Oñati

Albisteak

EH Bilduren udal gobernuaren legealdi erdiko balantzea


COVID-19ak baldintzatu du azken urte hau, eta hala, unean uneko beharrei erantzuna eman behar izan zaie. Hala ere, herri programarekin aurrera jarraitu du EH Bilduren udal taldeak. Asko eta askotarikoak izan dira bi urte hauetan egindakoak.

| 2021-06-11 19:03:00

Azken bi urte hauetako testuingurua ez da batere erraza izan. Guztiz ezezagun genuen testuingurua sortu du COVID-19ak, unean uneko baldintzak ezarri ditu eta esangura handia izan du gizartearen norabidean. Dena den, momentuko egoerara moldatzen jakin du EH Bilduren udal lantaldeak, unean uneko exijentziei erantzun egokia emanez. Gainera, geure balioak eta izatea nabari izan dira eta nabarmentzen ari dira pandemiaren kudeaketan. Egia da pandemiak eragina izan duela herri programako zenbait gairen gauzatzean, baina eguneroko erabakietan, beti egon da presente geu garen hori.

COVID-19ari aurre egiteko neurriak

COVID-19aren testuingurupean egindakoen adibide batzuk aipatzearren: azokaren, eta, oro har, lehen sektorearen alde eginiko apustu sendoa, hura gauzatzeko beharrezko ziren bitartekoak jarriz; herriko merkataritzak pairaturiko kalteak leundu guran, bono sistema jarri zen martxan; herriko negozioendako diru-laguntza bereziak abiarazi; gizarte laguntzak indartu; elkar zaintzarako dinamika kolektiboak, komunitarioak, bultzatu; kultura emanaldiak eskaintzen segitzeko behar beste bitarteko jarri, kultura segurua dela aldarrikatzeko; kontziliazioaren mesedetan, udako zaintza hezitzailea martxan jarri…

Asko izan dira bide horretan EH Bilduren udal taldeak egindakoak, baina horrek ez du herri programa baldintzatu. Asko eta askotarikoak dira orain arte egindakoak. Hemen, adibide batzuk:

Herri programarekin aurrera

Oñati, parte hartzen duen herria

Partaidetza eta garapen komunitarioaren alorrean, esaterako, argia zen helburua: Oñati parte hartzen duen herria izan dadin bitartekoak eskaintzen segitzea, eta, oro har, gaian sakontzea.  Hori horrela, dinamika ezberdinak ditugu martxan udaleko zenbait alorrekin elkarlanean (hor daude hirigintza, haurrak eta gazteria, hezkuntza, berdintasuna…), urratsak ematen segitzeko beharrezko baita gainerako alorrekin sinergiak eta elkarlana bultzatzea. Horrez gainera, Gobernantza eta Partehartze araudia lantzen jardun dugu. 

Kulturaren aldeko apustua

Kulturari dagokionean, haien alde ere jardun dugu lanean, haiekin, haiengatik eta haiendako. Hainbaten artean, herriko bestelako kultura eragileekiko eta ekintza antolatzaileekiko elkarlanean sakondu dugu. Jakin badakigu herri aberatsa dugula kultura eskaintzari erreparatuta, eta horrek hala izaten segi dezan bitartekoak jartzen segi gura izan dugu. Horrez gain, Erreusak bezalako etnografia egitasmoak edota Gerardo Elorzaren bilduma bezalakoak lagundu ditugu, eta sinergiak ere bultzatu ditugu, esaterako, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekinbidearekin bat eginez.

Euskara ardatz

Euskararen alde ere segi dugu lanean. Hainbat izan dira horretarako egindakoak: salmena makinetako euskara maila hobetu dugu; hitanoa, hika, noka, eta, oro har, oñatiera bultzatzeko egitasmoetan jardun dugu; euskara ikasi ahal izan dezaten, batez ere ostalaritza eta zaintza alorreko migratzaileei zuzenduriko laguntza ildoak argitaratu ditugu…

Herritarren ongizatea bermatzen

Gizarte zerbitzuak eta ongizatea alorrean ere askotarikoak izan dira egindakoak. Besteren artean, urratsak egin ditugu bakardadean edo isolamenduan dauden adinekoen bizi-baldintzak hobetzeko bidean, tartean, Begirada Adia programaren bidez. Eta, ostera, etxez etxeko langileen lan hitzarmena hobetzen jarraituko da, eta kalitatezko zaintza arreta jarri. Berdintasun planean ere jasoa dago hori. Integrazioa lantzen ere jarraitu dugu, eta unean uneko beharrak asetzeko neurriak hartu ditugu. COVID-19aren testuingurua da horren erakusgarri.

Herriko negozioak babesten

Era berean, ez dira gutxi izan bi urte hauetan sozioekonomiaren alorrean egindakoak. Oro har, egindakoek nabarmen erakusten dute udal gobernu honek herriko negozioen alde duen jarrera. COVID-19ak ezaugarrituriko testuinguruan, anitzak izan dira hartu behar izan ditugun neurriak, batzuk, epe luzera begirakoak, eta, beste batzuk, unean unekoak, momentuko larritasunari erantzuna eman beharrean adosturikoak. Esaterako, merkataritza biziberritzeko plan estrategikoa eguneratu dugu; hainbat ekinaldi egin ditugu herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko enpresen aldeko Herritik zuztarrera kanpainapean; merkataritza eredu lokala eta jasangarria bultzatu dugu; unean uneko diru-laguntzak eta dinamikak jarri ditugu martxan… Horrez gain, turismo plan estrategikoa ere landu dugu, pabilioi hutsen diagnostikoa egin dugu, aurrerapausoak egiten gabiltza ekonomia sozial eraldatzailearen bidean…

Bedintasunean urratsak ematen

Ostera, gogor gabiltza lanean berdintasunaren alorrean ere. Batetik, Jabekuntza Eskolarekin darraigu, eta, horretan geratu barik, neurriak hartu ditugu hura indartzeko. Horrez gain, Emakumeen Kontseilua kontsolidatzea lortu dugu. Eta Oñatiko Berdintasun Plana landu dugu. Gainera, ezin daitezke aipatu barik utzi parte hartzearen alorrarekin batera eginiko diagnostikoa, emakumeen etxearen proiektuan emaniko hasierako urratsak… Esan gabe doa berdintasuna presente dagoela Oñatiko Udalaren egunerokoan, eta, oso aintzat hartua dela, esaterako, hirigintza proiektuetan, antolaturiko ekintzetan, ohiko funtzionamenduan…

Zubikoa, eta gehiago

Kirolari dagokionez, esan beharrik ez da bi urte hauetan Zubikoa kiroldegiaren birgaitze lanak egon direla EH Bilduko lan taldearen jardunaren erdigunean. Finean, 8,5 milioi euroko obra bat da eta haren gainean egon beharra dago halabeharrez, unean unean sor daitezkeenei erantzun azkarra eta eraginkorra emateko. Egoki kudeatu dugu gaia eta pozik gaude emaitzarekin. Dena den, horrez gain, legealdi erdi honetan egin dugu bestelakorik: Azkoagain futbol zelaiko irisgarritasunean plana landu dugu, aldagela berriak jartzearekin batera; POZ ohitura osasuntsuen orientazio zerbitzuan sakondu dugu; herriko kirol eragileekin lanean jardun dugu…

Lurralde antolamenduan lan ugari

Hirigintzan sakonduz, Hiri Antolamendu Plan Orokor berria lantzen gabiltza. Bukatzear da haren aurrerakina lantzeko fasea. Apurka-apurka garatzen gabiltzan plana da, herritar askoren inplikazioa eskatzen duena. Eta, horretan geratu barik, bidegorri zati berria egin dugu Santxolopeztegin, Olakua eta San Lorentzoko irisgarritasuna hobetzen ari gara… Eta, era berean, buru-belarri gabiltza ingurumenaren alorrean. Esan beharrik ez da martxan dagoela natur eskolaren eraberritzea eta horrek eten bariko jarraipena eskatu duela. Xehetasun guztiak zaindu gura izan ditugu, eta, horri esker, oso berezia izango da herriko natura eskola. Bukatzear da obra. Horrez gain, hainbat komun jarri ditugu herriko bidegorri sarean, txirrindularientzat eta patinetean doazenendako aparkalekuak ugaritu ditugu, hondakinak murrizteko kanpainak jarri ditugu martxan, energia berriztagarria bultzatu dugu eta abar. Auzoei dagokionean, besteak beste, auzo-alkateen foroa berreskuratu dugu, Udalaren eta landa auzoen arteko harremanean sakondu dugu, auzoetako internet arazoa konpontzeko lanean gabiltza, Araotz biziberritzeko ostatuaren proiektua amaitzear gaude…

Gazteen emantzipazioa eta ahalduntzea

Askotarikoak izan dira egindakoak. Esaterako, gazteen emantzipaziorako diru-laguntzak indartu ditugu. Hasteko, herri programan azaldu bezala, eskatzaileen adin muga zabaldu genuen lehen urtean, alegia, 30 urtetik 35 urtera igo genuen gehienezko adin muga; eta, bigarren urtean, 15.000 eurorekin indartu genituen laguntzok. 65.000 euro izan dira azken deialdian emantzipaziorako. Beraz, esan daiteke, argia dela gazteen emantzipazioa errazteko hartua dugun jarrera. Bestetik, ezin daiteke aipatu barik utzi haur eta gazteen ahalduntzean sakontzeko hartua dugun bidea. Tartean, udal zerbitzuetan indartzen gabiltza parte hartze dinamikak eta helburu zehatzeko parte hartze prozesu berria jarri da berriki martxan. Finean, haurrak eta gazteak eta haien iritziak oso aintzat ditugu hartuak.

Oñati, herri hezitzailea

Eta hezkuntzaren alorra ere erdigunean dugu jarria. Asko izan dira bi urte hauetan egindakoak. Besteren artean, urrats garrantzitsuak egin ditugu Oñati herri hezitzailea izan dadin eta hitzarmena sinatu dugu OinHerri herri hezitzailea sustatzeko elkartearekin. Dagoeneko nabari dira herri hezitzaile izateko harturiko erabakiaren lehen fruituak eta ugariagoak izango dira etorkizunean. Bestetik, mugikortasun jasangarriaren proiektuan sakondu dugu eta ikastetxeetako hainbat kanpo espazio moldatu ditugu, haiekin elkarlanean, beti ere. Hor daude ikastetxe kanpoko espazioak seguruago bilakatzeko harturiko neurriak, bizikleta aparkaleku estalkiak, patineteendako aparkalekuak…

Oñati, dabilen herria

Asko eta askotarikoak izan dira bi urte hauetan egindakoak. Eta aipatu barik utzi ditugu egindako beste asko. Oro har, testuinguruak testuinguru, herri programan esandakoak egiten jardun du udal gobernu honek, eta COVID-19aren testuinguruaren kudeaketa alor guztietan integratzea egokitu zaigu. Baina jakin izan dugu aurrea egiten. Eta bagabiltza egiten, aldaezinezko zenbait baldintzekin: herriaren alde egitea, herriarekin egitea, herriarentzako egitea eta dabilen herri izaten segitzea, beti, geure baloreekin eta izatearekin koherentzian, eta aurrera egiten segitzeko konbikzioz.