AKTUALITATEA


| 2020-05-08 13:45:00

 

Hitzak Ilargi Gonzalez Mendizabalenak dira, Idoia Mendizabal eta Jon Gonzalez preso politikoen bi urte eta erdiko alabarenak. Izurritea gizartean gogor eragiten ari bada, zer esanik ez egoera berezietan daudenen artean. Presoena da horren adierazle nagusienetako bat. Komunikazioen eta informazio iturrien eteteak senitarteekiko eta lagunekiko harreman bideak ahultzea ekarri die. Zeresanik ez, haur txikiak dituztenei.  

Idoia Mendizabal eta Jon Gonzalezen kasua da horietako bat. Ametsek 6 urte beteko ditu aurki, eta ez du ama aurrez aurre ikusi otsailaren 14etik. Ordizian bizi da, Idoiaren senitartekoekn. Ilargi amarekin dago Picassenteko espetxean eta anaia eta aitarekin bideo dei bitartez soilik egon ahal izan da alarma egoera hasi zenetik. Idoiaren amarekin hitz egin dugu hori guztiaz.

 

Zer moduz daude Idoia, Jon eta haurrak?

Egoerarekin amorratuta, haurrengatik batez ere. Otsailaren 14tik ezin izan dute elkarrekin egon eta Amets (bikotearen seme zaharrena) ere bideo dei bitartez ikusi ahal izan dute soilik martxoaren 17tik. Onartu eta ulertu ere egin dute, hein batean, bikotearen arteko harremana horrelakoa izango dela egoera hau pasatzen den arte, baina haurrena oso gogorra da.

 

Izurriteak komunikazioen ahultzea ekarri du, bideo deia al da orain elkar ikusteko duzuen bide bakarra?

Bideo deiarena berria da haientzat ere. Alarma egoera hasi zenetik, Idoia eta etxekoen artean bi soilik egin ditugula uste dut, baina Idoia eta Ilargik ez dute Jonekin egiterik izan duela bi astera arte. Orain hasi dira bide hori erabil dezaten uzten, orain arte ez dute elkar ikusi denbora guzti honetan.  

 

Eta haurrek nola daramate egoera hau?

Gaizki. Haurrentzat ez da erraza zer gertatzen den ulertzea eta, Ametsen kasuan, zergatik ezin dituen aita-ama ikusi. Martxoaren 17ko azken bisita, aurrez aurrekoa behar zuena, kristalaren atzetik izan zen, beraz Ametsek ez du kontakturik izan gurasoekin otsailetik –hiru hilabete- eta 6 urte betetzera doan haurra da.

Ilargik, espetxetik deitzen digutenean, “noiz etorri behar zarete gu ikustera?” galdetzen digu aldiro. Pentsa zer sortzen den barruan…

 

Komunikazioez gain ze beste aldaketa izan da espetxean?

Gure kasuan behintzat, bikotea eta haurraren arteko bisitak eten direla, soilik. Gainerakoan ez da aldaketarik izan. Ez dute aparteko osasun edo prebentzio neurririk hartu, han ez diete eskularrurik edo maskararik banatu. Kutsadura kasuak ba omen daude, funtzionarioen artean batik bat, eta bi modulu daude isolatuta arrazoi horregatik, baina gainerakoan ez da ezer aldatu han.