AKTUALITATEA


| 2020-02-16 18:48:00

Zazpi hilabete igaro dira Oñatiko udal taldea aldatu zenetik -ekainaren 15ean izan zen kargu hartzea-. Eta orain artean egindakoarekin “pozik” azaldu da Izaro Elorza alkatea. Dagoeneko hasiak dira hainbat proiekturen aurre lanketarekin, eta gauzatu dituzte horietako batzuk ere. Horrez gain, aurreko agintalditik martxan ziren beste zenbait egitasmorekin ere badihardu Oñatiko Udalak -Kiroldegiaren eraberritzea, Natur Eskola birgaitzea, kaleko argiteria aldatzea eta jolas-parkeak egokitzea, besteren artean-.

Herritarrekin batera

Partaidetzari dagokionez, esaterako, egina dago Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren (HAPO) idazketarako parte-hartze prozesua. Zehatz esanda, herritarren ekarpenak jasotzeko zenbait saio antolatu dira, euren proposamenak planean txertatuz. Bestetik, lanketa sakonean murgildurik da Gobernantza eta Parte Hartze araudia. Bada, idatzia dago behin behineko dokumentua, herriko eragileekin kontrastatua eta haien ekarpenak jasota. Ekarpenok kontuan izanda idatziko da behin betiko dokumentua. Horrez gain, Partaidetzazko Aurrekontuetan jasotako eta bozkatutako zenbait proposamen gauzatu dira, hala nola, Munazategin zein Aiastui inguruan komunak jartzea (bigarren honen kasuan, komuna jarri aurreko lanetan ari dira), Olakuako kirol pistaren berritzea, gaikako sailkapenerako zaborrontzi berriak jartzea... Udalak landuak ditu beste hainbat proposamen eta epe motzean gauzatuko dira.

Lurralde antolamenduko hobekuntzak

Lurralde Antolamenduaren alorrean, anitzak izan dira gauzatutako egitasmoak. Besteak beste, argiteria berritu da herriko hainbat gunetan eta zebrabideetako ikus eremua zabaltzeko neurriak hartu dira. Hor daude Santa Marina, Zubillaga eta Portu plaza inguruko zebrabideak. Ostera, Oñatiko Udalak hainbat konponketa egiten dihardu landa eremuko auzoetan. Hainbaten artean, Duruaneko, Amiñoko, Andolatzako, Urrexolako Errotako eta Sta. Kurtz Errotako birgaitze lanak aipa daitezke, Ertzil-Etxebarriko edota Garbigunea eta Garagaltza Txiki arteko asfaltatze lanekin batera. Eta bukaera eman zaio San Lorentzo auzoko irisgarritasun lanen 9. faseari.

Horiez gain, ingurumenari loturiko ekimen ugari jarri dira martxan. Esaterako, anfibioendako putzua eraiki da auzolanean Belatxara-Urrutxu inguruan -anfibioendako arnasgune bihurtuko litzateke denborarekin-. Eta, hondakinen murrizketa astea oinarri, Trukegunea izeneko ekimena izan zen martxan azaro amaieratik urtarrila hasierara bitartean, egungo kontsumo ereduaren inguruko hausnarketa bultzatu guran -500dik gora truke egin ziren-. Gainera, Natur Eskolako birgaitze egitasmoarekin darrai udalak: 2. fasea esleituta, otsailean hasiko dira horri dagozkion lanak.

Berdintasunaren arloan urratsak sendotzen

Oñatiko Udalak arreta berezia dauka jarria berdintasunaren alorrean eta urrats sendoak emateko konbikzioz dihardu. Horren adibide da indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko berriki sinaturiko erakundeen arteko koordinazio protokoloa -Oñatiko Udalak, Osakidetzak eta Barne Sailak sinatu zuten protokoloa-. Finean, erasoa jasaten duenari erantzun integral bat ematea da helburua. Bestetik, segida eman zaio Selma Huxley Barkham bekari.

Herriko merkataritza babesteko neurriak

Sozioekonomia oinarri, herriko egoera ezagutu guran dabil Oñatiko Udala. Hori baliagarri izango zaio osteko urratsak zehazteko. Gauzak horrela, udal ordezkariek hainbat batzar izan dituzte herriko enpresa nagusiekin eta ostalaritza sektoreko zenbait kiderekin. Eta horretan geratu barik, herriko komertzioen garrantziaz eta haiek egun bizi duten egoeraz jakitun, martxan jarri du Merkataritza Biziberritzeko Plan Estrategikoa -herriko merkataritzarendiagnostikoa osatzeko informazioa jasotzen dabil orain-. Ostera, turismoko plan estrategikoaren diagnostiko faseari ere ekin dio Oñatiko Udalak.

Eskola Bidea eta Hurretik ekimenetan aurrerapausoak

Hezkuntzaren alorrean ere buru-belarri ari da udala. Hainbaten artean, urrats berriak emango ditu Eskola Bidea eta Hurretik ekimenetan. Lehenari dagokionez, aurrera begirako urratsak zehazten eta antolatzen dabil: bizikletaren eta patinetearen erabilerari buruzko datuak zein aholkuak biltzen dituen esku-orrien sorrera, ikastetxeei eskainiko litzaiekeen aholkularitza zerbitzua zehaztea, junta-lekuen erabileraren ebaluazioa, herriko lehen zein bigarren hezkuntzako ikasleen mugikortasun eta autonomia ohituren bilakaeraren ebaluazioa... Eta Hurretik egitasmoan ere izango da aurrerapausorik. Hainbaten artean, orain arte LH1 eta LH2 mailetako ikasleendako sortutako unitate didaktikoak txertatzeko, tutoretza zerbitzua izango dute herriko hiru ikastetxeek -unitate didaktikoak klasean lantzeko eta praktikan jartzeko argibideak emango dira bertan-. Bestetik, zortzi unitate didaktiko berri landuko dira, LH3 eta LH6 maila arteko ikasleendako. Era berean, herriko ikastetxeen arteko ekintza bateratuak bultzatzen darrai Oñatiko Udalak. Horren adibide Ostegun Gizenari lotuta otsailaren 20rako antolaturik ekintza bateratua.

Era berean, Oñatiko Udalak erdigunean du haurren eta gazteriaren alorra. Hainbaten artean, arreta berezia dauka jarria haur eta gaztetxoek darabiltzaten zerbitzuetan: Gaztelekua (Sotoa, Kuboa eta Topalekua), Txaloka Ludoteka... Finean, aipaturikoek eragina dute erabiltzaileen egunerokoan. Hala, parte-hartzean oinarrituriko eredua bultzatzen segitzen dute zerbitzuok, erabiltzaileen autonomiarendako aberasgarri liratekeen dinamikak diseinatuz eta abiaraziz. Bestetik, herriko neska-mutiko guztien integrazioa bermatzeko bitarteko litzatekeen planteamendua diseinatzen dihardu udalak. Eta berriki inauguratu du Txaloka Ludoteka, hainbat hilabete iraun dituen obraren ostean -gaur-gaurkoz, egoitza egokitua dago heziketa eredu berritzaileen beharretara-.

Emantzipaziorako laguntzak

Aurrekoez aparte, gazteen emantzipazioarendako lagungarri litzatekeen egitasmoak lantzen ari da udala. Besteak beste, hasia da emantzipazio diru-laguntzen oinarriak egungo egoerara eta beharretara egokitzeko lanketarekin. Eta horretan geratu barik, emantzipaziorako bestelako egitasmoak aztertzeari ekin dio. Bestetik, herriko ikasleendako ikasketa guneen eskaintza zabaltzekoa lanean ari da.

Gizartearekin konprometituta

Gizarte zerbitzuei dagokienean, ostera, anitzak dira landutako egitasmoak. Horien artean da drogen kontsumoaren prebentzioari loturik, herriko ikastetxeetarako eta guraso eskoletarako martxan jarri den programa -hitzaldiak, saio informatiboak...-. Bestetik, udalak hitzarmen berria sinatu du herriko elikagai bankuarekin -Oñatiko Udalak, ACESMAk, Elkarzabalek eta CEARrek sinatu dute hitzarmena-. Gainera, segida eman zio nagusien ahalduntzea sustatzen duen Bizipoz programari.

Herri euskalduna

Euskararen alorrean ere aipatu beharreko hainbat egitasmo izan dira legealdian. Batetik, lehen fasean egindako aurkeztu ostean, abian da Ingo xonau ekimenaren bigarren fasea. Hain zuzen ere, oñatiarren noka berreskuratzea da helburua, eta herritar ugarik dihardute horretan. Bestetik, aurreko urteko bideari segida emanez, Oñatiko Udalak bat egin du 2020ko Euskaraldiarekin -Euskararen Egunean aurkeztu zen harekin bat egiteko udalaren zein herritarren konpromisoa-. Era berean, euskarari zein kulturari loturiko herriko hainbat egoitza margotu dira: euskaltegia, kultura etxearen kanpoaldea eta kultura etxeko erakusketa gela.

Kiroldegiko lanak martxan

Kirolean ere izan da -eta izango da- zereginik. Esan gabe doa kiroldegiko obren eguneroko jarraipenean eta hark herritarrengan izan ditzakeen eraginak leuntzeko neurriak hartzen jardun duela Oñatiko Udalak orain artean -Eltziako kiroldegiaren irekiera, Debagoieneko Mugiment kirol txartela...-. Baina hortik harago, izan dira beste hainbat egitasmo. Besteren artean, Oñatiko Udalak urrats emankorrak ematen dihardu Eskola Kirola eta POZ egitasmoen baitan, beti ere, herritarrekin eta hainbat eragilerekin elkarlanean.