AKTUALITATEA


| 2020-04-23 20:40:00

1. Industria jardueretara edota lanera itzultzea dela eta, zein da LABen jarrera?

Duela hilabete ingurutik ona “osasuna eta gehiengo soziala" versus "kapitala salbatzea" dikotomiaren aurrean gaude. Bistan da eliteek kapitala lehenetsi dutela.

Industria jarduera etetea beranduegi  iritsi zen neurria izan zen, eta oso gutxi iraun du. Izan ere, Madrilgo Gobernuak alarma egoera luzatu duen arren, koronabirusak heriotza-kopuru jasangaitza eragiten jarraitzen duen arren eta Osasun Mundu Erakundeak ohartarazi duen arren erabaki goiztiarrek heriotzen hazkundea ekar dezaketela, gobernuek presa izan dute oinarrizkoa ez den industria jarduera abiatzeko. Honenbestez, Gobernuek men egin diete CEOE patronalaren eta EAJ-Confebask osatutako bikotearen presioei eta lanera itzultzeko erabakia hartu dute, adituen hainbat batzorderi jaramonik egin gabe.

Eusko Jaurlaritzak berak jarduera abiatzeko plan bat prestatu badu ere, LABek plan hori erabat baztertu du ez dituelako bermatzen langileon eta familien osasuna zaintzeko neurriak. Planak ez du jasotzen LABek funtsezkotzat jotzen dituen eta proposatu dituen ekarpen bat bera ere.

Gure proposamenean hiru neurri nagusi planteatu ditugu:

1- Prebentzio neurriak jasotzen dituen plan bat behar dugu, sindikatuen ordezkariekin adostutakoa. Plan horrek halako neurriak zehaztu beharko lituzke: EPIak, distantziak mantentzea lanerako sarrera eta irteeretan eta lanpostuetan, eremu komunak desinfektatzeko plana, garbiketa neurriak...

Planaren inguruan akordiorik egon ezean, jarduera ezingo litzateke abian jarri, eta desadostasunak Osalan edo Nafarroako Lan Osasuneko Institutuak eta Lan Ikuskaritzak konpondu beharko lituzkete, arriskurik egon ez dadin ziurtatzeko eta ardurak behar bezala finkatzeko. Gainera, Prebentzio Planik gabe, jarduera abiatzen duten enpresak zigortzea eskatzen dugu.

2- Oinarrizkoak diren jardueretako langileek segurtasun eta prebentzio neurriekin lan egin dezaten lehenetsi behar da.

3-Koronabirusa detektatzeko test azkarrak egin behar dira. Testak egin behar zaizkie oinarrizko jardueretan ari diren langileei, konfinamenduan egon ondoren lanera itzultzen direnei eta baita jendarte osoari ere modu progresiboan.

Horiez gain, autonomoentzako behar adinako laguntzak eskatzen ditugu. EAEko 180.000 langile autonomorentzako 3 milioi euro bideratzea onartu du Jaurlaritzak, 16 euro langile autonomoko, baina, bitartean, Tapia kontseilari andereak lehentasuntzat jo duen AHTren km. batek 30 milioi euroko “kostua” du. Bistan da zer lehenesten duten!

Garbi dago, osasuna eta herritarron zaintza bigarren mailan utzita, agintariak erabakiak ari direla hartzen elite ekonomikoen eta enpresa handien interesen mesedetan, arduragabekeria handiaz jokatuz.    

Bizi dugun egoerak irakasgai asko utziko dizkigu, baina lehen ere zerbait ikasitakoak gara. 2008ko krisiaren ondorioak langileok pairatu genituen batik bat, eta gogoratu behar dugu egungo osasun sistemaren kolapsoa orduko murrizketen ondorioa dela. Oraingoan ere, gobernatzen duten neoliberalek antzeko bidea hartu dute, baina ez dugu berriro halakorik onartuko.

Badaude alternatibak, eta guregatik eta gure seme-alabengatik, alternatiba horietan bidea egin behar dugu. Planteatu eta gauzatu behar ditugu alternatibak lan osasunaren eskubidea bermatzeko, zerbitzu publikoak sendotzeko, zaintzaren arazoari konponbidea emateko, enplegua eta lan baldintzak mantentzeko… Alternatibak gauzatzeko, langileoi antolatu eta borrokatu beste biderik ez zaigu geratzen.

2. Goierriko enpresetan bermatzen al da lanera modu seguruan itzultzea?

Goierriko enpresen egoera ez da berdina edo homogeneoa. Sektoreka eta enpresaren neurriaren arabera gauzak asko aldatzen dira. Enpresa batzuetan, prebentzio zerbitzuekin eta sindikatuekin  elkarlanean prebentzio planak eta neurri zehatzak adosten ari diren bitartean, beste askotan gobernuek argitaratutako irizpideak hitzez hitz aplikatzen edota kopiatzen ari dira, lan zentroetako errealitateari egokitu gabe. Hau da, espedientea betetzeko minimoa bakarrik ari dira egiten.  

Horrez gain, erakundeen aldetik oso larria iruditzen zaigun beste arduragabekeria bat ere atzeman dugu. Ez soilik Goierrin, baizik eta euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintziatan OSALAN ez da ikuskaritza lanik egiten ari, eta hala aitortu dute salaketa baten aurrean. Zer gertatzen da bada? langileok lanera joan gaitezke eta ikuskatzaileak ez? Egoera honek egungo administrazioaren eta arduradunen gabeziak agerian utzi ditu beste behin ere.

Egoera hauen aurrean zalantzak argitzeko, kontsultak egiteko edota informazioa jasotzeko, bizilan@lab.eus helbidea eta www.bizilan.eus web orria jarri ditugu martxan.