AKTUALITATEA


| 2019-10-30 13:00:00

Pasaiako EH Bilduk atzoko plenoa oso era baikorrean baloratzen du, herritarren bizitza zentroan jartzen duten alorretan adostasun zabalak lortu zirelako, kasu batzuetan aho batekoak.

Bereziki poztekoa da guretzat egungo Pasaiako zahar egoitzaren geroaz plenoan lortutako adostasuna. EH Bildun argi dugu herri gisa defendatu behar dugula Pasaiak behar duen zahar egoitza berria, jada eraikita beharko lukeena, eta horrekin batera zaintza duina eta guztientzakoa. Horretarako da Aldundiarekin Udalak sinatuko duen hitzarmena, zeinak bermatzen duen orain arteko egoitza ere gizarte arloari atxikitua eta, zehazkiago, gure aiton-amonen zaintzari atxikitua iraungo duela beti. Hitzarmenak, beraz, alde guztien artean landu izanak eta adostu izanak pozten gaitu.

Bide beretik, Antxon gaur egun erabiltzen ez diren trenbideen espazioa berreskuratzearen alde lortutako adostasuna oso garrantzitsua da. 800 sinadura bildu ondoren, plenoan lortutako talde guztien babesa gakoa da, gure ustez, hemendik aurrera egin beharreko lanketa partekatuan. Espazio horren berreskuratzeak garrantzi handia du gure herriaren geroari begira.

Egindako lana herritarrei aitortzeaz gain, eskertzen diegu plenoan bertan guztien artean adostasuna bilatzeko azaldutako borondatea, EH Bildurentzat lurrak berreskuratzea bezain garrantzitsua baita ur-laminarekin lotura berreskuratzea.

Aitzitik, ez da nahikoa diagnostikoak eta helburuak adostea. Hauek gauzatzeko burutu beharreko ekimen zehatzak adostu behar ditugu: helburu bat, bide orri bat. Horren alde egingo du EH Bilduk herritarrekin zein udaleko taldeekin.

Zentzu honetan, atzo bezalako adostasunak bilatzen jarraituko dugu beste alorretan ere.