Uztailean, Sopelako Udalaren gizarte-ekintzako eta berdintasuneko informazio batzordean, konfinamendu garaian genero-indarkeri 7 kasu izan direla aipatu zen. 7 emakume, beraien erasotzaileerekin gau eta egun bizi behar izan dutenak.
Ezin dugu onartu Sopelan indarkeria matxista kasu bakar bat ere egotea. Denon erantzukizuna da eraso horiei aurre egitea, baina erakundeok, erantzukizun osoa daukagu: ez da nahikoa indarkeria-adierazpen instituzional jakin batzuk kaleratzea. 2020an jadanik hiru adierazpen izenpetu ditu Sopelako Udalak: emakumeen kontrako indarkeriaren ingurukoa, Martxoaren 8koa eta LGTBI komunitatearen eskubideen aldekoa. Horrelako kasu bat gertatzen den bakoitzean, salaketa irmo eta sendo bat egiteaz gain, gertakaria eragin duten arrazoietara jo behar da, eta hori erakunde publikoen ardura da. Egoera horrek eskatzen du Sopelako egungo egoeraren benetako azterketa egitea eta egoera horri erantzungo dion talka-plan bat bultzatzea (kontzientziazio-kanpainak, erasotutako emakumeak laguntzeko bitartekoak, besteak beste).
Ez gara paradisu batean bizi. Adierazpen instituzional eta ekitaldi bukolikoez harago joan, eta 7 indarkeria-kasu hauen kontrako salaketa sendo bat egin behar dugu eta horrelakorik berriz gerta ez dadin bitartekoak eta ekintza zehatzak aurrera eraman.