Pasaia

Pasaiako Udal Gobernuak tasa eta zerga igoera onartu du

Oposizioko alderdiok ezezkoa bozkatu genion igoera honi.

Zergak,Tasak | 2019-09-25 13:00:00

Atzoko plenoan, Pasaiako Udal Gobernuak (PSEE-PNV) tasa eta zerga igoera onartu zuen 2020 urterako, oposizioaren kontrako botoekin. Tasak %2 igotzea erabaki zen, zergak aldiz %1.

Pasaiako EH Bilduko zinegotziok, galdera hauek planteatzen dizkiogu geure buruari:

  1. Udal Gobernuak onartu dituen igoerak egokiak dira?
  2. Igoera edo neurri hauek ba al dute helburu estrategikorik?
  3. Pasaitarron gain aplikatuko den presio fiskala egokia da edo zama handia da?
  4. Diru-bilketarako erabiltzen ditugun baliabideak zein erramintak efizienteak eta  nahikoakal dira?
  5. Gure inguruan ditugun erakundeek nahikoa babestu eta laguntzen gaituzte?

Gure ustez, Udal Gobernuak onartu zituen igoerak ez dira egokiak. Azken urteetan, Gobernu honek igoera orokortuak besterik ez ditu onartu, eta neurri hauek, ez dute inongo helburu fiskalik; xede bakarra kontuak koadratzea da. EH Bildutik igoera neurrizkoago baten aldekoak gara, KPI-aren araberako igoera bat (momentu honetan %0,61ekoa litzatekela). Pasaiako egoera sozio-ekonomikoa denongatik aski ezaguna da, eta INEko azken datuek babesten duten bezala, Trintxerpeko barrutia Gipuzkoako pobreena da errentari dagokionez.

Gainera, ez dugu uste gure inguruan ditugun erakundeek behar bezala babesten gaituztenik. Aspaldiko kontua da, bai, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak Foru Funtsaren bidez egiten duen banaketa ezegokia dela uste dugu. Pasaiak dituen hainbat berezitasun eta behar ez dira banaketa horretan kontutan hartzen, eta ondorioz, jaso beharko genukeena baino askoz gutxiago jasotzen dugu.

Legealdi hasieran egin genuen bezala, berriro ere gure elkarlanerako proposamena luzatu genuen plenoan. Instituzioetara elkarrekin joateko prest gaude, herri gisa, Pasaiari eta pasaitarroi dagokiguna defendatzeko.

Horregatik eta aurretik aipatutakoengatik, EH Bilduk kontrako botoa eman zion Udal Gobernuaren proposamenari.

Lehen indar gisa eta herri akordioaren bidean, EH Bilduk ordezkaritza adostua eskatzen du

Pasaiako EH Bilduko kideak Junkal Mintegia babesten lehen udalbatzarraren ostean.

Politika,Akordioak | 2019-06-18 11:00:00

Udal osaera

Pasa den 15ean PSEren eta EAJren arteko itunak eragin zuen zerrenda bozkatuenak, EH Bilduk, alkatetza ez eskuratzea. Akordioak zilegiak badira ere, Pasaiako honek herritarrekiko errespetu falta erakusten duten bi ezaugarri nabarmen ditu. Bata, itun hori ez dago Pasaiako beharretan oinarrituta, oinarri programatikorik ez duenez ez baita Pasaia hobea egiteko adostasunetik sortu. Bestea, akordioa onuragarria eta zintzoa izan dadin ezinbestekoa den osagai bat falta zaio: gogo onez egina izatea. Bi alderdi horietako arduradunen arteko ezinikusi publikoak izanik, itun honek ez du inola ere bermatzen gobernu koalizioa sendoa izatea. Baldintza hauetan zintzoagoa eta herriarentzat onuragarria izango zen hauteskundeetako irabazleari bidea libre uztea, EAJren kasuan, gainera, publikoki horrela iragarri zuela kontuan hartuta. Egoera tamalgarri horren aurrean EH Bildukook arduraz beteko dugu pasaitar gehienek eman diguten mandatua, herri akordio bat lideratzea.

Pasaia duin baten aldeko akordioaz alderdiei

Udal osaeran Pasaiak behar duen adostasunez aritzeko aukera galdu izanak eskatzen duen kritika politikoa eginda, EH Bildu ez da iraganera begira geldituko. Argi eta garbi berretsi nahi dugu kanpainan zein udala osatu aurretik egindako elkarlanerako deia. Urteen poderioz normalizatu egin dugun arren, Pasaiak bizi duena larrialdi egoera da eta, beraz, larrialdiko neurriak behar ditu. Lehena, indar politiko guztien arteko akordio bat, duintasun kontua diren egoerak gainditzeko. Gobernatzeko ardura hartu dutenei dei egiten diegu adierazitako elkarlana bideratzeko mekanismo zehatzak proiektu bozkatuenarekin adostu ditzaten.

Era berean, hurrengo plenoan aukeratu beharreko udalaz gaindiko erakundeetako ordezkaritza adostua izateko dei egiten diegu.

Pasaia duin baten aldeko akordioaz herritarrei

Pasaiako bizi-baldintzak udalerritik kanpo hartzen diren erabakien menpe egonik, udalak egin ditzakeen ahaleginek ezinbesteko dute herritarron bultzada. Horregatik, irailetik aurrera harremanak garatuko ditu EH Bilduk alderdiekin ez ezik herritarrekin eta herri eragileekin pasaitarron duintasunaren aldeko akordio handi hori lantzeko.

ALBISTEAK

Antxon, elkarbizitza, elkartasuna eta segurtasuna

2020-09-10 14:30:00

Pasaiako EH Bilduren zinegotziak Antxoko Zumardian.

Instituzio nagusiek Pasaiarekiko eta Pasaiako Portuarekiko duten arduragabekeria salatzen du EH Bilduk

2020-08-01 14:00:00

Artxibo irudia. Pasaiako EH Bilduko zinegotziak Pasai Antxo eta Buenavistako moilaren parean.

2019-2020 ikasturte politikoaren balorazioa

2020-07-23 14:00:00

Pasaiako EH Bilduko zinegotziak San Pedroko Torreatzen (Argazkia: Elena Viñas).

EH Bilduk eskatuta batzorde berezia sortu da San Pedron eta Donibanen ematen ari diren zenbait egoerari irtenbidea emateko

2020-07-18 12:40:00

Torreatzeko trafiko ordenamendua zein Donibanen gertatzen ari diren hainbat egoera jorratuko ditu batzordeak.