Ez dira, ez, gauza bera imajinarioa eta imajinazioa. Imajinarioaz uler liteke komunitate batek mundua irudikatzeko dituen irudiak, usteak, sinesmenak, kontzeptuak… Horiek gizarte diziplinatuetan indartu egiten dira gizarte kontrol sozialaren mekanismoen bidez. Eta hain sendo izatera irits litezke, ze izaera ia erlijiosoa hartzen baitute, mito bihurtzen baitira. Askotan tradizioz, ohituraz edota erosotasunez ontzat ematen ditugu, espiritu kritikorik gabe.
Gure imajinario kolektiboaren irudiak izan daitezke askatasuna dugula, guztiok aukera berdinak, ongizate gizartea ziurtatuta daukagula, zientziak erantzuna emango diela gure zibilizazioaren arazoei, produkzio eta ekonomia ereduak ez duela alternatibarik, gure erakundeen kudeaketa ezin hobea dela, edota euskal oasian bizi garela.
Segurtasuna eskaini liezaguke imajinario fosilizatu horrek, bai, baina baita ere errealitatetik urrun den irudi faltsu bat. Eta zentzu horretan, iraganeko errealitate eta arazoetara lotu gaitzake, ateak itxiz errealitate berriei edota arazoei erantzun berriak emateko aukerei.
Imajinarioa beti da politikoa, baina politikaren funtsa ez luke izan behar imajinario jakin bat mantentzea, imajinazio edota irudimenaren bidez etorkizuna irudikatu eta eraikitzea baizik. Sartrek esaten zuen moduan, praktika politikoaren unerik behinena imajinazioarena da, haren bidez ezinezkoa posible egiten baita eta etorkizuneko proiektu eraldatzaileak abian jartzen baitira.
Imajinazio hori nolabait ere inspiratzeko lehen urratsa zerbait beste modu batera izan litekeela pentsatzea da. Covid-19aren krisian gure erakundeek kudeaketan izandako akats larriek (osasungintzan, zaharren egoitzetan, merkatari eta autonomoei laguntzak bideratzeko orduan, hezkuntzan… ), urtetan zerbitzu publikoetan izandako murrizketek, errauskailuaren edota AHTaren auziek, Zaldibarko zabortegiaren kudeaketak eta haren ondorio lazgarriek, burujabetza politikoaren gabeziak… arazo larriak jarri dizkigute mahai gainean. Baina gizarteak arazo gisa ikuste hutsak erakusten digu ez dugula horien aurrean etsipeneko jarrera hartzen. Hain zuzen ere, hortxe hasten da imajinazio politikoa, hau da, errealitatea gainditzeko lehen urratsa.
Bizi dugun alarma egoeran, EAJ/PNVk hauteskunde autonomikoak deitu ditu. Hauteskunde horien bidez status quoa mantentzeko hamarkadetan zehar eraiki duten hala moduzko imajinario kolektiboa indartu nahi du herritarrongan eta, aldi berean, herritarron imajinazioa lotan mantendu nahi du. Herritarrok imajinario faltsuan eduki nahi gaituzte, bestelako errealitate bat irudikatzeko inpotente, errealaren kudeaketan boteretsu mantentzen diren bitartean.
Bizi dugun egoerak, ordea, indartu egin dezake herritarron eta gure komunitatearen gaitasun eraldatzailea. Politikoa ezin dugu ulertu administrazio instituzionalaren lan gerentzialaren moduan. Politikak asmo eta proiektu eraldatzaileak eskatzen ditu. Horretarako, geure imajinario kolektiboa libratu egin behar dugu “ez dago alternatibarik”, “es lo que hay” edota “euskal oasia” gisako mitoetatik. Errealitate berriak, konponbide berriak eta praktika berriak eraikitzeko imajinazioa eta askatasuna behar dugu. Politika herritar eta instituzional berriak behar ditugu.