AKTUALITATEA


| 2020-07-19 15:47:00

 

Zorionak ordiziar guztioi joan zen igandean erakutsi genuen arduragatik. Zorionak osasuna lehenesteagatik. Eskerrik asko Ordiziako Udalak hauteslekuetan jarri zituen neurriak errespetatzeagatik. Eskerrik asko, mila bider, zuen konfiantza eman zeniguten 1.747 ordiziarrei. Eta, nola ez, EH Bilduren proiektua babestu duten 249.000 lagunei.

Uztailaren 12ko hauteskunde hauek betiko gogoan izango ditugu. Birusaren agerraldiak herrian eman zuen kolpearen ondotik, hamaika ahalegin egin behar izan baititu Udalak herritarron osasuna eta bozka eskubidea bermatzeko. Herriko EH Bilduren taldeak bertan behera utzi zuen kanpaina, lehen kutsadura kasuak ezagutu ziren bezain laster. Birusak eragindako pandemian zehar argi eta garbi utzi dugu pertsonak direla erdigunean jarri behar direnak, beste edozerren gainetik, eta horregatik adierazi dugu gure kezka kontestu desegoki honetan hauteskundeak egiteagatik.

Uztailaren 12az geroztik gero eta argiago ikusten ari da (Zarautzen, Tolosan, Tuteran… birusaren agerraldiak izan dira) arrazoiak zeudela hauteskundeak bertan behera utzi eta atzeratzeko.

Oso hausnartzekoa da abstentzioak izan duen goraldia. Zerk eragin duen sakonki aztertu behar dugu politikagintzan gabiltzanok, guztion erantzukizuna baita herritarren parte-hartzea bermatzea.

Halabaina, kontestu zail honetan, herrian zein erkidego osoan, EH Bilduren proiektuak herritarren babes masiboa jaso du. 2016ko hauteskundeetatik 230 bozka gehiago izan ditugu Ordizian eta 23.000 EAEn. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu herritarron proiektuan konfiantza jarri duten herritar guztiei.

#prest geundela esan genuen eta #prest gaude pandemia honek sortu duen bizimolde berriari egokitu eta gure gizarteak dituen beharrei erantzuteko. Lanean jarraituko dugu herrian, elkarrekin, herritarron beharrak asetzeko eta guztion ongizatea bermatzeko. Eta indarrez segitzen dugu ezkerretik eraikitzen ari garen herria pertsonak erdigunean jarriz eraikitzeko; gatazkaren ondorioen konponbide juxtua lortzeko; preso eta iheslariak etxera ekartzeko; gatazkak eragin dituen zauriak itxi eta biktima guztien onarpena, justizia eta erreparazioa lortzeko. Denon artean denon herria eraikitzeko lanean segitzen dugu.

Eskerrik asko zuen ardurari esker gaur atzo baino indar gehiagoz aurrera jarraitzeko arrazoiak emateagatik.