1. Abaro beharrezkoa da. Abaroko eremuaren garapenak konponbidea ematen die etxebizitzan eta hezkuntzan ditugun arazoei. Izan ere, 400 BOE inguru eraikitzea ahalbidetzen du, Iberre Institutua handitzeaz gain. Sopelako gazteek herrian ikasi eta bizi ahal izateko irtenbidea da.
2. Abaro berandu dator. Hondartzetatik gertu eraiki diren etxebizitzak baino lehenago eraiki behar zen Abaro. EAJk txaletak eraikitzea lehenetsi du. Oraindik garatu ez diren bi eremu bakarrak Abaro eta Ripa dira, non Sopelarako aurreikusita dauden babes ofizialeko etxebizitza gehienak dauden (orain arte hirigintzako araudian aurreikusitako ia 1.000 eremuetatik 150 baino ez dira eraiki). Abaroren garapena 14 urtez izoztuta egon ondoren, 2013an, EH Bildu Alkatetzan zegoela (2011-2015 legegintzaldia), akordio bat sinatu zuten jabeek, Eusko Jaurlaritzak eta Sopelako Udalak sektore hori garatzeko. Hala ere, aurreko legegintzaldian, EAJ Udaletxeko buru zela, Abaroko proiektua geldirik egon zen berriro, EH Bilduren eta hezkuntza komunitatearen presioa gorabehera.
3. Orain da unea. Abaro garatzeko plan partziala aurkeztu da, baina hobetu daitekeen plana da. Jabeek Plan Partzialaren proposamena aurkeztu dute. Azkenean, sektorearen garapena desblokeatu da. Hala ere, EH Bilduk uste du jabeen proposamena hobetu daitekeela.
4. Alegazioak aurkeztu ditugu. Oinezkoentzako sarbideak, genero-ikuspegia, ingurumena, etxebizitzen kalitatea eta trafikoaren zirkulazioa hobetzea proposatu dugu. Zehazki: oinezkoei dagokienez, Abaro eta Sopelako erdigunea lotzea, metroaren bideak gaindituz; oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurriak, genero-ikuspegitik; zuhaitz gehiago eremu osoan; etxebizitza guztiek gutxienez bi orientazio izatea eskatzen dugu (ez bakarrik iparraldera begira, adibidez), energia-eraginkortasuna bermatzeko; eraiki beharreko etxebizitzen kopuruari muga bat jartzea, neurri duinak izango dituztela bermatzeko; tokiko komertzioa sustatu, saltokien dimentsioa mugatuz eta errepide nahiz oinezkoentzako guneetan kokatuz.
5. Gure alegazioei emandako erantzunak ez zaizkigu gustatu. Abaro eta Sopela lotzeko pasabide bat eraikiko dute metroaren gainean, eta zuhaitzak areagotuko dituzte eremu osoan. Gure gainerako alegazioak ez dituzte onartu.
6. Zer egingo dugu orain? Alegazioak aurkezteko beste epe bat ireki denez, EH Bildun aztertzen ari gara nola aurkeztu eta defendatu gure proposamenak, batez ere trafikoaren arazoarekin lotutakoak. Arrazoi asko ditugu borroka horretan jarraitzeko.
7. Abarok Larrabasterra osoari egin behar dio mesede. Auzoko arazoak arintzeko eta auzotarren bizi-kalitatea hobetzeko balio behar du: merkataritza-lokalak; udal-instalazioak; Iberrotako berdegunea berroneratzea, Urkoko hezegunearekin eta kirol-gunearekin lotzeko; Iberreko antolamendua eta urbanizazioa; Aldundiarekin negoziatzea Gatzarriñeko eta Olabideko trafikoaren arazoari konponbide integrala emateko, gure kaleetatik kanpo zirkulazioa desbideratuko duen saihesbide bat eraikiz.
INFORMAZIO GEHIAGO