Covid 19ak hankaz gora jarri du gure mundua, eta, ondorioz, kultura ere gogor kolpatu du. Gaur, lehenbizikoz azken hilotan, Matilda taldearen kontzertua antolatu du Ordiziarock-ek herrian (Urdaneta eskolako frontoian, 19:00etan). Kontzertuaren prestaketan bete betean ari dela harrapatu dugu Urko Ruz de Apodaka.
Egoera berezi honetan herrian lehen kultur ekitaldia gaur, Matildaren kontzertua. Nolakoa izan da antolaketa?
Ilusioz eta gogotsu heldu diogu lanari eta egoerari egokitutako ekitaldia antolatu dugu, segurtasuna lehen lerroan jarrita. Honetarako, terraza sistema erabiliko dugu, non jendarteak kontzertua eserita eta mahai baten atzean ikusiko duen. Mahaien arteko distantziarekin eta etengabeko desinfekzioa segurtasuna eta higienea bermatuko ditugu.
Jendartea tabernara ez gerturatzeko, barrako pilaketak ekidin eta bakoitza bere tokian eserita mantentzeko, sistema digital bat sortu dugu. Eskariak mahaietatik egin ahal izango dira, bertara zerbitzatuko dira eta ordainketa mugikorretik egin ahalko da.
Gune guztia itxi egingo dugu, eta sarrera eta irteera bereiztuak egongo dira terraza gunean. Guneak betetzen direnean, itxi egingo ditugu.
Pandemiaren ondotik, sektorea kaltetuenetakoa izan da kultura. Nola ikusten duzu egoera?
Lehen bezala, ekitaldiez gozatzeko momentua iristeko asko falta dela argi dago, baino ezin gara eserita geratu, ezer ere ez egin gabe. Egiteko moduak badaude, eta borondatea eta instituzioen partetik bultzada baldin badago aurrera aterako da kultura. Gainera, eraberrituta eta lehen ezagutzen ez genituen lan egiteko era berriekin helduko da. Egiten ez duenak, nahi ez duelako da, bideak badaude eta oso interesgarriak gainera.
Gu, pandemiaren hasieratik berrasmatzen ari gara proposamen eta ideia berriekin, ilusio eta gogo izugarria daukagu.
Ekimen ugari sortu dira Euskal Herrian kultura laguntzeko. Herritarrok nola lagundu genezake kultura?
Lehendabizi azpimarratuko nuke ekimen guzti hauek kultur eragileen iniziatibatik sortu direla. Inoiz baino gehiago kontsumituz lagundu dezakegu kultura. Orain txanda instituzio eta erakundeena da. Ondo dago industria eta turismoa bultzatzea, baina kulturari ere eman behar zaio bultzada.
Kultura sektorean ere artista, teknikari, muntatzaile eta familia ugari dago hortaz bizi dena, eta egoera honek harrapatu gintuenetik diru sarrerarik gabe daude.
Kontzientzia piztu eta guztion laguntzarekin ea kulturari merezi duen lekua ematen diogun.