AKTUALITATEA


| 2020-05-15 17:01:00

 

 

Gure gizartearen zutabe ustez sendo guztiak dardarka ari da jartzen pandemia: osasun sistema, produkzio modua, zaintza sistemak, ingurumenarekiko harremanak, kontsumo ohituak, aisia… eta baita, nola ez, hezkuntza ere.  Guztietan gure jokaerak birpentsatu eta paradigma berrietan garatzeko beharra azaleratu (eta azeleratu) zaigu modu bortitzean.

 

Hezkuntzari dagokionean ere, pandemiak hainbat hutsune agerrarazi ditu: arrakala soziala, ikastetxeen eta familia batzuen baliabide falta, curriculuma egokitzeko edota edukiak lantzeko zailtasunak, zaintza arazoak… Ezin dugu ahaztu, ordea, gabezia horiek hezkuntzak pandemiaren aurretik ere bazituela.  

Hori guztia ikusteko errealitateari modu zintzoan begiratu besterik ez da egin behar. Hala ere, ardura instituzional nagusiak dituzten agintariek bizkarra ematen diote errealitate horri, eta EAJ/PNV helburu bakarrean tematzen da: ahalik eta azkarren “normaltasunera” itzultzea, presaka jokatuz eta normaltasun horrek jada bazituen zuloak ezkutatu nahian. Zergatik halako presa hezkuntzan ere? Prestatuta al daude gure ikastetxeak eta oro har gure sistema eskoletara itzultzeko?  Bistan da ezetz, eta horrexegatik agertu dira oro har ikastetxeak, sindikatuak eta guraso elkarteak itzultzearen aurka. 

Lehenik eta behin, aitortu behar da gure ikastetxeek ahalegin berezia eta eskertzekoa egin dutela konfinamendu egoerara egokitzeko. Eta gurasook eta irakasleok badakigu ongi egin dutela erabateko zalantza egoeran, agintarien aldetik irizpide kontraesankor eta aldakorrak jasoz, baliabide berezirik jaso gabe eta administrazioaren neurri erabat inprobisatuak eta aldebakarrekoak sufrituz (hezkuntza komunitatea aintzakotzat hartu gabe). Zein jasanezin egin zaizkigun Uriarteren, Erkorekaren eta enparauen gezurrak!

Bigarrenik, esan behar da ikastetxeek jada planifikatuta dutela ikasturte amaiera klase presentzialik gabe, eta, maiatza bukatzear dagoelarik, klaseetara itzultzeak ez duela ikuspegi pedagogikotik inolako onurarik ekartzen. Are gehiago, trabak eragiten ditu, osasun arriskuez gain. Hobe genuke, bai, jada hasiko bagina pentsatzen nola emango diogun hasiera datorren ikasturteari: nola egokituko ditugun ikastetxeak; zer obra eta ekipamendu behar ditugun; zer prebentzio plan diseinatuko ditugun; nola egokituko ditugun curriculumak eta materialak ikasle eta familia guztien beharretara, inor atzean gera ez dadin;  nola antolatuko ditugun autobus eta jangelak… Bada ordua epe motzean itsututa ibili beharrean, epe ertain eta luzera begiratzeko.

Hirugarrenik, onartezina da Hezkuntza Sailak eta Jaurlaritzak mantentzea maiatzaren 25ean maila jakin batzuetako ikasleek ikastetxeetara bueltatzeko aukera. Eta are eta onartezinagoa da erabaki hori nolabait ikastetxeen esku uztea “autonomiaren” izenean. Zer, eta orain ikastetxeei autonomia aitortu, administrazioak berak hartu beharko lituzkeen ardurak eta erantzukizunak langileen bizkar utziz. Administrazioak bermatu behar ditu prebentzio planak, ikuskatu behar ditu ikastetxeak egokitzapenak zuzentzeko, bermatu behar ditu baliabideak, egin behar ditu beharrezko diren kontratuak eta material erosketak… Horrela ez egitea, beste behin, gobernu bati dagozkion ardurei uko egitea da.

Ez da kasualitatea EAJ/PNVk maiatza eta ekainean ahalik eta “normaltasun” handienaren itxura egin nahi izatea. Lehen fasera pasatzen garela diote, zero faseko baldintza batzuk mantentzen diren bitartean; kutsatze maila jaisten ari dela diote, test gutxiago egiten direla esan gabe; ez dituzte herrialde guztietako datuak modu gardenean ematen; eskoletara itzultzea eskatzen dute, eskola komunitateak une honetan ez seguru, ez beharrezko ikusten ez duen arren… Halako presaren, inprobisazioaren eta gezurren arrazoia begi bistakoa da: uztailean hauteskundeak deitzeko urgentzia.  

Lehen ere esan genuen COVID-19aren krisi honetan EAJ/PNVk beste ezer baino lehen alderdiaren diagnostikoa eta alderdiaren lehentasunen plana egin zituela. Testuinguru horretan kokatu genuen jarduera industrialera bueltatzea, fasez hala moduz pasatzea eta hauteskundeak deitzea. Orain hezkuntza arloan hartzen ari diren erabakien helburua ez da ikasleentzat eta familientzat onena dena. Ez dute ez helburu pedagogikorik, ez sozialik: helburu politiko ustela dute.

Hezkuntza ere garrantzitsuegia da halako politikarien esku uzteko.