AKTUALITATEA


| 2020-04-23 17:52:00

1. Industria jardueretara edota lanera itzultzea dela eta, zein da ELAn jarrera?

‘Osasuna zainduz, berriz lanera? Izena duen protokoloa aurkeztu digute CAF-en. Ezin dugu ahaztu enpresaren bete beharra dela langile guztien osasuna bermatzea,  eta hori izango da garrantzitsuena guretzat; langileen osasuna bermatzea. Horretarako, buru belarri jarri ginen lanean joan zen igande gauean bertan, langileen ordezkariak garenez, gaueko erreleboan sartu ziren lehen  langileen osasuna bermatzen zela ikuskatzeko eta behar zen laguntza eskaintzeko. Edozein lan postutan ez bada langileen osasuna bermatzen, aktibitatea geratuko dugu segituan, kontenplaziorik gabe.

Gurekin lan egiten duten azpikontrata desberdinetako langileen osasuna ere bermatzen dela ziurtatu nahi dugu, noski. Guk gure lan produktiboa egiteko, gure ondoan prekarietatean lan egiten duten langile hauen eskubideak ere defendatu nahi ditugulako.

Osasun krisi honetan botere ekonomikoak presio handia egin du Euskal Herriko enpresek haien aktibitatea ez geratzeko, eta, gu bezala, martxoak 16-tik geldi egon garenok, ahal den azkarren martxan jartzeko ahalegin latzak egin dituzte euskal botere ekonomiko eta politikoek, legeak ere espreski horretarako aldatuz. Zein zentzu du kalean ikusiz gero 600 euroko isuna jartzeak eta, aldiz, lanera joatera behartzeak?

Legeak ahalmena ematen dien heinean, baina, lanera joan beharko dugu. Gure kasuan, gainera, luze egon gara etxean, eta horrek beste arazo batzuk sortu dizkigu, ezin dugu hori ukatu.  

2. Goierriko enpresetan bermatzen al da lanera modu seguruan itzultzea?

Onerako eta txarrerako, ‘fabrika handian’ lan egiten dugu guk. Bertan, Enpresa Batzorde indartsua dago, eta askotan denen gustura ez dugu egiten, baina ziur esan dezakegu, CAF-en gabezia ugari baditugu ere, krisi honetan eta beste gatazka batzuetan ere Enpresa Zuzendaritzak ezin duela nahi duen guztia aurrera eraman, konfrontazioa oso barneratua bait dago langileen artean eta, zorionez, Zuzendaritzaren ideia asko bertan behera uzteko indarra badugu.

Hala ere, ELA-ren iritziz gatazka hau ez da ondo bideratua beste sindikatuetatik CAF-en,  etxean igaro ditugun orduen errekuperazioa langileen gain izatea utzi baitzaio Zuzendaritzari.

Goierri oso baiara indartsua da metalaren industrian eta sindikatuek langileen eskubideen alde lan egiten dugu enpresa guztietan. Nik dakidala, enpresa ertain eta handietan lanean tinko ari dira langileen osasuna bermatzeko, langileon osasuna baita garrantzitsuena guztiontzat.

Pyme-tako langile batzuen osasunak bai larritzen gaitu, hauetako batzuk babesgabe baitaude beren eskubideak defendatzeko garaian. ELA iristen da hauetako askorengana eta oraindik zenbaiten eskubideak zapalduak daude, eta horrelako krisi batek haiengan izango duen  eraginak benetan kezkatzen gaitu.

Osasun krisi honek ekarri dizkigun arazoak eta, zoritxarrez, ekarriko dizkigunak ikusita, langile gisa, konfinamendua pasatzen denean gizarte gaiak gogoz lantzeko irrika sortu dit. Langile klasea garen heinean, gutxi barru jendea izorratuta ikusten hasten bagara, ezin dugu beste toki batera begiratu. Behar dena egin beharko dugu denon ongizatea bermatzeko.