Negatibo eman duten San Jose egoitzako 8 egoiliar Eibarko ospitalera eraman dituzte azkenean, haien segurtasuna bermatzeko. Ez da hau coronavirusak egoitzan eragin duen lehen leku aldatzea. Testetan positibo eman zuten 6 egoiliar ere Donostiako Gurutze Gorrira eraman zituzten aurreko egunetan.
Egoera larria saihesteko neurriak orain hartzen ari dira, baina errealitatea oso arduratzekoa da oraindik. Gaitzaren kutsadura hasi zenean 66 egoiliar eta 60 langile zeuden San Jose egoitzan (plantilla osoko 11 behargin bajan zeuden ordurako, beste osasun arazo batzuengatik). Martxoaren 28tik apirilaren 13ra, 28 adineko hil dira (egoiliarren %42) eta 25 langilek positibo eman dute (%41). Egun 24 egoiliar soilik daude egoitzan.
San Jose egoitzaren kudeaketaren ardura Kabia erakunde autonomoarena da egun, Aldundiarena beraz, eta langileak babesteko eta egoiliarrak segurtasunez artatzeko ekipamenduak eta baldintzak ematea hari dagokio. ELA sindikatuak ‘langileen osasuna, bizitza eta osotasun fisikorako eskubidea babesteko’ salaketa jarri du aste honetan egoitzaren eta Aldundiaren kontra.
Udala egoitzarekin harremanetan dago birusaren hedapena hasi zenetik, eta bertan bizi diren ordiziarren eta haiek zaintzen dituzten pertsonen segurtasuna bermatzeko neurriak hartu ditu. Eraikinaren kanpoaldeko desinfekzioa egiten dute egunero udal langileek eta hiru etxebizitza eta Eguneko Zentroa jarri ditu langileen eskura, etxera itzultzea nahi ez dutenak bertan egon ahal daitezen. Azken egunotan, iristen ez diren eta beharrezkoak diren ezinbesteko ekipamenduak sortzeko, herriko jostunek eginiko amantalak iragazgaitzak probatu dituzte zentroan ostegunean eta ontzat eman dira haien baliagarritasuna egiaztatu ondoren, eta beraz, gehiago egingo dira hemendik aurrera.