Triajea edota interbentzio mediku protokoloa da medikuntzako metodoa pazienteak sailkatzeko larrialdi egoeratan, onik ateratzeko duten aukeren arabera, beti ere kontuan izanda zein baliabide dauden eskura une jakin batean. Beraz, erabakitzen da zein pazientek zein tratamendu, non eta nola jasoko duen. Eta zeinek ez. Ohikoak eta ezinbestekoak dira osasungintzan, eta osasungintzako profesionalek prestatzen dituzte irizpide zientifikoak eta etikoak aintzat hartuta.
Politikagintzan, haren simila izango genuke larrialdi batean “protokolo politikoa”, alegia, larrialdi egoera batean gizartea onik ateratzeko erabili behar diren baliabideak jasotzen dituen plangintza edo metodoa: zer atera behar den aurrera lehenik eta nola, zer utzi behar den biharko, zein den herritarron lehen mailako beharra eta zein bigarren mailakoa, nork zer egin behar duen…
Osasun protokoloari dagokionean, Ordiziako San Jose egoitzan bizi izan dugun egoera dramatikoak azalpenak eta, ondorio larriak kontuan izanda, ardura politikoak argitzea eskatzen du, San Jose egoitzan ez baitute osasun-protokoloek bakarrik huts egin. Erabaki eta arduradun politikoek egin dute huts.
San Joseko protokolo medikuak zehaztu behar luke ezer baino lehenCOVID birusa egoitzan sartzea nola ekidin, eta, kutsatuz gero, pazienteak nola artatu. Horren harira, Ordiziako egoitzan bizi izan dugun egoera dramatikoak galdera asko utzi dizkigu, eta herritarrek erantzunak jasotzeko eskubidea dute.
1. Zein protokolo jarraitu dute Jaurlaritzak (Osasun Sailak) eta Aldundiak (egoitzaren arduradunak) San Jose egoitzan lehendabizi pandemia ez sartzeko prebentzioan eta, ondoren, positiboa agertu zenetik? Bete al da protokoloetan zehaztu edo aurreikusitakoa?
2. San Josekoak gaixotasun larriak eta kronikoak pairatzeko arrisku faktoreak dituzten egoiliarrak izanik, COVID gaitza dutenak artatzeko toki egokia ote zen/da San Jose egoitza?
3. Toki egokia zela erabaki bazen, zergatik ez dira ziurtatu behar adinako baliabide mediku eta pertsonalak, eta langile ororentzat babes material egokiak eta horiek erabiltzeko beharrezko formazioa? Edo ez dira bete osasun arreta horretarako instituzioek aurreikusitako “standard”-ak?
4. Instalakuntzak, baliabide pertsonalak eta babeserako materiala desegokiak zirela ikusirik, zergatik ez zituzten erakunde arduradunek baliabide horiek eskaini? Ez bazeuden eskuragarri, COVID gaitzak jotako gaixoak ez al lirateke beste zentro batera eraman beharko? Zergatik ez ziren hasieratik, orain egiten hasi diren moduan, Gurutze Gorrira edo beste ospitalen batera deribatu?
5. Une jakin batean San Jose egoitzan zeuden positibo ratioak ikusita, garbi zegoen osasun arloko arretei dagokienean, funtzionamenduak ospitale baten parekoa izan beharko lukeela, eta, egoiliarren menpekotasun profila ikusita, zaintza karga ere handia zela. Maila horretako erronkari aurre egiteko baliabide pertsonal eta materialak eskaini gabe, nork pentsatu zuen egoera kontrolpean har zitekeela?
Galdera horiek, ordea, ez gaituzte eraman behar arreta osasun kontuetan bakarrik jartzera, osasun protokoloez gain erabaki politikoak ere baloratu behar baititugu. Ordiziarrok erantzunak jasotzeko eskubidea dugu, eta erantzunak emateko obligazioa daukate Jaurlaritzak, osasun zerbitzuen azken arduraduna den neurrian, eta Aldundiak, San Jose egoitzaren arduraduna den heinean. Beraz, ezin dira negargarri kudeaturiko krisi honetan EAJ/PNVren erantzukizuna eta ardura ezkutatu. Garbi esan dezagun: EAJ/PNVren ardurapean protokoloa gaizki aplikatu da, protokoloa okerra zen edo, are eta larriagoa dena, EAJ/PNV bere protokolo politikoa ari da aplikatzen.
Izan ere, larrialdi honetan EAJ/PNV oker eta erabat galduta ari bada, ez da soilik kudeaketa ona egiteko ezgai delako, baizik eta lehenesten duelako aplikatzea Sabin Etxean diseinatutako protokolo politikoa, kapitalaren eta alderdiaren interesak onura komunaren eta bizitzaren gainetik lehenesten dituena:
- krisi soziosanitarioari dagokionean, ezinean dabil, behar adinako baliabideak eskaini gabe profesionalei, herritarroi behar adinako testak egin gabe, EHUko ikerlarien lana eta testak egiteko gaitasuna alboratu eta enpresa pribatu bat lehenetsiz, maskarilen beharra ezin ase, ontzat emanez zaharren egoitzetako drama;
- jarduera ekonomikoari dagokionean Confebasken gestore dugu eta enpresa handien interesak defendatzen ditu, behar adinako laguntzarik eskaini gabe txikiei eta autonomoei;
- jarduera politikoari dagokionean, Legebiltzarrari 155a aplikatzen dio eta oposizioari, EHBilduri bereziki, ukatu egiten dio kontrol eskubidea eta gutxietsi egiten dizkio ekarpen eta ekimen propositibo guztiak;
- herritarrei eragile sozialen bitartez (sindikatua eta gainerako eragile sozialak) egoera honetatik irteteko subjektu aktibo izatea galarazten die…
Presta gaitezen herritarrok ere egoera honetatik ateratzeko eta bizitza zaintzeko geure protokoloa martxan jartzeko: bizitzaren eta duintasunaren protokoloa.