AKTUALITATEA


| 2022-09-12 20:11:00

Igaro dira hamar urte baino gehiago EH Bildu Euskal Herriko agertoki politikoan lurreratu zenetik. Batzuen erosotasuna kolokan jarri zuen horrek, erakusgarririk onena delarik sektore batzuetatik zabaldu ziren mezu apokaliptikoak.

Denborarekin, ordea, erakutsi dugu gobernatzeko gai izateaz gain, gauzak beste modu batean egin daitezkeela eta, hain justu ere, horretara gatozela. Ordutik hona, hamaika izan dira arloz arlo eman ditugun aurrerapausoak (gure lorpen eta hanka-sartzeekin). Jendeak ikusi du posible dela garapen eredu justu eta jasangarriago bat, pertsona erdigunean jartzen duena, eta bide hori herritarrekin batera egitea dela gauzak ondo egiteko bermerik sendoena. Ezkerreko independentismoaren proiektuak jendartean gero eta atxikimendu handiagoa izatea lortzen ari gara, eta bide horretan sakontzea dagokigu datozen urteetan.

Herritarren ekarpenak

Euskal gizartearen aurrean sinesgarritasuna lortu dugu, gero eta gehiago dira gugan konfiantza dutenak, eta hurrengo erronka jende horri guztiari proiektu honetan bere ekarpena egiteko aukera eskaintzea da. EH Bildu ez da alderdi politiko konbentzional bat, gure helburua ez da soilik instituzioak kudeatzea. Aldaketa politiko eta sozialean sakondu nahi dugu, eta horretarako, jakin badakigu ez dela nahikoa gobernatzen ditugun instituzioetan lege-erreformak egitea. Instituzioetan egotea ezinbestekoa da aldaketak gauzatu eta azkartzeko, baina ematen ditugun urratsak egonkortuko badira, herritarren artean ezkerreko balioek gero eta pisu handiagoa hartzen dutelako izango da. Alegia, EH Bilduk instituzioak kudeatu behar ditu, baina horretaz gain herritarren ondoan egon behar du, unean uneko lanketa politikoak egiten, kontzientzia sortzen, prozesu herrigileak dinamizatzen.

Alderdiaz gain, eragilea

Alderdi-mugimendu bat izateko bokazioa du EH Bilduk. Horretan daramatzagu azken urteak, eta horretan jarraitu behar dugu. Modu berean, hauteskundeetan lehiatzeak lau urtean behin inflexio puntu garrantzitsu bat markatzen digun arren, epe luzeko begirada izan behar duen egitasmoa da gurea. Gure gizarteak eta, oro har, munduak dituen erronken aurrean, ezkerreko independentismoak proiektu sendo bat behar du izan, herriz herri hasi eta dimentsio nazionalera arte. Ziklo elektoral bakoitzean egokituko zaigu proiektu horretako puntu batzuk hauteskunde programa batean jasotzea, baina gure agendak urrunago jarri behar du begirada. 

Herri proiektuaren eguneratzea

Urte honetan egitera goazen ariketa ez da hauteskunde logikara mugatzen. Epe luzeko egitasmoa berrikusi, doitu eta sendotzera goaz, eta EH Bilduren espazioak herritarrei zabaltzera. Datozen urteetan gure iparra edo ortzi-muga izango den proiektua marraztera goaz, gure jarduna bideratuko duena. Hori gabe ez dago esku-hartze politiko sendo bat gauzatzerik. Baina, ezin uka hauteskundeen erronkari ere erantzun behar diogula, eta bi zereginek elkar elikatzea lortu behar dugula.

Proiektuaren faseak

Gure zeregina, beraz, labur azalduta, orain arte egindakoaren balorazioa egin, egungo egoera aztertu, eta bizi ditugun behar eta erronkei erantzuteko herri proiektu sendo bat eraikitzea da. Berebiziko garrantzia izango du bide hau herritarrekin batera egiteak. Izan ere, proiektu herritarra da geurea, herritar guztien beharrei erantzun nahi diena, eta hori egiteko bide bakarra egitasmoa pertsonekin hitz eginez eta posible den jende guztiaren ekarpenak jasota egitea da. Gure proiektuak herritarren borondatea islatuko badu, egiteko moduak ere errotik birpentsatu eta moldatu behar ditugu. Jarraian, labur, aurreikusten diren faseak:

  1. Oñatiarrekin orain arte egindakoaren balantzea partekatzea.
  2. Egungo egoeraren diagnostikoa egitea, arloz arlo.
  3. Diagnostikotik abiatuta, gure herri proiektua osatzea.
  4. Datozen lau urteetako legealdian gauzagarri ikusten ditugun puntuak herri programan jaso eta udaletxean programa hori aurrera eramango duen taldea hautatzea.

Dagoeneko martxan

Maiatzeko Herri Batzarrarekin eman genion hasiera herri proiektua osatzeko prozesuari, eta aurkeztu genuen hortaz arduratuko den lantaldea ere. Arloz arlokako balantzea eta diagnostikoa egiteaz arduratuko diren taldeak osatuta ditugu eta talde bakoitzeko koordinatzailea zehaztuta. Hala, datozen hilabeteetan ahalik eta eragile eta herritar gehienekin egon nahi dugu beraien ekarpenak jaso ahal izateko. Prozesuan parte hartzeko interesa izanez gero, jarri gurekin harremanetan.

Koordinatzaileak arloz arlo: 

- Soziekonomia:  Ander Zarketa eta Leire Astigarraga.

- Politika Sozialak:  Iratxe Barruso eta Marilo Unzurrunzaga.

- Berdintasuna:  Irati Lete eta Alix Barbero.

- Hezkuntza:  Asier Lauzurika.

- Gazteria:  Amaiur Olalde eta Nahia Barrena. 

- Kultura eta  Euskara:  Asier Ugarte.

- Kirola:  Josune Odriozola eta Nerea Uriarte.

- Lurralde Antolaketa:  Lierni Altube eta Aitzol Gandiaga.

- Komunikazioa: Irati Goitia

- Koordinazioa:  Igor Tomé. 

 

Irakurri hemen Asier Ugarte eta Nerea Uriarteri egindako elkarrizketa herri proiektuaren inguruan.