AKTUALITATEA


| 2020-05-27 16:30:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak udalen finantzazioa %20an murriztea erabaki du, aldebakarrez. Udalek komunikabideen bidez jakin duten murrizketa horrek Pasaiako kasuan 2.346.393,89€ gutxiago jasoko dugula suposatzen du, Pasaiako aurrekontuaren %10a, hilabete honetatik bertatik hasita.

Inoiz ez da horrelakorik gertatu Gipuzkoan, inoiz ez zuen Aldundiak horrelako erabaki bat hartu udalen aurka, hain zuzen herritarrengandik gertuen dauden erakundeen aurka.

Zentzu honetan, Pasaiako EH Bilduk bere dezepzioa adierazi nahi du atzoko Pasaiako plenoan Pasaiako EAJ eta PSEk Aldundiak udalen aurka hartu duten erabaki honen aurrean izan zuten jarrerarengatik. Bien artean duten gehiengoa baliatu zuten gure proposamena atzera botatzeko eta onartu zuten adierazpenak ez du erabakia salatzen ez eta Aldundiari erabakia birpentsatzeko eskatzen. Hainbestekoa da euren alderdiei obedientzia 2.346.393,89€ gutxiago jasoko ditugula eta ez direla gai ezer ere ez esateko?

Gipuzkoako udalek ezin dute murrizketa hau onartu, eta are gutxiago gurea bezalako egoera zailean dagoen udal batek. Beste behin EAJk eta PSEk gure herriarenak ez diren interes batzuk lehenetsi dituzte, beste behin erabakiak gure herritik kanpo hartzea onartu dute, pasaitar guztion kalterako.

Pasaiako EH Bildutik ez dugu amore emango. Gure herriak behar eta merezi duen finantzazioa borrokatzen jarraituko dugu beharrezkoa den instituzio guztietan eta orain arte egin dugun bezala, beste taldeei proposamenak luzatzen jarraituko dugu, EH Bildu alkatetzan dagoen herrietan (Errenteria, Oiartzun, Zumaia...) jada indarrean dauden laguntzak eta ekimenak Pasaian ere aurrera eraman daitezen, lehenbailehen.