AKTUALITATEA


| 2019-10-11 13:00:00

Esaten da gobernuak baloratzeko kortesiazko 100 egun utzi behar direla, eta 100 egun baino gehiago egin ditu Izaskun Gomezek zuzentzen duen udal gobernuak, 100 egun zeinetan PSE eta PNVren artean ardurak banatzetik haratago ez duten ezer egin, ez gobernu programarik, ez proiektu nagusien inguruko adostasunik ere. Ardurak banatu eta herritarrekiko arreta orduak murriztu, dena esan beharra badago.

Herritarrek azken hauteskundeetan Pasaiako lehen indar bilakatu gintuzten, eta konfiantza horri erantzunez, ekinbidea hartu dugu EH Bildutik, are gehiago PSE eta PNVren paralisia ikusita.

Izan ere, hauteskundeen aurretik behin eta berriz esan genuen bezala, gure herriaren erronkek talde guztien arteko elkarlana eta adostasuna eskatzen dute, eta berdin pentsatzen jarraitzen dugu. Ildo horretan, azken plenoan proposatu genuen udal talde guztien artean Portuaren ingurumen eraginaren protokoloa berritzeko adostasuna bilatzea, badiaren inguruan bizi eta lan egiten dugunon bizi-kalitatea erdigunean jarriz.

Udal gobernuaren aldetik, ordea, ez da inolako ekimenik martxan jarri. Ez dago berririk lau urteko atzerapenarekin datorren zahar egoitzaz, ezta hamarkadetako atzerapenarekin datorren saneamenduaz, topoaren lurperatzeaz, edota San Pedroko lonjaz. Zeintzuk dira legealdirako gobernu berriaren asmoak? Zeintzuk euren arteko adostasunak? Soilik euren artean ardurak banatzea?

Eta berriro diogu, gakoa ez da soilik udal gobernuko bi alderdiak ados jartzea, talde guztiak ados jartzea baizik; baina lehen indarrari gobernua kendu ondoren, zer gutxiago udal gobernu plan bat izatea eta aurkeztea baino?

Pasaiako EH Bildutik gure herriarentzat proposamenik onenak lantzen, eta herritar, eragile zein beste talde politikoei proposamen horiek eskaintzen jarraituko dugu, herritarrek eman diguten konfiantzari erantzunez.