CAFek Jerusalemen tren arina eraikitzeko lizitazioa du. Lizitazioaren helburua Jerusalem Mendebaldea Zisjordaniako kokagune israeldarrekin lotzea da, eta Israelek okupatutako eremuan lur palestinarrak desjabetuz egingo da. Beasaingo enpresak proiektu hori abiatuko duela jakin zenetik erantzun handia jaso du nazioarteko herri palestinarraren aldeko mugimenduetatik. Gaur goizean akziodunen batzarra egin du enpresak eta elkarretaratzea deitu dute CAFeko egoitza nagusiaren aurrean. Asier Alvarez de Eulate mugimenduko kidearekin mintzatu gara bertan.
CAFek Jerusalemen trena egiteko esleipena irabazi du. Tren hori Palestinako lur okupatuetatik pasako da. Zein da hona dakarzuen aldarrikapena?
Mugimenduaren helburua herri palestinarrari elkartasuna adieraztea da. Gaurkoa, prezeski, Jerusalemgo ekiadeko kolonia ilegaletara iritsiko litzatekeen trenaren proiektua bertan behera geraraztea. Euskal herritarrak garenez, eta goierritarrak, deialdi honek indar berezia du guretzat oraingoan, CAF izan delako lehiakide zuzena proiektuan eta iazko abuztutik, hasierako proiektua egiteko luzapena lortu duena. Beste lehiakide batzuk (Alsthom, Bombardier,…) uko egin diote parte hartzeari, nahiz eta hasierako lehian bazeuden. Arrazoiak aipatuta batzuk, eta aipatu gabe beste batzuk, zalantzan jarri dute proiektuaren legezkotasuna, Nazio Batuen erakundeek eta tribunal bereziek ilegaltzat jo dituztelako kolonia horiek. Lurralde okupatuetara kolonoak garraiatzea gizateriaren aurkako delitua denez, enpresa hauek uko egin diote.
Enpresa hauek uko egin izana erabaki ideologikoa da, ala ekonomikoa?
Proiektua ez da legezkoa. Nazio Batuen onarpena duten lurralde okupatuak bereganatzen ditu Israelek eta tranbia hori jatorrizko herritarrak desplazatzeko erabiliko da, kanpotik datozen kolono berriak lurralde horietara eramanez. Esleipenean jarraitzeari uko egin dioten enpresa handi horiek etekinean pentsatu dute, ez diote hainbeste begiratuko giza eskubideen aferari. Proiektua egiteak zein ondorio ekonomiko ekarriko lizkiekeen pentsatu dute. Tranbia hori eginez gero, zalantza juridikoa dela eta, ez dakite ondoren zer etorriko den. Isunak etor litezke eta baita mundu mailako boikot kanpaina ere.
Hasieran aipatu bezala, oraingo egiten ari den proiektuaren luzapena da. Lehen linea eraiki eta kudeatzeko esleipena Veolia frantsesak lortu zuen, baina uko egin zion kudeaketari proiektuaren kontrako kanpainak eragin zizkion milioika dolarren diru galerengatik.
Harremanik egin al duzue CAF-ekin gaia aztertzeko?
Saiakera ezberdinak egin dira. Arrakastatsuena langile batzordearekin egin zen. Oso ospetsua egin den proiektuaren kontrako deklarazioa egin zuen batzordeak, zeina Palestinatik bertatik ere eskertu zuten, ez baita ohikoa enpresa bateko langileek lan bati uko egiteko eskatzea haien arduradunei. Azken asteetan ere saiatu gara haiekin ekintzaren bat edo beste lotzen eta gustura gaude jasotako erantzunarekin.
Langileekin ez ezik, enpresako aduradunekin izan duzue hartu emanik?
Comite de Solidaridad a la causa arabeko kideek mila akzio erosi dituzte (enpresaren batzarren parte hartu ahal izateko gutxiengoa) gaur egiten ari den akziodunen batzarren egoteko. Proiektuaren legaltasunaren inguruko galderak luzatuko dituzte bertan.
(Herri palestinarraren aldeko mugimenduak batzarra amaitu ostean adierazi duenez, parte hartzea ukatu diete aipatu mugimenduko kideei)
CAFek gaia berrikusiko duela uste duzue?
Egoera zailean dago. Benjamin Netanyahuk adierazi du Zisjordania ere bereganatuko duela uztailaren 1etik aurrera. Horrek proiektu hau are eta estrategikoago bilakatzen du kolonizazio prozesu horretan. Beharrezkoa du kolonizazio prozesu horretan Jerusalem hiriburu izendatzea eta horretarako kolono asko mugitu behar ditu bertara, eta tranbia honek asko erraztuko luke hori dena.
Guk uste dugu CAFek bi aukera dituela, edo bere kabuz egiten dio uko proiektu honi edo nazioartean jaso dezakeen boikot kanpainaren ondorioz izango dituen galera ekonomikoek eramango dute uko egitera.
Aipatu duzun nazioarteko boikot horrek nola eragin diezaioke CAFi?
BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) mugimendua gainean egongo da herrialde bakoitzean. Demagun, Norvegian edo, tranbia edo bestelako proiektu bat aurreikusten bada, giza-eskubideen urraketan parte hartzeagatik CAFek jaso ditzakeen salaketen ondorioz, gobernuari kargua hartuko diote, urraketa horiek egin dituen enpresarekin lanik ez egiteko.
Horrez gain, Comite de Solidaridad a la causa arabek bultzatuta, Nazio Batzuek ateratako kolonizazioa probestuz aberasten ari diren 112 enpresen zerrendari gehituko zaio CAF ere. Horrek alarma piztuko du zenbait herritan eta, horrekin batera, zenbait lehiaketa berritan edo martxan dituen proiektuen luzapenean kaltea eragin diezaioke.