EH Bilduren udal taldeak mozioa aurkeztu du gaurko osoko bilkuran Osakidetzako herrietako anbulatorioen itxieraren aurka eta eskatzeko Osasun Sistema Publikoa indartzea.
Hala, EH Bilduk salatu du Osasun Sistema Publikoan, Osakidetzan, gertatzen ari dena ez dela berria. Azken urteotan Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakien ondorio da:
- Etenik Gabeko Arreta Guneak itxi dira edo ordutegiak murriztu.
- Profesional gabezia agerikoa da. Profesional batek 45 kontsulta izaten ditu egunean. Egoera horretan ezinezkoa da pazienteei kalitatezko arreta bermatzea.
- Hainbat osasun etxetan zerbitzuak ixten edo murrizten ari dira.
- Aurrez aurreko kontsultak lortzea asko zaildu da eta atzerapenak areagotu dira.
- Adinekoen eta kronikoen jarraipenerako gero eta zailtasun gehiago daude.
- Osasun sustapena bertan behera geratzen joan da edo ez da behar bezala garatu.
Hau ez da pandemiaren errua. Murrizketak eta planifikazio eza, eta osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira. Atzerapausoak gero eta nabarmenagoak izan dira, bereziki 2018tik gaurdaino.
Errealitate horrek gurean ere badu bere isla: Oñatiko anbulatorioak pandemiaren aurretik, neguan 20:00ak arte eta udan 17:00ak arte ematen zuen zerbitzua, eta orain, murrizketen ostean, 17:00etara eta 15:00etara mugatzen da, hurrenez hurren. Horretaz gain, Arrasateko ospitaleko 4.unitatea itxiko da aurten ere, udaro bezala, eta horrek ebakuntzetarako itxaron-zerrenda luzatzea eragiten du.
Duela aste batzuk Gotzone Sagardui osasun sailburuak argi eta garbi esan zuen lehen arretako gune batzuk itxiko direla, eta horietako batzuetan soilik erizaintzako profesionalek artatuko gaituztela. Horrez gain, ospitaleen espezializazioan sakontzen jarraituko duela, eta kontsulta zehatz batzuk EAEko ospitale bakarrean eskainiko dira horren ondorioz.
Hori dela eta, Oñatiko udaleko udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio:
1.- Urte osoan zehar, uda sasoian barne, herri honetako osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak bermatu ditzala.
2.- Lehentasunez mediku egoiliarren kontratazio-eredua aldatu dezala, kontratu egonkorrak eta lehen arretan euren garapen profesionalerako ibilbidea ahalbidetuko dutenak bermatuz.
Halaber, gainerako osasun profesionalen kontratazio baldintzak hobetzeko xedearekin, aztertzea Osakidetzan kontratazio irizpideak aldatzea, beti ere egonkortasuna eta garapen profesionala sustatuz, horrela Osakidetza erakargarriago bilakatzeko eta indartzeko.
3.- Lehen Arretako eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun profesional kopurua handitu dezala. Diziplina anitzeko lantaldeak sortuz, non beste profil profesional batzuk txertatuko diren, hala nola geriatrak eta fisioterapeutak.
Bada, mozio honen aurrean, Oñatiko EAJko udal taldeak aurka bozkatu du eta mozio alternatiboa aurkeztu. Bertan Oñatiko jeltzaleek Osasun Sailari eskatzen diote, besteak beste: sistema publikoak urte osoan eskaintzen duen laguntza berma dezala, baita udaldian ere, edo kalitatezko enpleguaren aldeko apustua egin dezala. Uste dugu izugarrizko jarrera hipokrita dela Oñatiko EAJk erakutsi duena. EAJk Eusko Jaurlaritzan murrizketak besterik planteatzen ez dituenean eta oinarrizko eskubide baten aurkako erabakiak hartzen dituen bitartean, herri mailan, Osasun Sistema Publikoa indartzeko planteamenduak egitea, jarrera engainagarria eta itxuratia dela deritzogu. Azken batean, beraien alderdiaren eskuetan dago guztiok merezi dugun Osasun Sistema Publikoa bermatzea. Guztiok izan behar dugu kalitatezko arreta sanitario publikoa jasotzeko eskubidea eta hori bermatu beharko luke Jaurlaritzak.