Krisiaren aurrean EAJren lehen lana izan da diagnostikatzea zein ondorio izan lezaken larrialdiak alderdiarentzat. Motel ibili da, baina presaka dabil hauteskundeak deitzeko. EH Bildurentzat ez da hauteskundeez hitz egiteko garaia.
Krisi garaiek pertsonen eta erakundeen giza izaera eta izaera politikoa neurtzeko balio dute. Normaltasunean erosoa eta errentagarria izan daiteke jarraitasuna kudeatzea, batez ere ‘euskal oasian’ bizi garela irudikatzen bada. Horretarako nahikoa da kudeatzeko baliabide batzuk izatea —bestelako kontua da ongi kudeatzea—, eta bezero- eta komunikabide sare eraginkorrak izatea. Salbuespenezko egoeratan, ordea, egoera kaltegarri eta zailak kudeatu behar dira, eta orduan ezagutzen dira gizarteko liderren karisma, giza maila eta maila politikoa.
Gaur egun bizi dugun krisian, osasun arlokoa baino gehiago, buruzagi politikoen erreakzionatzeko eta kudeatzeko gaitasuna ikusten ari gara.
Horrelako krisi guztiak ondo kudeatzeko, funtsezkoa da neurriak hartzeko edota erantzuteko denbora. Ezinbestekoa da bizkor jokatzea ebaluazio eginez eta neurriak hartuz, larrialdiaren eragina ahalik eta txikiena izan dadin eta kontrolatu ahal izateko, eta, Txernobilen kasuan bezala, herritarren eta teknikarien bizitzak salbatzeko. Hondamendi hartan, burokraziak eta sekretismoak hainbesteraino luzatu zuten erantzuna, non krisia tamaina dramatikoko gatazka bihurtu baitzen. Antzeko gertaerak izan dira planetan, utzikeriagatik, ikuspegi estrategikorik ezagatik, burokraziagatik edo interes politiko soilengatik. Bistan da, kasu horietako baten aurrean gaude.
Azken bi gertaera garrantzitsuetan (Zaldibar eta pandemia) euskal instituzioen erantzuna–EAJrekin eta lehendakaria buru dela– izugarri berandu etorri da, gobernu batek eta ustezko lider politiko batek izan beharko lukeenetik oso urrun.
Pandemiaren kudeaketari dagokionez, esku-liburuetakoa zen azkar jardutea. Baina berriro ere EAJren latentzia beharren aurkakoa izan zen. Berandu eta txarto iritsi zen, esku-hartze bizkorra eskatzen zutenak ere mespretxatuz (Ortuzarrek Nostradamus deitu zion Otegiri), adituen aholkuak aintzat hartu gabe, industria-jardueraren normaltasuna mantendu nahirik, UPV/EHUk testak sortzeko gaitasuna gutxietsiz eta enpresen interes partikularrak lehenetsiz… Hala ere, paradoxikoki, beti mantendu du hauteskundeak ospatzeko presa.
Jakina denez, berandu erantzuteak ondorio larriak izan ditu osasunean eta pandemiaren garapenean: heriotzei dagokienean, biztanleko edo per capita munduko bigarren herrialdea da gurea, Belgikaren atzetik eta Espainiaren aurretik. Hori da gure nazioarteko Basque Country: euskal oasiaren lelokeria horiek guztiak txikitzen dituen porrot historikoa.
Baina EAJren erreflexurik eza beste arrazoi batzuengatik ere bada. Jeltzaleek beren ahaleginak egin zituzten krisiak alderdian eta hauteskundeetan eduki zezakeen ondorioak kalkulatzeko. Eta diagnostikoaren ondoren, ahalik eta etekin handiena ateratzeko estrategia jarri zuten martxan, batez ere ekonomikoa eta politikoa: diru-kutxa eta hautestontziak bete beraien mesedetan.
Hala ulertzen da, alde batetik, EHUren ekimena baztertzea eta pastela farmazialariekin eta enpresa pribatuekin banatzea, eta, bestetik, uztailean hauteskunde autonomikoak deitzeko premia.
EAJk esan badigu ere “orain hauteskundeei buruz hitz egitea dagokigula”, “udazkenean datorrenak gobernu oso indartsua eta parlamentu aktiboa eskatzen dituelako”, EH Bildutik ezetz esaten diegu, orain tokatzen dena honako hau dela:
EH Bildurentzat ez da hauteskundeez hitz egiteko unea, ez baitaude bermatuta ez osasuna, ez gizarte-normaltasuna, ez gutxieneko parametro sozio-sanitarioak, ez askatasun demokratiko osoak.
Ez da hautes-ontzirik behar, testak behar dira.
Ez da hautes-ontzirik behar, erreskate-neurriak behar dira familiak, dendak, autonomoak eta enpresak salbatzeko.
(Iñaki Egañari naiz.eus etik hartua)