AKTUALITATEA


| 2020-07-06 14:46:00

 

Azken orduetan Ordizian agertu diren COVID-19aren positibo kasuak direla eta Ordiziako EH Bilduk kanpaina ekitaldiak bertan behera uztea erabaki du. Kezkatuta ez ezik, Ordiziako EH Bildu arduratuta baitago egoera honek izan ditzakeen ondorioengatik.

 

Ardura hori dela-eta, EH Bilduko alkatea eta udal talde osoa buru belarri ari dira osasungintzako aditu eta langileekin lanean herrian ager litezkeen positiboak identifikatzeko eta balizko fokua kontrolatzeko lanean. Arduratuta eta prest neurri zorrotzak hartzeko, kutsatze foku izan litezkeenak ixteko, behar diren PCR proba guztiak egin daitezen bermatzeko eta balizko fokoa kontrolatzeko.

Pertsona erdigunean jartzea izan da eta da pandemia hasi zenetik gure helburu bakarra. Ardura horrek garamatza kanpainako ekitaldiak bertan behera uztea.

Halaber, une larri hauetan, momentuko kezkaz eta larritasunaz haratago, ordiziarrei perspektiba izan dezaten eta arduraz joka dezaten eskatu nahi diegu. Arduraz osasunaren arloan bezalaxe, arduraz maila sozialean eta baita politikoan ere.

EHBilduk askotan esan du bizitza dela lehena, bizitza duinak jarri behar direla erdigunean. Halaxe esan dugu, eta halaxe ari gara egiten ardurak ditugun toki guztietan. Arduraz jokatzeak eta herritarron bizitza duinak lehenesteak eramaten gaitu, halaber, kritiko izatera COVID-19 delakoak eragindako krisiaz Udalaz gaindi egin den kudeaketarekin, eta baita ere kritikoak urte luzeetan bideratu diren gizarte politikekin eta murrizketekin, besteak beste.

Kritikoak gara, baina propositiboak gara. Horregatik  proposamen zehatzak ditugu egoera honi lehenbailehen erantzuteko. EH Bildutik argi daukagu zerbitzu publiko indartsu gabe ezin izango diogula aurre egin egoera berri honi. Hezkuntza indartu behar dugu, gaur eguneko baliabideak ez direlako nahikoak egoera berri honi erantzuteko; osasun sistema publikoan inbertsio handiagoa egin behar da, pandemiak berriro joko badu prestatu gabe egongo garelako; zaintza eredu berri batera joateko beharra dagoela ere erakutsi digu krisi honek; kalitatezko enplegua sortzeko eta gure ekonomia produktiboa berrasmatzeko itun zabalak beharko ditugula argi daukagu eta hori bilatuko dugu; jasangarria izango den herri eta mundu bat sortzera ere joan beharko dugu.

Arduraz jokatzeko garaia da eta hori da orain ordiziarrei eskatu nahi dieguna. Bete ditzagula, ahal dugun neurrian, ezarritako osasun protokoloak. Zaindu gaitezela gutariko bakoitza hurkoa bezala.

Orain arduratsu jokatzeak etorkizunean nahi dugun herria eraikitzen lagunduko digu. Pertsonaren duintasuna defendatuko duen herria, zerbitzu publikoetan murrizketarik izango ez duena, hezkuntza eta osasun zerbitzu duinak eta indartsuak osatuko dituena, finean, herri bilatzen dugun herri justuagoa, kohesionatuagoa eta ekitatiboagoa.

Zaindu gaitezen elkarri. Gu prest gaude.