AKTUALITATEA


| 2020-04-23 20:45:00

Joan den asteartean, Etxerat euskal presoen, erbesteratuen eta erbesteratu politikoen senitartekoek eta hurbilekoek prentsaurrekoan salatu zutenez, “Estatu espainiarreko espetxeetan alarma-argi guztiak piztu dira”,  birusaren izurriteari aurre egiteko Osasunaren Mundu Erakundeak, Nazio Batuek eta Europako Kontseiluak gomendatutako neurri espezifikoak ez direlako hartu.

“Izurritearen prebentzioa egiteko eta hari eusteko oinarrizko neurriak ere ez dira hartu”, dio kolektiboak, eta salaketan gaineratu du presoentzat ez dagoela “ez eskularrurik, ez maskararik; ez zaie prebentzio-elementurik jarri, eta desinfektatzeko elementuei dagokienez, ez bakarrik ez dizkiete eman, batzuetan, debekatuta ere badituzte”. Espetxeetako egoera kezkagarriak berehalako ekintzak eskatzen ditu.

Ordiziako presoen egungo egoera hurbilagotik ezagutzeko, elkarrizketak hasi ditugu haien senideekin. Gaur Mariaje Arriagarekin hitz egingo dugu, Rufino Arriagaren arrebarekin. Rufinok 23 urte beteko ditu espetxean azaroan.

Nola eragiten dio alarma-egoerak presoen egoerari? Zer transmititu dizue ‘Txufi’-k?

Aste honetan salatu da ez dagoela horri buruzko informazio ofizialik; daukaguna presoek eman digute. Gutxieneko segurtasun eta higiene-neurriak ez dira hartu espetxeetan. Sevillan –Arriaga dago bertan— funtzionarioek otorduak eskularruak eta maskara jantzita ekartzen dizkietela besterik ez dute nabaritu.

Egoeraren larritasunaren ulertzeko, Sevillako kartzelan 1.300 preso inguru daude, eta bi mediku baino ez. Osasun plantilla ez da handitu.

Anaiarekin izan genuen azken komunikazioan esan zigun hamabi edo hamahiru kutsatu zeudela espetxean.

Rufinok bizi duen isolamendu-egoera are gehiago korapilatzen da egoera horretan.

Bai, erabat isolatuta dago -1. graduan dute-, eta modulua partekatzen du beste bost presorekin, 4 kiderekin eta preso sozial batekin. Egunean 4 orduz irteten dira patiora, eta ez dute beste inor ikusten. Gainera, alarma-egoera agindu zenean, prentsa idatzia emateari utzi zioten. Telebista eta irratia besterik ez dute izan, beraz, informaziorako eskubidea mugatu egin zaie, eta aste hauetan ezin izan dute ohiko irakurketa egin. Badirudi orain murrizketa hori malgutzen hasi direla.

Ba al dago desberdintasunik preso sozialentzat eta politikoentzat hartutako neurrien artean?

Isolatuta daudenez, salbuespen-politika bati lotuta daude, ordutegi berberekin eta beste jarduerarik gabe. Beraz, hori ez da asko aldatu.

Nola egiten duzue komunikatzeko?

Telefono deiak ditugu bakarrik. Martxoaren 7an izan zuen azken bisita, eta hurrengo astean bertan behera geratu ziren. Bideo-deiak egiteko aukera eskatu dute, baina aukera hori ukatu egin diete, estaldurarik ez dagoela argudiatuz. Oso gaixorik dagoen senitartekoren bat edo adin txikiko haurrak dituzten presoek bakarrik egin ditzakete.

Aldatu den gauza bakarra da lehen astean zehar egin zitzaketen 8 deietatik (8 minutukoak) 12 egiteko baimena eman dietela.

Gaur egun ez dakigu noiz arte egongo garen bisitarik gabe eta noiz arte pairatu beharko duten egoera hau. Pentsa zein egoeratan dauden preso gaixoak, adinekoak, 3/4 beteta dute dituztenak...

Nola dago bera?

Orain, triste eta kezkatuta. Ramon Angel bere lagun mina, errefuxiatu ohia, koronoabirusarekin hil berri da. 30 urte igaro zituen hura ikusi gabe, harik eta etxera ekarri zutenetako batean agurtzeko aukera izan zuen arte. Etxera bueltan hura besarkatzea amesten zuen; kolpe gogorra izan da.

Eta oso kezkatuta dago amagatik eta gu guztiengatik. Amak 89 urte ditu eta gaixorik dago, eta hari eta guri ezer ez gertatzea besterik ez du buruan.

Espetxea oso espazio txikia da, sentimenduek beste dimentsio bat hartzen dute bertan.