEMOS | 1.357 | 17,67 | 1.681 | 20,44 |
PSOE | 864 | 11,25 | 1.030 | 12,53 |
PP | 335 | 4,36 | 270 | 3,28 |
MÁS PAIS | 138 | 1,80 | 0 | 0 |
VOZ | 110 | 1,43 | 132 | 1,61 |
CIUDADANOS | 74 | 0,96 | 196 | 2,38 |
Autodeterminazioa, preso politikoen askatasuna eta justizia soziala
Datuok kontuan hartuta, nabarmena da estatuak bizi duen ezegonkortasunak irtenbiderik ez duela subiraniston eskariak aintzat hartu ezean: autodeterminazioa, preso politikoak askatzea eta justizia sozialean oinarritutako jendarte-eredu berria. Horiexek baitira estatua demokratizatzeko oinarriak. Kontuan har ditzatela, beraz, osatzen duten gobernu berrian.
Eta datuok ezezik, herri mobilizazioek ere horixe aldarrikatzen dutelako. Ildo horretatik, eskerrak ere eman nahi dizkizuegu erreibindikazio horien inguruko mobilizazio, ekimen zein ekintzetan parte hartzen jardun duzuen guztioi. Azken finez, botoa eta mobilizazioa, biak ala biak, borroka tresna baitira.