AKTUALITATEA


| 2020-06-27 14:42:00

 

Pandemiak, alde batetik, gure izaera zaurgarria, bulnerablea, eta, bestetik, gure bizimoduaren burugabekeria utzi ditu agerian. Lehena egiturazkoa da, bigarrena koiunturala; baina lehena ulertu eta barneratu gabe, nekez alda dezakegu bigarrena.

 

Mundu mailan hegemonikoa den eta, bereziki, Mendebaldeak marraztu duen pentsamenduak sinestarazi nahi izan digu gizakiok pertsona arrazionalak eta, beraz, autonomoak garela. Pentsamendu horrek arrazoia eta emozioen arteko dikotomia faltsua ezarri eta arrazoiz jokatzen duenak (normalean gizon zuri, burges, hetero... ) autonomiaren ordainsaria eskuratuko duela adierazi digu. Baina ekonomia fakultateetan debozioz irakasten den "gizon txanpinoi" hori ez da existitzen. Gizon autonomoa, bizirauteko besteen beharrik ez duena. Feminismoak eta ekologismoak hamarkadak daramatzate mito hori erabat faltsua dela frogatzen, baina covid-19k aste luzez gure gorputzetan sentitzera eraman gaitu. Ez baita gauza bera entzutea, errepikatzea eta buruarekin baietz esatea, edo sentitzea, barneratzea eta haren jakitun bizitzea. Nola? Zer egingo genuke guk mediku edo erizainik gabe? Covidaren aurretik ere horixe galde genezake, baina orain, beste hainbat galderaren artean, hauxe ere egin genezake: zer egingo genuke guk garbitzailerik gabe, dendetako langilerik gabe edota haur eta helduen zaintzailerik gabe?

Gizakiak, guzti-guztiak, interdependenteak gara, elkarren mendekoak; elkarrekin soilik biziraun dezakegu, pandemia izan edo ez izan. Beraz, ez du zentzurik lehian aritzeak, kooperazioak soilik salba baikaitzake. Hori kaskezurrean sartu ezean, ez diogu egoera koiunturalari, edo nahiago bada, neoliberalismo heteropatriarkal arrazista honi buelta emango.

Hasieran esan bezala, covid-19k eragindako muturreko egoeran, lipar batez bada ere, gure bizimoduaren zentzugabetasuna oso agerian geratu da eta ereduen arteko talkak hatzekin ukitzeko moduko gorputza hartu du. Galderak zaharra badirudi ere, ikuspegi eta esperientzia berri batekin erantzun diezaiokegu geure buruari: zer jarriko dugu erdigunean, kapitala ala bizitza?

Kapitala jarri dutenek merkatuan irabazi gehien dituztenen interesak jarri dituzte langileon osasunaren gainetik: herritarron behar sanitario, sozioekonomiko edo afektiboak bigarren mailan utzi dituzte etengabeko kalkulu ekonomizistak eginez; lanera bai, baina geure buruak edo ingurukoak zaindu ez, ezta hurbilenekoei azken agurra esateko ere; txaloak bai, baina osasun-zentroetan, zahar-etxeetan eta arreta-guneetan behar genituen baliabideekin espekulatuz; AHTa azkartzeko milioiak xahutuz eta osasun eta hezkuntza-arloetan isilpeko murrizketak eginez.

Lehentasun gisa bizitza jarri dugunok, ordea, "lehenik bizitza" esan dugu, eta "ondoren ere bizitza" esaten dugu. Ekonomia, guztion ekonomia, herriaren ekonomia, horixe baino ez baita: herriak dituen beharrei erantzuteko prozesu-multzoa. Beraz, ekonomia bai, noski baietz, baina gure zerbitzura, herritarron zerbitzura, ez elite baten burugabekeria asetzeko.

Elkar-lagun dezagun, ez lehiatu. Elkarri begira diezaiogun, elkarren beharrak ezagutu eta aintzat hartu. Horixe da EHBilduk pandemia honetan egin duena, aurrez ere egin izan duena eta aurrerantzean egingo duena. Gu bizitzaren alde egiteko prest baikaude. Eta zuk? Betikoen esku utziko al duzu erdigunean zer jarri erabakitzea?