AKTUALITATEA


| 2026-08-27 12:20:00

EH Bilduren talde parlamentarioak ekimen bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzari informazio zehatza eskatzeko Pasaiako portuan berriki izandako suteari buruz eta gertakariaren inguruko gorabeherei buruz.

Ekimenaren xedea da zuzenean ezagutzea zerk piztu zuen sua, zer egin zen horrek iraun zuen bitartean eta sutearen ondoren, eta zer neurri hartu diren horrelako gertakari bat berriro gerta ez dadin.

EH Bilduren ustez, gertatutakoak agerian uzten du berriro ere prebentzio-, segurtasun- eta ingurumen-babeseko neurriak indartu behar direla badiaren bihotzean eta hirigunez inguratuta dagoen azpiegitura batean.

Horrelako gertakari baten ondorioak ez dira, inondik inora, portu-esparrura mugatzen. Zuzenean eragiten diete Pasaiako eta inguruko udalerrietako milaka biztanleri. Kearekin, ziurgabetasunarekin eta suteak eragindako eragozpenekin bizi behar izan zuten, bai eta horiek osasunean eta ingurumenean izan zitzaketen ondorioen inguruko kezkarekin ere.

Horregatik, Pasaiako EH Bildutik ezinbestekotzat jotzen dugu zehatz-mehatz jakitea zein material egon ziren sutean inplikatuta, zein izan ziren horren kausak, zer arrisku sortu zituen herritarrentzat eta ingurumenarentzat, zer larrialdi-protokolo aktibatu ziren eta nahikoak izan ote ziren, eta zer neurri planteatzen diren etorkizuneko gertakarien prebentzioa eta erantzuna hobetzeko.

Gardentasuna eta prebentzioa

Herritarrek eskubidea dute jakiteko zer gertatu zen, zer arrisku egon ziren eta zer neurri hartuko diren antzeko egoera bat berriro ez gertatzeko.

Pasaiako EH Bildutik eskatzen dugu eskumena duten administrazioek gardentasunez joka dezatela eta suteari buruzko informazio guztia eman dezatela. Ezin dugu normalizatu horrelako gertakari bat badian bertan eta milaka bizilagunez inguratuta dagoen azpiegitura batean gertatzea.

Bereziki beharrezkotzat jotzen dugu Pasaiako portuaren kudeaketan inplikatuta dauden erakundeen eta badiako udalerrien arteko koordinazioa indartzea. Segurtasuna eta ingurumen-babesa ezin dira modu isolatuan jorratu portu-esparruan garatutako jarduerek hiri-ingurunean zuzeneko eragina dutenean.

Portuko jarduerek ere kontrolpean egon behar dute

Suteak mahai gainean jarri du, berriz ere, Pasaiako EH Bildun urte luzez mahai-gaineratu izan dugun gai bat: Pasaiako portuan egiten ari diren jardueren egoera administratiboari, ingurumenari eta segurtasunari modu integralean heltzeko beharra.

Ezin dugu beste gertaera bat izan arte itxaron. Beharrezkoa da jakitea ea dauden jarduera eta instalazio guztiek dagozkien ingurumen-baimenak eta gaikuntza-tituluak dituzten, ezarritako baldintzak betetzen dituzten, eta ea kontrolak eta prebentzio-neurriak nahikoak diren herritarren segurtasuna eta ingurumenaren babesa bermatzeko.

Arlo horretan, Eusko Jaurlaritzak ingurumen-eskumen garrantzitsuak ditu, eta horiek arduraz baliatu behar ditu. Autonomia-erkidegoen eskumeneko ingurumen-baimena behar duten jarduerek baldintza jakin batzuk bete behar dituzte, hain zuzen ere, ingurumenean eta osasunean izan ditzaketen ondorioak prebenitzeko eta kontrolatzeko.

Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak erabat gauzatzea eta beste alde batera begiratzeari uztea. Pasaiako, Lezoko eta badia osoko biztanleen segurtasuna ezin da egon administrazio bakoitzak bere aldetik jardutearen mende, eta ezin da ziurgabetasunik egon portuko jarduera jakin batzuk garatzeko baldintzei buruz.

Suteak inflexio-puntu gisa balio behar du. Jakin nahi dugu zer baimen dauden, zer kontrol eta ikuskapen egin diren, zer ez-betetze detektatu diren, zer neurri zuzentzaile eskatu diren eta zer egingo duen Eusko Jaurlaritzak portuko jarduerek eska daitezkeen ingurumen- eta segurtasun-baldintzak betetzen dituztela bermatzeko.

Portua ezin da badiari bizkarra emanda kudeatu

Azkenik, gogoratu beharra daukagu EH Bildun urteak daramatzagula Pasaiako Portuaren gobernantza-eredu berri baterantz aurrera egiteko beharra defendatzen, badiako udalerriak eta azpiegitura horrekin egunero bizi diren herritarrak kontuan hartuta.

Gertatutakoak berriro erakusten du portuaren kudeaketa ezin dela inguruko herriei bizkarra emanda egin.

Kontua ez da soilik sutearen egunean zer gertatu zen jakitea. Kontua da gertatutakoa aztertzea, egon daitezkeen gabeziak identifikatzea eta badiako biztanleria etorkizunean hobeto babestuta egon dadin beharrezkoak diren neurriak hartzea.

Horregatik, ekimen honek erantzunak lortzeko balio izatea nahi dugu, eta, batez ere, segurtasun-protokoloak indartzeko, suteen eta bestelako istripuen prebentzioa hobetzeko, erantzun azkarra eta koordinatua bermatzeko eta portu-jarduerak herritarrengan eta ingurumenean duen eragina minimizatzeko neurri zehatzak bultzatzeko.

Pasaiako EH Bildutik administrazio guztiek dagozkien eskumenak gauza ditzatela eskatzen jarraituko dugu, eta segurtasuna, pertsonen osasuna eta gure ingurunearen babesa beste edozein interesen gainetik egon daitezela.

Sutea ezin da gertaera isolatu batean geratu. Mugarri bat markatu behar du, Pasaiako portuko segurtasunari, industria-jarduerari eta ingurumen-babesari heltzeko.