Naomi Kleinen “Shock doktrina” liburu ezagunean autoreak aztertzen du nolako eragina duten gizakion psikologian desastreek edota gertaera traumatikoek. Bertan aztertzen du botereak nola baliatzen dituen larrialdiak eta egoera nahasiak erreforma ekonomikoak, sozialak edota politikoak ezartzeko, erreforma autoritario eta atzerakoiak. Izan ere, izan asko edo gutxi, dena galtzeko arriskua somatzen duena prest dago eskubideen urraketak onartzeko segurtasun eta ziurtasunaren esperantzan.
Azken hilabeteotan (gure gizartea erdibiturik dagoen honetan: erdiak oraindik beldurrez edota burutik ezin kendu jasan duguna, erdia ahalik eta azkarren ahaztu nahirik guztia) hainbat ikerketa enpiriko egin dira frogatu dutenak gaitz kutsakorrak jasaten dituzten herrietan eta garaietan jendarteak itxiagoak, konformistagoak eta tradiziozaleagoak izaten direla. Era berean, “estres parasitarioaren teoriek” frogatu dute jendarte horietan gutxiago garatzen direla balio eta praktika demokratikoak.
Zentzu horretan, Estatu Batuetan eta Polonian martxoan esperimentu bana egin dute. 1.237 herritar bi taldetan banatu zituzten, eta talde batekoei COVID-19aren inguruko informazioa eman zitzaien irakurtzeko, bestekoei ez. Ikusi ahal izan zen irakurketa horiek antsietatea eragiten ziela herritarrei, eta, ondorioz, segurtasuna, ordena eta estabilitatea bilatzen zutela. Azken emaitza izan zen talde horretako kideek nagusiki hautagai kontserbadoreak aukeratu zituztela hauteskundeetan.
Bartzelonako unibertsitateak ere martxoaren 27tik 30era pandemiak eragindako egoerari buruzko inkesta egin zien estatuko 1.600 herritarri. Emaitzek erakusten dute herritarren artean joera orokorra dela onartzea oinarrizko eskubideak baztertzea baldin eta pandemiari eusteko asmoarekin hartzen badira neurriak, eta halakoetan onartu egiten dela lidergo indartsu baten interbentzio handiagoa geure bizitzetan. Ikerketa horren arabera, badirudi iritzi publikoa prest dagoela biraketa autoritarioa onartzeko halako egoera larrietan. Izan ere, patogenoen presentzia handia eta iraunkorra denean, joera kontserbadoreak, autoritarioak eta ez-demokratikoak kulturalki ere finkatu egiten dira, eta erabat naturalizatu.
Azterketa horien harira, eta orain Eusko Legebiltzarra osatzeko hauteskundearen kanpainan, zilegi da, beraz, honako galdera hauek planteatzea: baldintza al dezake COVID-19ak gure aukera elektorala? Hala bada, zein zentzutan?
Gaitzaren arriskuaz eta beldurraz baliatuta, EAJ/PNVk gizakiongan senezkoa izan litekeen joera erabili nahi du botoak biltzeko. Desastrea bera eragin duen ereduaren aurrean (osasun eredua, zerbitzuena, ekonomikoa eta oro har, soziala), zerbait berria eta hobea eraiki beharrean, zaharra birkonfiguratu besterik ez du egin nahi, herritarrok aipatutako jarrera kontsebadoreari eutsiko diogulakoan. Nolabait ere, tunel beltzaren irteera atzean dagoela sinestarazi nahi digute, eta atzeko argiei begira jarri nahi gaituzte. Gizarte justuagoa eraiki nahi dugunok, ordea, ezarri zaigunari erantzun berriak eman behar dizkiogu.
Eta herri honek behar dituen erantzun berriak ez dira etorriko Zaldibar kudeatu eta desastrea posible egin zutenen aldetik; ez AHTko zarrastelkeria eta txikizioa lehenesten dutenen aldetik; ez aberatsen aldeko politika fiskalak blindatzen dituztenen aldetik; ez 2008ko krisia langileon bizkar bota zutenen aldetik; ez iruzurraz eta ustelkeriaz blai daudenen aldetik; ez zerbitzu publikoetan, osasungintzan eta hezkuntzan murrizketak ezartzen dituztenen aldetik…
Kanpaina mediatiko ongi orkestatuaz, gizartearen shock egoeraz eta, agian, gizakion joera antropologikoaz baliatuz, segurtasunaren berme agertu nahiko dute segurtasun eza bera eragiten dutenak. Adi, birusaren aurkako txerto moduan agertu nahi duen horixe bera baita, akaso, gainditu beharreko birusa. Birusak ez dezala zure botoa kutsatu.