AKTUALITATEA


| 2020-09-19 12:00:00

Luze doa, oso luze, Pasai Donibaneren funtsezko premiak asetzea.

Bertako bizilagunen premiak beti-geroko uzten dituen udal gobernua dugu Pasaian, eta turismoaren eta bisitarien masifikazioari aurre egiteko neurriak ere auskalo noizko. Uda honetan, COVID-19ren eragina gehituta, oso nabarmena izan da udal zerbitzuen eskasia: garbiketa, udaltzaingoaren presentzia ahula, puntetarako bidearen egoera, komuna publikoak,... eta horrek, eragin nabarmen negatiboa izan du sanjuandarron bizi kalitatean.

Uztailean, EH Bilduren proposamenak mahai gaineratu eta batzorde berezi bat osatzea ahalbideratu genuen, lehenbailehen premia horietako batzuk ase nahian. Baita Santiago Plazan terrazak egokiago moldatzeko ordenantza aldaketa proposatu eta onartu ere. Baina, jakina denez, ez da nahikoa izan.

Zer esanik ez saneamenduaren inguruan, oraindik ere beste proiektu baten zain. Bidegorria, berdin. Motora lurralde garraio egituran uztartzea, utopia, eta bertokoentzat aparkatzeko sistema berezitua, auskalo noiz.

Sanjuandarrok merezi dugu herria bideratzeko, guztion elkarlana beharrezkoa da. Jakina. Baina, batez ere, udal gobernuak bere erantzunkizunei gogotik heltzea. Bestela, zertarako zen PNVk PSOEri oparitutako alkatetza hau?

Utzikerian erdi-lo eta noraezean dabil udal gobernua. NOIZ ARTE?