AKTUALITATEA


| 2020-07-04 12:48:00

1. Zein balantze egiten duzu legealdiaz?

Lau urte galdu dira. Herri honek ez du aurrera egin estatusaren eztabaidan, arlo ekonomiko eta industrialean, herritarren ongizatean eta hezkuntzan. Aurrera begira ditugun erronka estrategiko nagusiei ez zaie erantzunik eman.

2. Nola baloratzen duzu Urkulluren gobernuaren azken lau urteetako lana?

Urkulluk 2016an ezarritako helburuak ez ditu bete. Inertziaz, pilotu automatikoarekin jardun du Urkulluren gobernuak, eskema zaharkituekin, errealitateari aurre egiteko proposamen berritzaileak egiteko ezintasunez. Gobernu gisa sinesgarritasuna galdu du. Osakidetzako OPEaren inguruan Osasun kontseilari batek eta lau kidek dimisioa eman behar izan dute, De Miguel kasuak ere bete betean jo du... Gobernatzeko modu ilun horiek argitara eman dira. Iritzi publikoaren aurrean ahulduta atera da Iñigo Urkulluren kudeaketa eredua eta modua; ahultasun horrek eragin du Urkulluk hauteskundeak sei hilabete aurreratzea.

3. Nola bizi izan duzue oposiziotik lan egitea? Zeintzuk izan dira zuen lehentasunak?

Urkulluk gehiengo absolutua izango balu bezala jardun du, gutxiengoan egon den arren. Halere, 1.200 €ko gutxieneko soldataren proposamena bideratu genuen, pentsiodunak 1.080 €tara osagarritzekoa, trantsizio energetikorako eta aldaketa klimatikoaren aurka egiteko planteamenduak, sektore zaurgarriak babestekoa, feminismotik egindako proposamen andana (indarkeria matxista, zaintza...), etab. Lehentasuna, jendarteare ongizatea eta babes maila hobetzea izan da.

4-Podemosek dio eskubide sozialak lehenetsi behar direla. EH Bilduk, berriz, eskumenetan jartzen du arreta, ez baitio zentzurik ikusten eskubide sozialak zerrendatzeari, haiek babestu eta blindatzeko eskumenik ez badago. EAJren formula, aitzitik, bestelakoa da: Espainiarekin akordioak bilatzen ditu haustura formularik onartu gabe. Nola baloratzen dituzu bi jarrera hauek?

Podemosekin arlo sozialean gauza askotan egin dugu bat. Alderdi Sozialista ez da EAJrengandik inongo momentutan bereizi ezkerreko politikak defendatzeko eta horrek herritar eta langileengan ondorio eskasak izan ditu; pena bat izan da. EAJ batzuen klase interesak defendatzen aritu da modu lotsagabean: AHT bezalako azpiegitura erraldoiak lehenetsi ditu gure alargun, gazte eta sektore prekarizatuei bizkar emanez.

5. Estatus Berriaren gaineko eztabaida izan da legealdi honetako gai zentraletako bat. Zer espero zenuten ateratzea bertatik? Nola baloratzen duzue EAJk eta Podemosek azken momentuan egindako biraketa?

Estatus Berriak suposatzen zuen herri honek bere erabakiak hartzeko duen eskubidean sakontzea. EAJk hasiera batean adostasuna erakutsi bazuen ere, gero, testua idazterakoan argi erakutsi zuen eroso zegoela autonomismoan; hots, hemen agindu eta Espainiatik tarteka trenerako inbertsioak edo errepide zatiak ekarriz. Podemos hasieratik bereizi zen eta argi utzi zuen herritarrok erabakitzeko printzipio demokratikoaren gainetik, Espainiar proiektua defendatzen duela.

Aukera galdu bat izan da. Hala ere, guk lege testu bat proposatu genuen eta eztabaida hori eman beharko da. Herritarren ispiluaren aurrean jarri beharko dira lehenago edo beranduago, eta garbi esan zer den defendatzen dutena.

6. Euskal Herriko gehiengo sozialak eta sindikalak greba orokorra deitu zuen urtarrilaren 30ean, eta EH Bildu izan zen deialdi horrekin bat egin zuen alderdi politiko bakarra. Zein izan zen zuen irakurketa?

Hemen badagoela jendartearen gehiengo bat herritarron bizitzak erdigunean jarri eta beste politika batzuk behar direla aldarrikatzen duena, bai arlo sindikalean eta baita sozialean ere (mugimendu feminista, pentsionistak, etab.). Horrek oraindik ez du translaziorik izan gehiengo parlamentarioetan, baina, herri honek badu indarra datorren uzkurtze ekonomikoaren aurrean ez kikiltzeko; hunkigarria izan zen jendetza kaleetan ikustea. Ez genuen zalantzarik gehiengo horrek defendatzen dituen interesak legitimoak direla eta guk ere babestu behar genituela. Ulertezina izan zen Elkarrekin Podemosek, Eusko Jaurlaritzari aurrekontuak onartuz argazkian azkar atera zenak, herritar sektore horiekin bat egin ez izatea.

7. Aipaturiko herri sektoreen artean, azken urteetan pentsionisten borrokak indar handia hartu du. EH Bilduk haiekin bat egin zuen 1.080 €ko gutxieneko pentsioen aldarrikapenean. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzari pentsioak osatzeko eskatu zenioten, baina, ezezko borobila jaso zenuten...

Haiek esplikatu beharko dute zergatik nahiago duten gure herrikide asko miseriazko prestazioekin bizitzea eta zementuan inbertitzea, hemen badagoenean gaitasun ekonomiko nahikorik euskal herritar guztiok bizitza duin bat izateko. Tristea da herrikideekiko halako enpatia falta ikustea.

8. Agintaldiaren azken txanpan, jada hauteskundeak deituta zeudela, Covid-19ren pandemia etorri zen eta guztia hankaz gora jarri zuen. Auzi horrek ere eman du zeresana. EH Bildutik kritiko agertu zarete Urkulluren gobernuak egin duen kudeaketarekin, zer dela eta?

Pandemiak argi erakutsi du Urkulluk gauzak ondo doazenean pilotu automatikoa jarri duela eta gauzak okertzen hasi direnean berak eraikitako sistema publikoa ahula zela. Osasun sistema ez genuen prestatua azken urteetan Osakidetzan egindako murrizketen ondorioz, adinekoen egoitza pribatuetan gertatutakoa eskandalagarria da, autonomoen laguntzen sistema informatikoa minutu batean kolapsatu zen, hezkuntza sistemarentzat ez du proposamen egokirik egin... Finean, garbi geratu da gobernu batek lehentasunak non jarri behar dituen eta Europako herrialde aurreratuekin konparatuta, gure sistema publikoa oso ahula dela. Argi dago gure autonomia de quita y pon dela, nahikoa izan baita alarma egoera dekretatzea erabaki guztiak Madrilen hartzeko. Horrez gain, informazioa eskasa eta desegokia izan da eta Urkulluk ez du behin ere telefonoa altxatu gainerako alderdiekin hitz egin eta guztion artean erabakiak hartzeko.

9. Orain, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde berri batzuk ditugu parez pare. Zergatik bozkatu EH Bildu?

Ziurgabetasun garaiak datoz. Pandemiaren eboluzioa ikusteke dago. Jende askok bere lana galduko du; merkatariak eta ostalariak ateak ixten ari dira, adibidez. Honi guztiari aurre egiteko erabaki politikoak hartu behar dira eta gure herritarrak, enpresak eta familiak erreskatatu behar dira. Erantzun berriak beharko dira, urgentziazkoak eta epe erdian ataka honetatik ateratzekoak. EH Bilduk badu plan bat, anbizioz egindako plan bat, ziurgabetasunak eragindako galdera horiei guztiei modu eraginkorrean erantzuten diena. Etorkizunari aurre egiteko errezeta zaharrek ez dute balio, gauzak modu berdinean eginda ez direlako bestelako emaitzak lortzen. Guk jendearekin eta jendearentzat kudeatuko duen gobernua ordezkatuko dugu.

10. Maddalen Iriarte lehendakarigaia gertutik ezagutzen duzu dagoeneko. Nola definituko zenuke?

Maddalenek herriarekiko konpromisoagatik egin zuen politikagintzara jauzi, bere bizitza konponduta bazuen ere. Emakume kementsua da, ingurukoak zaintzen dakiena eta herri hau gidatuko lukeen líder aparta. Asko maite eta miresten dudan lankidea da.

ZALDIBAR

Zaldibarko zabortegian gertatutakoa istripu bezala irudikatzen saiatu da Eusko Jaurlaritza lehenengo momentutik, baina zuek horren atzean kudeaketa eredu oso bat dagoela nabarmendu duzue behin eta berriro. Zein da EH Bilduren irakurketa gertaera horren inguruan?

Europak berak ere iragarri du ikerketa, irregulartasun zantzu larriak daudelako. Gauza serioen kudeaketa esku pribatuetan uztearen ondorioa da. Labur esanda, enpresek diru etekina bilatzen dute eta edozer sartu dute zabortegi horretan. Jaurlaritzak ez du zabortegi horren eta antzekoen inongo kontrolik egin, gainera. Bi gorpu daude oraindik lurperatuta eta Jaurlaritzak ez du familiekiko sentsibilitaterik erakutsi, ezta ardurarik hartu nahi izan ere. Eta noski, ez du aurrerantzean kontrola egoteko eta zabortegi industrialak modu publikoan kudeatzeko borondaterik erakutsi, guk hala eskatu badiogu ere.

EITB

Legebiltzarrera hainbat hausnarketa eta eztabaida eramaten saiatu zarete. Horietako bat telebista publikoari dagokiona da. Zer proposatzen zenuten, zehazki?

Kalitatezko telebista publikoa. Oso baxuak dira euskarazko kateko audientzia datuak eta hor ikusten da, kasu honetan ere, inertzia bat badagoela eta ez dela telebista publikoa hobetzeko interbentziorik egin. Horrez gain, telebista publiko batek izan behar duen neutraltasun eta informazio aniztasun printzipioak modu lotsagabean hausten dira egunero; ikusi besterik ez dago azken hilabeteetan nola bilakatu diren albistegiak EAJren berri-emankizun korporatiboak inongo disimulurik gabe. Ikuspegi demokratiko batetik hori onartezina da.

GATAZKAREN KONPONBIDEA

EH Bilduren lehentasunetako bat Euskal Herriak azken urteetan bizi izan duen gatazka armatuaren zikloa itxi eta herri hau aurrera begira jartzea da. Horrek, nahitaez, biktima guztien aitortza, eta preso eta iheslarien etxeratzea eskatzen du. Zertan aurreratu da legealdi honetan?

Biktimen errekonozimenduan adostasun handiak lortu dira, nahiz eta, Alderdi Popularrak nahiago duen iraganeko diskurtsoetan geldi egon. Euskal presoek bide legalei ekitea iragarri zuten, baina espainiar Estatuaren partetik garbi dago oraindik salbuespen legedia aplikatzen zaiela. Hala, 70 urtetik gorako presoak edo gaixorik daudenak, hau da, kalean egon behar luketenak, oraindik espetxean daude. Hemengo alderdi guztiek, PPk izan ezik, babestu dituzte ekimen batzuk legebiltzarrean; alabaina, determinazio gutxi erakutsi dute ekimen horien betearazpenean. Faltan bota dut Iñigo Urkulluren esku-hartze irmoagoa preso guztien giza eskubideen defentsan. Espetxe eskumenaren transferentziari dagokionez ere, bazirudien legegintzaldi honetan gauzatuko zela, baina, Jaurlaritzak ez du behar adinako presiorik egin, beste behin ere.