AKTUALITATEA


| 2021-09-09 14:18:00

Herritarron bizi-kalitatea helburu

Krisi klimatiko eta ekologikoak eta azken urte eta erdian pandemiak berak erakutsi egin digute zeinen garrantzitsua den naturaren zaintza, herritarron zaintza ere ahalbideratzeko. EH Bilduk zuzenean lotzen du Naturaren babesa herritarron bizi-kalitatearekin.

 

Kritika gogorra egungo Sopelako herri-antolamenduari

Sopelak duen herri-antolamendua, hirigintza eta ingurumenaren alorrean, jasangaitza da. 1999ko arau subisidarioek (egungo hirigintza-araudiak) sortu duten herri-antolamendua erabat anti-sozial
eta anti-ekologikoa izan da: txaletak kostaldean eta naturaguneen zaintza eza. Hauxe izan da EAJ-ak Sopelarentzat izan duen garapen eredua. Eta eredu hori aldatzeko herriaren estrategia integrala izatea beharrezkoa da, naturguneen babesa eta herritarron bizi-kalitatea erdigunean jarriko dituena.

 

Sopela herri bizigarriagoa bihurtzeko erronka

2019-2023 legegintzaldirako herri-programan gure filosofia zehazten genuen: “Sopela bizia dugu amets. Etorkizuneko Sopela irudikatu nahi dugu. Herri atsegin, eroso eta erakargarriagoa. Zainduagoa eta garbiagoa. Kohesionatuagoa. Modernoagoa. Sozialagoa. Ingurune natural eta historiko babestuekin”. Zehazki, hirigintza- eta ingurumen-alorretan finkatzen genuen erronka: “Gaur egungo hirigintza eredua aldatu, Herria Antolatzeko Plan Orokorra ezarriz (HAPO), etorkizuneko Sopela modu orekatu eta jasangarrian antolatzeko (herri kohesioa, naturaguneak)”.

 

11 erronka zehatzak legegintzaldi honetan

Herri-programa iparrorratz hartuta, hainbat gaietan kokatu gara legegintzaldi honetan zehar. Esan beharra dago gai horietako asko (edo gehienak), EAJ eta PSEko udal gobernuarekin sinatutako 2020 eta 2021ko aurrekontu-akordioan sartuta zeudela. EH Bilduk akordio hori apurtu zuen uztailean, udal gobernuarekin izandako desadostasunengatik. Gauzak horrela, honako hauek dira EH Bilduk naturaguneen inguruan proposatzen duena:

1. San Andres-eko landak. Joan den legegintzaldiak EAJ-ak naturagune horretan institutu berri bat eraikitzea proposatzen zuen, Iberreko espazio arazoak konpontze aldera. EH Bildu erabat kontra agertu zen hasieratik. San Andreseko naturagunea zaindu eta berreskuratu behar da, herritarron gozamenerako eta Naturaren zaintzarako. Eremu horretan ez da bestelako ekintzarik egin behar.

2. Loroño, Zabalbide eta Lemotzako ingurunea. Bertan Zipiriñeko espazio arazoak konpontzeko hezkuntza-zentro berri bat eraikitzea proposatu genuen egungo Loroñoko aparkalekuan, inguruko artadia eta Lemotzako ingurunea ekologikoki berreskuratzeko proiektua aurkeztuz.

3. Urkoko hezegunea. EAJ-ak bertan kirol-hiria eraikitzeko asmoa zuen legegintzaldi hasieran. Hori zen beraien proiektu-izarra. Gure ikuspegia bestelakoa da: Urkoko hezegunea babestu eta handitu beharra dago, Iberrota plazaraino. Horretarako, proiektu zehatza aurkeztu dugu, naturagunea babestea proposatuz, auzokideen gozamenerako.

4. Abaroko Plan Partziala. Larrabasterrako zonalde hori hirigintza mailan garatuz, Urko- Iberrota ingurune osoa lur publiko bihurtuko da. Horrez gain, Gobela ibaia eta Gatzarriñe errepidearen arteko lur sailak ere publiko bihurtuko dira. Urkoko hezegunean proposatu dugun bezala, lur sail horietan proiektu zehatza garatu berri dugu, natura babestuz eta auzokideentzako aisialdirako aukerak sortuz. Esteka honetan duzue. Emaiozue begiratu bat!

5. Herrian bertan natura txertatu. Ez gaude ados EAJ-ak erdigunean abian jarri duen oinezkoentzako gunearekin. 2011-2015 legegintzaldiaren amaieran, EH Bilduk proposamen zehatza zuen, erakargarriagoa, porlana gutxiagorekin eta zuhaixka gehiagorekin. EAJ-ak proposamen hori blokeatu zuen joan den legegintzaldian. Orain abian jarritako esperimentua eskasa da erabat. Badaude beste proposamen batzuk mahai gainean, kontutan har ditzatela. Gauza bera Iberre auzoarekin. Kalearen eraberritzea abian jarri behar, ingurune biziagoa sortuz.

6. Urkoko saihesbidea. Trafiko arazoak konpontzeko 2011-2015 legegintzaldian trafikosaihesbideen inguruko azterketa gauzatu zen, hainbat alternatiba zehaztuz. Horien
inguruko prozesu partehartzailea egitea proposatu dugu. EH Bildu Erripako saihesbidearen alde egiten du (Udalaren menpe dagoena), eta zalantzak ditu Urko saihesbidearen inguruan. Saihesbide horrek Larrabasterrako trafiko arazoak konponduko lituzke baina kalte ekologiko garrantzitsua eragingo luke. Saihesbide hori Bizkaiko Foru Aldundiaren
menpe dago baina uste dugu erabakia Sopelan hartu behar dela. Herritarrok dugu azken hitza.

7. Barinatxeko aparkalekua aisialdirako espazio librea bihurtu. Arrietarako auzokideek bultzatutako ekimena babestu dugu, hau da, aparkalekua eta kotxeak kendu aisialdirako gunea bihurtuz zonalde hori. Naturak berreskuratutako ingurunea da.

8. Sopela, ingurune arkeologiko babestua. Auzokide batzuen ekimena babestu dugu azken hirigintza-batzordeetan. Egin dezala Sopelako Udalak ikerkuntza arkeologiko bat, herriko eremu arkeologiko garrantzitsuenak zehaztuz eta eska diezaiola Eusko Jaurlaritzari ingurune horiek babes arkeologikoko eremu izendatzea. Gure kultur ondarea babestu behar dugu, hirigintza eredu bortitzen kontra.

9. HAPO berria abian jarri, irizpide ekologiko eta feministaren ikuspegitik. 2011-2015 legegintzaldian, EH Bildu udal gobernuan zegoelarik, HAPO berri baten lizitazioa martxan jarri zen. EAJ-ak blokeatu zuen joan den legegintzaldi osoan zehar. Guk HAPO berri bat abian jartzearen garrantzia ikusten dugu, 1999ko arau subsidiario zaharkitu eta atzerakoiak gaindituko dituena ekologikoaren eta feminismoaren ikuspegitik (zaintza eta natura erdigunean). EAJ-ak legegintzaldi honetan HAPO berria abian jartzeko borondatea du baina ez du kontutan hartu gure ekarpenik handiena: Sopelako hirigintza-antolamendua irudikatuko duen enpresa aukeratzeko irizpide ekonomikoez gain bestelako irizpide kualitatiboak ere kontuan hartzeko. Ez dugu hirigintza-enpresa erraldoirik nahi gure HAPOa definitzeko, Sopela eraldatuko duten eragileak nahi ditugu, ordea.

10. Sopelako industrialdea. Begi bistakoa da Sopelako industrialdeak azken urteetan izan duen desmantelatze-prozesua, deslokalizazioak barne. Industria ez bada Sopelako egitura ekonomikoaren etorkizuna, kontu handia izan behar dugu industrialde horri emango zaion erabilerari. Sopelak etxebizitza gehiago beharko ditu?, edo naturagune eta aisialdirako gune gehiago?, zeintzuk interes daude horren atzean?

11. Uribe Kostako naturguneen babesa. Uribe Kosta EH Bildu gure eskualdeko naturaguneak identifikatzen ari da, biodibertsitatea bermatze aldera. Behin ingurune horiek
zehaztuta, gehienak jabetza pribatukoak, lur horiek publifikatzeko estrategiak abian jartzea da gure helburua. Esate baterako, Barrikan eta Urdulizen zenbait lursailen erosketa proposatu berri da, ildo honi jarraituz.

 

Kiribile elkartea
Sopelako naturaguneak babesteko elkarte bat sortu berri da. Elkarte anitza, naturarekin konprometitutako hainbat herritar biltzen dituena. Sopelako EH Bilduk oso positibotzat jotzen du
naturaren babesarekin sortutako herri-mugimenduak eta kolektibo berri honekin lankidetzan aritzeko borondatea berresten du, Kiribile elkarteak proposatzen dituen neurriak aztertuz eta egokitzat joz gero, neurri horiek babestuz. Zorionak egiten ari zareten lanagatik eta aurrera, zuen ondoan izango gaituzue!

 

Argazkia: sopela.net ("Gure Larrabasterra maitea", Jose Mari Unanueren artikulua).