AKTUALITATEA


| 2020-12-07 12:00:00

Datorren urteko udal aurrekontua COVID-19ak eragindako krisi handi baten atarian kokatzen da, mota askotariko krisia: soziala, ekonomikoa, zaintzarekin lotutakoa, gizarte-zerbitzuena…Pasaian dagoeneko jende askok jasaten zuen krisia, eta egoera honek hori okertu besterik ez du egin. Horregatik, udal ekimenak inoiz baino sendoagoa behar du izan eta jarduera politikoa herritarren kezka eta premiekin erabat lotuta behar du egon.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk hurrengo proposamen zehatzak egin ditu datorren urteko udal aurrekontuarekin lotuta:

  1. Bertako txikizko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuei laguntzeko talka-plana abian jartzea (diru-laguntza zuzenak, bono kanpainak, negozio berriak irekitzeko diru-laguntzak, paisaia plana…).

  2. Udalak segurtasunez egin daitezkeen ekintza eta programa guztiak mantentzeko eta handitzeko ahalegina egin dezala (ekintza kulturalak, herriko elkarteekin lotutakoak, kirolari dagozkionak...).

  3. Pasaiako etxebizitza udal plana garatzea (etxe hutsen diagnostiko eguneratua, udal-errolda publikoa, etxeetan efizientzia energetikoa eta irisgarritasunarekin lotutako obrak egiteko diru-laguntzak, alokairu publikoaren merkatua dinamizatzea…).

  4. Bizikidetza eta segurtasunarekin lotutako ekintza-plana garatu eta burutzea.

Azkenik, baina ez horregatik garrantzia gutxiagokoa, EH Bilduk alderdi politiko guztion arteko akordio zabalak egikaritzea proposatu du, Pasaiarentzat egiturazkoak diren gaietan eta proiektuetan. Horien artean, portu-hiri bizikidetzari dagokiona, Antxoko Topoaren lurrazpiratzeari eta horrekin lotuta doan eraikin soziokulturalaren kokapena erabakitzearen ingurukoa, AdinBerri erresidentzia berriari eta Hospitalilloko parkingari dagozkionak, Donibaneko saneamenduari dagokiona edota Antxok behingoz anbulategi definitibo bat izan dezan eskatzen duen akordioa.

Laburbilduz, hau da EH Bilduk proposatu duena: udalaren kudeaketa zorrotzaz ahalmen guztiak aktibatzea eta ahalik eta errekurtso gehien bideratzea egoera larri honetan inor atzean gera ez dadin, eta honekin batera, denon artean Pasaiak behar-beharrezkoak dituen proiektuak denon artean eta ahots bakarrarekin defendatzea.