AKTUALITATEA


| 2022-09-12 20:45:00

Nerea Uriarte eta Asier Ugarterekin bildu gara ekin berri duten ibilbideaz galdetzeko. Biak dira Oñatiko EH Bilduren mahai politikoko kide, hots, mugimenduaren ikuspegi integrala -instituzionala eta soziala- bermatzen duen organoko kide. Maiatzean egindako Herri Batzarrean onartu zuten herritarrek mahaiaren antolaketa eta aurpegi berriak ikusi ditugu EH Bilduren erabakigunean, mugimenduaren izaera zabalari eta ereduari jarraipena emango diotenak.

Zer dela eta erabaki duzue herrigintzan parte hartzea?

N.U.: Niretzat herrigintzak esan nahi du modu boluntario batean zure herriarentzat lan egitea eta komunitate hori saretzea. Beti sinetsi izan dut herrigintzan eraldaketa tresna gisa eta horregatik hartzen dut parte; beti erakutsi dut prestutatsuna herriak behar duena entzun eta nire aletxoa jartzeko. Egunerokoan norbanako gisa hartzen ditugun espazioak eta taldeak nahiko homogeneoak izaten dira, hortaz, beharrezkoa da erosotasun gune horretatik irten eta herriko aniztasuna ezagutzea guztiontzat egindako Oñati bat nahi baldin badugu. Hori kontuan hartuta, nik eman dezakedana herriarentzat eta pertsonentzat baliagarria baldin bada, zoragarri.

A.U.: Komunitate txiki batean bizi naizen pertsona gisa, sentitzen dudalako badudala harekiko konpromiso bat hartu beharra. Bizi gaituen mundu globalizatuan aldaketa prozesu sakonak eman dira azken hamarkadetan, hori dela eta, uste dut zaila dela eraldaketak azkar eta maila makroan ematea. Horren aurrean, gure gertuko komunitatean eragin behar dugu denon premiak asetzeko eta herri hobea eraikitzeko. Horrela ulertzen dut nik herrigintza: inguruko pertsonengan eta espazioetan eragitea. 

Zergatik aukeratu duzue ibilbide horretarako EH Bildu?

A.U.: EH Bilduk baduelako benetako proposamen bat herrigintza egiteko eta lehen momentutik jaso dudalako konfiantza ibilbide horri heltzeko. Oñatin urte luzeetan izan dugun EAJren hegemonia instituzionalaren ostean, EH Bilduk erakutsi du alderdi politiko bat baino gehiago dela; izan ere, modu bateratuan jorratu ditu ibilbide insituzionala eta soziala, filosofia demokratiko eta parte hartzailean. Horri esker, egungo Oñati hobea, zoriontsuagoa, biziagoa eta bizigarriagoa dela iruditzen zait. Orain, guri dagokigu EH Bildutik hori indartzen jarraitzea, herrian ez baitago beste alderdirik hori egiten duenik. Azken batez, eredu aldaketa izugarria izan da.

N.U.: Proiektu honetan parte hartzea herrigintzan jarduteko aukera bat delako. Pertsonalki EH Bilduren ideiekin bat egiten dut eta, batez ere, ereduarekin nator bat: hausnarketa politikoak sozializatzen eta zabaltzen dituen mugimendua da eta herritarrok badugu aukera gure ekarpenak egiteko. Garrantzitsua deritzot, gainera, EH Bilduk azken hamarkadan egin duen ibilbideari erreparatzea; izan ere, hau ez da orain sortutako proiektu bat, badakigu zer egin den eta emaitzak hor daude. Guk horri jarraipena emango diogu, Asierrek esan duen bezala. Horrez gain, ikaskuntza prozesu bat ere bada, herriko dinamikak ezagutu eta hainbat pertsona eta errealitatetara hurbiltzeko parada ematen duelako.

Koordinatzaile lanak burutuko dituzue, bakoitzak arlo batean. Zerk eraman zaituzte erronka horretan murgiltzera?

N.U.: Urteak daramatzat kirolaren munduan murgilduta. Orduan kirolean eragile politiko gisa jardutera eraman ninduen arrazoia eta orain koordinatzaile lana hartzera eraman nauena berdina da: kirola oso esparru profesionalizatua da, esklusiboki errendimendura bideratzen dena. Nire aburuz, eredu hori irauli beharra dago. Kirola aberatsa eta anitza da, bizitza aktibo baten parte, osasunaren baitan ulertu behar dena, zaharkitzapen egoki bat izateko giltza, etab. Hari horri tiraka, EH Bilduko mahai politikoak aukera ematen digu herritarren premietatik abiatuta eredu berri hori marrazten jarraitzeko eta herriak behar dituen proiektu interesgarriak herriari eskaintzeko. Herritik herriarentzat.

A.U.: Oñati mailan kulturaren eta euskararen baitako dinamikak nahiko gertutik jarraitu izan ditudalako, gehiago ezagutu nahi ditudalako eta uste dudalako badudala zer esan eta zer eman, herri honetan bizi garen beste guztiok bezala. Kultura kontsumitzailea naizen heinean, uste dut erreferente globalak ditugula eta horrek zuzenean eragiten du euskararen auzian. Gure gertuko komunitateak sortzen duena balioan jarri behar dugu, indartu eta erreferente bilakatu, herria eraiki nahi badugu. EH Bilduk proiektu serioa eta sendoa du herri honen erronkei aurre egiteko. Horregatik heldu diot erronka honi ilusio eta konpromiso osoz, nire denboraren eta lanaren zatitxo bat nire herriari eskaintzeko.

 Zein helburu dituzue hurrengo hilabeteetan?

A.U.: Maiatzean eman genion hasiera prozesuari Herri Batzarrarekin. Baina, Nereak arestian azaldu duen bezala, EH Bilduk hasieratik ekin dio ibilbide sozialari. Izan ere, Harittu prozesuarekin hasi zen dinamika duela lau urte eta guk horri jarraipena baino ez diogu emango. Izan ere, prozesu hartan osatutakoa abiapuntu hartu dugu. Ordutik geroz eta komunitate zabalagoa gara eta geroz eta herritar gehiago gara eredu parte hartzaile honetara batu garenak. Kulturaren eta euskararen taldean, adibidez, bost kide elkartu gara erronkari heltzeko eta gure ateak irekita daude parte hartu nahi duen ororentzat. Gure helburua, batik bat, herritarrak entzutea izango da eta epe luzerako dinamika eta antolaketa saretzea.

N.U.: Herri Batzarraren ostetik lan taldeak osatzen aritu gara eta pertsona asko eta berriak etorri zaizkigu ate joka lanerako gogoz. Lehen zeregina izango da aurreko urteetan egindakoaren balantzea oñatiarrekin partekatzea. Jarraian, arloz arlo osatutako talde bakoitzak egungo egoeraren diagnostikoa egingo du; horretarako, norbanako zein herriko eragileengana hurbilduko gara, arloz arlo dauden erronkak identifikatzeko. Behar horien gainean, ekintza plan bana adostuko dugu eta oinarri horrekin herri proiektua zehaztuko dugu. Kontuan hartu behar da herri proiektua ez dela hauteskunde programa. Azken batez, herri proiektuak ere proiektu komunitarioak jaso ditzake, instituzioetatik bidera ezin daitezkeenak edota lau urtetako zikloetan uler ezin daitezkeen epe luzekoak. Bestalde, hurrengo urteko udal-hauteskundeei erantzutea ere egokituko zaigu, hori dela eta, hurrengo legegintzaldian egingarritzat jotzen ditugun puntuak hauteskunde programan jaso eta proiektu hura aurrera eramango dutenen zerrenda adostuko dugu. Hauteskundeen ostean, berriz, hurrengo urteetarako berrantolatu eta udal taldearen eta EH Bilduren lan taldearen artean herri proiektua aurrera eramateko pausoak ematen jarraituko dugu.

Orduan, prozesua ez da datorren hauteskunde ziklora mugatzen; epe luzerako proiektua da.

N.U.: Noski. Herritarrei galdetu nahi diegu: nolako Oñati nahi duzu etorkizunean? Horrenbestez, epe luzerako proiektua da, etorkizunera begira dagoena eta perspektiba zabala duena. Azaldu dugun moduan, ez da orain hasi eta ez da hurrengo agintaldiaren hasierarekin bukatuko, ez baita hauteskunde ziklora mugatzen.

A.U.: Hori da. Hurrengo urteetan EH Bildun gure gain hartuko ditugun erronkak identifikatzera gatoz eta epe laburrera zein luzera burutu beharko diren horiek nola gauzatuko ditugun eztabaidatzera. Baina, dinamikak bere horretan jarraituko du, politikagintza eta herrigintza egiteko modu berri batean sinesten dugu eta: herritarren parte hartzea.

Amaitzeko, zein mezu helarazi nahi diezue herritarrei?

A.U.: Herritarrei esan nahi diet badagoela espazio erreal bat non beraien kezka eta premiak entzun, aztertu eta erantzuten diren, salbuespenik egin gabe. Kultura eta euskararen arloan adibidez, oñatiarrok ditugun gogoetak espazio informaletatik erabakiguneetara ekartzera eta gurekin lan egitera animatu nahi ditut, guztion artean guztiontzat egindako Oñati bat egitea posible delako eredu honen bitartez.

N.U.: Nik esan nahi diet proiektu hau sigla batzuen prismatik ikustetik haratago, arlo instituzionalaren eta sozialaren arteko zubi interesgarri bat bezala uler dezatela. Azken batez, herritarrek dituzten premiak sozializatu eta arlo sozialetik erantzuteko edota instituzioetara eramateko aukera ematen duen baliabide bat da. Ondorioz, prozesu honetan parte hartzera animatu nahi ditut herritarrak, bakoitzak interesa duen arloan. Ongietorriak izango dira guztiak.

 

Irakurri herri proiektuaren inguruko informazio gehiago hemen.