Egunotan hainbat iruzkin idatzi dira sare sozialetan Abaroko hirigintza-garapenari buruz, Iberreko institutua handitzeari buruz eta Sopelako Auzo Elkarteak aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren edukiari buruz, elkarte honen presidentea Sopelako Auzo Alternatibako zinegotzia den pertsona bera izanik.
Gaur egun Abaron bizi den egoera 25 urteko gertaeren ondorioa da, eta ezinezkoa zaigu sare sozialetan egindako iruzkin soil baten bidez hau bezalako gai garrantzitsu bat azaltzea. Datuak eta azalpenak ezinbestekoak dira.
1.- Abaroko hirigintza-garapena funtsezkoa da Sopelarentzat: aukera ematen du Babes Publikoko 490 etxebizitza eraikitzeko (BPE), Iberreko irakaskuntza ertaineko institutua handitzeko, Gobelako ibarra berreskuratzeko eta Urkoko hezegunea handitzeko. Ez da argudio askorik behar jarduera horien garrantziaz jabetzeko.
2.- Abaroko hirigintza-garapena ilogikoa da: Ez da ulergarria Sopelako urbanizatutako ia eremu berri guztiak dentsitate txikikoak izatea (etxe-atxikiak, familia bakarrekoak, etxebizitza pribatuak) eta etxebizitza kolektibo eta publiko ia guztiak (aurreikusitako 520 BPE) sektore bakar batean biltzea: Abaron hain zuzen.
3.- Desoreka honen arrazoia Sopelako Arau Subsidiarioetan oinarritzen da 1999ko urtarrilaren 11ko BAOn argitaratu zirenak. Gaur egun EHBildu osatzen dugun talde politikook aurka bozkatu genuen, baina udalbatzaren gehiengoak onartu zituen. Akatsa horren ondorioak 25 urte daramatzagu jasaten: oraindik Abaro garatu gabe dago, oso BPE gutxi daude Sopelan, eta herria familia bakarrez eta lur asko okupatzen duten etxe-atxikiez bete da.
4.- 25 urte hauetan hainbat saio egin dira egoera hori gainditzeko eta akordioak lortzeko, eta bi nagusiak aipatuko ditugu: 2004-2008 legegintzaldian, Madrazo sailburuaren etxebizitza-legeak ahalbidetzen zituen etxebizitza publiko, tasatu eta pribatuko kopuruak aprobetxatuz eta 2011-2014 legegintzaldian, EHBildu alkatetzan eta PSE Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailean zeudelarik. Badaude berehala baztertutako beste proposamen batzuk, hala nola San Andresen institutua eraikitzea, kanpinetik gertu dagoen udal-lursail batean (kokapen txar eta arriskutsuagatik baztertua), edo Loiolako eremuan Larrabasterra eta hondartzen artean dauden zenbait lursail batzea (proposamen oso konplexua, lursail txiki batzuk berriz elkartzea eskatzen zuelako eta hirigintzako izapide asko egitea eskatzen zuen).
5.- 2011-2014 legegintzaldiko akordioa oinarrizkoa da egungo egoera ulertzeko: Udalaren, lurren jabeen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordio hirukoitza da eta bi dokumentu sinatzen dira: Udala-EJ eta udalak-jabeak, BAOn argitaratuak (2012/10/8). Udalak institutua handitzeko lursailak lagatzea lortu zuen; jabeek BPEak % 100etik % 75era murriztea lortu zuten (etxebizitza pribatuaren % 25 irabaziz) eta udalak Eusko Jaurlaritzarekin konpromisoa hartu zuen sei hilabeteko epean 1999ko Arau Subsidiarioak berrikusten hasteko Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri baten bidez (HAPO) non Abaron minimizatutako BPEen % 25 hori udalerriko beste eremu batzuetan "birkokatuko” ziren; beraz, Sopelako herriak ez zuen BPErik galdu; eremuz aldatzen ziren.
6.- HAPO berriari hasiera ematen zaio: hitzartutako sei hilabeteren buruan prozesua hasten da eta 18 hilabetetan (2015eko urtarrila) jadanik Hirigintzako Aholku Batzordea onartuta dago (HAPO berri baten ezibesteko baldintza); osoko bilkuran "Sopelako udalerriko indarreko arau subsidiarioak berrikusteko lanen hasiera" ematen da ofizialki; HAPO idazteko eta izapidetzeko baldintza teknikoen agiriak argitaratzen dira eta "Sopelako HAPOa idaztea" enpresa bati esleitzen zaio behin betiko. Erakundeen burokrazia ezagutzen duen edonork balora dezake prozesu honen eraginkortasuna.
7.- HAPOa inpugnatzen da: HAPOren esleipenean bigarren postuan geratu zen enpresak esleipena aurkaratzen du, eta 2015eko uztailaren 3an "Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak" Udalaren aurkako epaia ematen du. Ebazpen horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar zitekeen bi hilabeteko epean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, baina une hartan EAJko Gontzal Hermosilla zegoen alkatetzan eta ez zuen errekurtsoa aurkeztu; are gehiago, esleipena irabazi zuen enpresari kalte-ordaina eman zion eta kontratu-harreman guztiak amaitu zituen. Legegintzaldi honetan (2015-2019) ez zen urrats bakar bat ere eman, eta, gainera, HAPO berri baterako aurrekontu-partida kendu zen. Egungo adostasunaren mesedetan, hobe jarrera hori ez baloratzea.
8.- Abaroko proiektuari eta HAPO berriari ekin zaie berriro. EHBilduk eta EAJk 2020an lortu zuten aurrekontu-akordioa, eta "2011-2015 legegintzaldian aurreratutako lana kontuan hartuta, HAPO" bat idazteko konpromisoa hartu zuten biek. Akordio horretan PSE ere sartu zen. Prozesu luzea ireki zen: hasierako onarpena, hainbat alegazio-fase... baina 2021eko uztailaren 2an, Abaroko Plan Partziala idatzi zuen taldeak jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzaren ustez 2012ko akordioa iraungi egin dela eta aukera bakarra akordio berri bat berregiteko dela HAPO berria martxan egotea.
9.- Eta horrela gaude orain: HAPO berri bat esleitu da eta idazten ari da. Abaro garatzeko beharrezko urratsak egiten ari dira, 490 BPErekin (1999an aipatzen ziren 520 BPEak baino 30 gutxiago) eta institutu berria handitzeko lurren aldez aurreko lagapenarekin; Loiolako eta Asuko alokairu sozialerako BPEak garatzen ari dira, eta laster izango da horien berri zehatzik.
10.- Sopelako Auzo Elkarteak buru duen Sopelako Auzo Alternatibako zinegotzia bera aurkeztu duen errekurtsoak segurtasun juridikorik eza sortzen die jabeei eta Eusko Jaurlaritzari, eta, beraz, urteetan egindako lan hori guztia eta alde askoko NEGOZIAZIOAK bertan behera utz ditzake.
Orain proiektatu den "Abaro" ez da EHBilduk nahi duen Abaro, baina ezta EAJk edo PSEk edo Elkarrekin edo lurren jabeek nahi dutena ere... Abaro urte askotako lanaren emaitza da, eta oraindik hobetu daiteke udal eskumeneko gaietan: trafikoa, oinezkoen komunikazioak, merkataritza... baina ez 1999ko egoerara itzuliz.