AKTUALITATEA


| 2020-05-08 18:26:00

EH Bildun argi dugu, osasun krisi honetan, zaurgarrienei eskaini behar dizkiegula gure baliabide eta esfortzu gehienak. Hain zuzen, helburu horrekin hainbat neurri eta ekimen jarri ditu martxan Oñatiko Udalak, besteak beste, honakoak:  

Interneterako sarbidea bermatzea SIM txartel bidez ikasturte akademikoa online formatuan jarraitzeko zailtasunak zituzten ikasleei.

Gaztetxoei zuzenduriko zerbitzu presentzialak online formatuan ematen jarraitzea, gaztelekuko hezitzaileen bitartez, ludoteka, Txipistin… Kalera irteten hasiak direnez, lagungarri izan dakiekeen dekalogoa ere argitaratu da.

Lehen sektoreak duen garrantzia aitortu eta asteburutako azoka segurtasun neurriak betearazteko lekuz aldatzea.

Diru-partida berriak sortu eta lehengoak indartu, bai gizarte zerbitzuetan eta baita sozioekonomian. Itxialdiko gastuei aurre egiteko partida bat ere gorde da. Hain zuzen ere, 500.000 euroko poltsa erreserbatu da herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimenduei laguntzeko. Kuttuna.org web plataformaren egitasmoarekin bat eginda, bonuen balioaren %20 diruz laguntzeko sistema sortu da.

Zumaiako udalarekin elkarlanean, jostunen sarea martxan jarri eta maskarila berrerabilgarriak egingo dira herritarrengan banatzeko.

Bestalde, Elortza alkateak bideo mezuan aipatzen du EH Bildun badakigula orain artean hartu ditugun neurri guzti hauekin, herritarren gehiengo baten beharrei erantzuten diegula, baina beste hainbatek laguntza berezia behar izango dutela. Hala, herritarrei dei egiten die, laguntza behar izanez gero, etxez etxe banatu diren esku-orrietan dauden harremanetarako kontaktuak erabiltzeko. 

Alkateak eskertze eta animo mezu batekin amaitzen du bere mezua: "Azken txanpa honetarako indarrak mantentzea eskatu behar dizuet, ez erlaxatzea alegia. Bestetik, eskatu gura nizueke deskonfinamenduaren fasean eta ostean ere herrian erroturik dugun elkartasunari heltzeko, ondokoa laguntzen segitzeko, elkar zaintzeko".